Arte eszenikoak

Giza haragia dastatzen duen kritikari gastronomiko bat, antzerkia, malabarak eta batez ere dantza taularatuko ditu aurtengo Dferiak

Martxoaren 16tik 20ra bitarte egingo dute arte eszenikoei zuzendutako festibala, Donostian. Dantza ikuskizunak izango dira ugarienak, baina antzerkiarentzat zein zirkuarentzat ere egongo da tokia.

Zirkuss konpainiaren 'Sustrai' ikuskizunaren irudi bat. DFERIA
Zirkuss konpainiaren 'Sustrai' ikuskizunaren irudi bat. DFERIA
Amaia Jimenez Larrea.
2025eko otsailaren 5a
16:58
Entzun

Esplotazioa: hori izango da aurtengo dFeriaren leloa. Gaur jakinarazi dute antolatzaileek zer gai izango duen ardatz XXI. aldiak, bai eta jaialdia noiz egingo duten ere: martxoaren 16tik 20ra izango da, hain justu. Donostiako zenbait antzoki Euskal Herriko eta munduko konpainia artistikoen aterpe izango dira egun horietan. Aurten, esaterako, Alemania, Austria eta Suitza izango dira herrialde gonbidatuak.

Orotara, 33 konpainiaren 34 ikuskizun hartuko ditu aurtengo dFeriak. Horien erdiak baina apur bat gutxiago dantza ikuskizunak izango dira, hamalau hain zuzen, eta ia beste horrenbeste antzerki lan izango dira, hamahiru. Lau zirku emanaldi ere antolatuko dituzte, eta zenbait diziplina uztartzen dituzten hiru saio. Atzerriko konpainiei dagokienez, besteak beste, Italiatik, Argentinatik, Uruguaitik, Errusiatik eta Kolonbiatik etorritakoak izango dira.

Gazteleraz izango dira emanaldietako asko, bai eta hitzik gabekoak ere. Eta, programan zehaztutakoaren arabera, euskara hutsezko hiru obra izango egitarauak: La Dramatica Errante konpainiaren Adiorik ez, Pikor Teatroaren RedNUDES eta Zirkuss konpainiaren Sustrai.

Emanaldietarako sarrerak bihar bertan jarriko dituzte salgai, 11:30etik aurrera. DFeriaren webgunean eta Viktoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan egongo dira eskuragarri. Antolatzaileek esan dutenez, otsailaren 16ra arte aldez aurretik erositako sarrerek «deskontu bereziak» izango dituzte.

Zirkua jaialdia hasteko

Festibala hasi baino egun bat lehenago egingo dute inaugurazio ekitaldia: martxoaren 15ean. Aurtengo herrialde gonbidatuetako bati eman diote ekitaldi horretan parte hartzeko aukera. Suitzako Martin Zimmermann koreografoaren Danse Macabre zirku ikuskizuna eskainiko dute. Viktoria Eugenian izango da ekitaldia, 19:30ean. Arau sozialetatik aldendu eta une eta leku berean dauden hiru pertsonaia «tragikomiko» dira ikuskizunaren erdigunea. Infernu tankera ematen dio Zimmermannek eszenatokiari, eta, bertan, protagonistak euren bizitzak berregiten saiatuko dira. Umorea izango da haien laguntza bakarra.

Twenty Toes izango da dFerian ikusi ahal izango den beste zirku ikuskizunetako bat. Roxana Kuewen artista alemaniarraren malabar ikuskizuna izango da. Emanaldi laburra izango da —hamabost minutukoa—, eta Tabakalerako patioan eskainiko dute, martxoaren 17an.

Zirkuss euskal konpainiak Sustrai taularatuko du, martxoaren 20an, Viktoria Eugenia antzokian. Zirkua eta arte plastikoak elkartzen dituen mundu bat proposatzen dute Zirkusseko kideek, «istorioz eta mugimenduz betetako» gorputz hutsak sortuz.

Euskal dantzak eta inprobisazioa

Dantzari dagokionez, Amaia Elizaran dantzariak Neonymus musikariarekin batera osatutako Iraun proiektua eramango du jaialdiak Donostiara. Inprobisazioari estuki lotuta dago Iraun, eta, beraz, ez dago emanaldiak errepikatzerik. Pieza laburra da, eta beste bi piezarekin batera eskainiko dute: Dual eta After The Drop izenekoekin, hain zuzen. Viktoria Eugeniako dantza aretoan ikusi ahal izango dira emanaldiok, martxoaren 18an eta 19an.

Euskal dantzak inspiraziotzat hartuta sortutako ikuskizuna da Ots, Haatik dantza konpainiaren lana. Herri Gogoa zigilu diskografikoaren —Euskal Herriko lehena izan zen— inguruan sortutako mugimendu kulturala berrinterpretatzeko asmoz sortu zen proiektua. Martxoaren 20an izango da saioa, 11:15ean, Egia auzoko Gasteszena aretoan.

Erabateko estreinaldiak

Festibalean eskainiko diren ikuskizun asko eta asko estreinaldiak izango dira; are, erabateko estreinaldiak izango dira batzuk. Pikor Teatroren RedNUDES antzezlana izango da horietako bat. Sexu indarkeria digitalen inguruko obra bat da, eta hezkuntzaren munduan haren bueltako hausnarketak sortzea du helburu. Intxaurrondo kultur etxean oholtzaratuko dute lehenengoz, martxoaren 17an.

Exquisito da Els Marquesets konpainia kataluniarraren lan berria. Eta, egileen esanetan, «moraltasunaren mugak aztertzeko» asmoz sortu dute. Victor izeneko sukaldari bat da protagonista. Behin, kritikari gastronomiko batek proposamen arraro bat egin, eta hark onartu egiten du: giza haragiaren dastaketa batean parte hartzea. Martxoaren 18an eta 19an izango dira saioak, Imanol Larzabal aretoan, gaztelaniaz.

Gainerako emanaldien eta programazio osoaren informazio xehea www.dferia.eus webgunean aurki daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.