Musika

Joseba Irazoki: «Gitarrista naiz, kantu formatuko lanak egiten ditut, baina ezinbestekoa zait lan esperimentalak egitea»

Musikariak 23 pistaz ostutako albuma kaleratu du: ‘Gitarra Lekeitioak (Onomatopeikoa II)’. Era berean, Londreseko Cafe OTO diskoetxeak digitalki argitaratu dio lana. 2017an ‘Gitarra Onomatopeikoa’ diskoarekin hasi zuen bideari jarraitu dio.

Joseba Irazoki musikaria, atzean gitarra bat zintzilik duela. GUILLAUME FAUVEAU
Joseba Irazoki musikaria, atzean gitarra bat zintzilik duela. GUILLAUME FAUVEAU
Garazi Karrera
2025eko urtarrilaren 26a
04:00
Entzun

Gitarra disko bat kaleratu du Joseba Irazokik (Bera, Nafarroa, 1974). Gitarrista ezaguna da, eta hainbat musika taldetan jotzen du, tartean, Atom Rhumba. Gainera, besteak beste, Duncan Dhu, Mikel Erentxun eta Nacho Vegasekin ere jotzen du. 2004. urtean, bakarkako proiektu bat abiatu zuen, eta, 2017an, bere musika tresnarekin egindako hainbat esperimentazio saio bildu zituen Gitarra Onomatopeikoa diskoan. Ildo bereko bigarren lana kaleratu du orain, tituluan Mikel Laboaren lan esperimentalei keinu eginez: Gitarra Lekeitioak (Onomatopeikoa II). Dioenez, ez da gauza bera disko hori entzutea, edo disko horretako kantak zuzenean nola jotzen dituen bizitzea. Haren arabera, orduan hasten da entzulea musikariak gitarra jotzeko duen kontzeptu «berria» ulertzen.

«Jendearen gustura baino gehiago, garapen pertsonalera bideratu dut proiektua», argitu du Irazokik. Gitarrarekin «bide berriak» bilatzen segitu du musikariak, «ahots propioa» lantzen saiatuz eta unean uneko konposizioaren teknika erabiliz. Honela azaldu du sormen prozesua: «Melodia batzuen baitan hasi naiz inprobisatzen; hau da, ez da zerotik hasitako lana. Melodia horiek egituratzean, aldaketa bat sortzen da, eta, horrenbestez, doinu berriak sortzen dira». Irazokirentzat garrantzitsua da unean bertan sortutakoa: «Errepikaezina da momentuan sortutako magia».

Gitarra Onomatopeikoa (Mascarpone Discos, 2017) lanarekin hasi zuen bidea Irazokik, baina oraingoa bestelako lan bat dela uste du. Bigarren disko horretan, gitarraren soinua «gehiago garatu» nahi izan duela azaldu du. «Ez nituen pistak kantu formatuan kaleratu, ez baitira pista itxiak. Erdibideko zerbait da: ez da lehen diskoan aurki daitekeen inprobisazio purua, ezta kantu disko bat ere». Hortaz, bigarren lana melodikoagoa dela adierazi du, eta, lehena, abstraktuagoa.

«Melodia batzuen baitan hasi naiz inprobisatzen; hau da, ez da zerotik hasitako lana. Melodia horiek egituratzean, aldaketa bat sortzen da, eta, horrenbestez, doinu berriak sortzen dira»

JOSEBA IRAZOKIMusikaria

Bestalde, diskoa Mikel Laboa musikariari eskaini dio Irazokik: «Lehenengo diskoak Onomatopeiak izenburua du, eta hitz hori Laboarekin lotzen dut. Orduan, pentsatu nuen: 'Zergatik ez egin omenalditxo bat Laboari'. Izan ere, gitarraren hotsak onomatopeia batzuen antzera irudikatzen ditut». Bide berean, euskal musikarekin ere lotu nahi izan du lana.

22+1 pista

Irazokiren arabera, disko instrumentaletako pistak izendatzea ez da lan makala. «Gai bat jorratu ahal duzu, eta lan kontzeptual bat egin, baina, oraingo honetan, ez nuen hori pentsatua. Ideia nagusia onomatopeiak izan direnez, ez nuen izenburu jakinik ezarri nahi, eta jolas moduan hartu dut pistak izendatzeko lana». Hona hemen jolas horretatik irtendako zenbait titulu: RO276, E, FB, 396267, 3KO, ONCE, RO1619, ORKA, 6465, OAM...

Orotara, 23 pistek osatzen dute diskoa. Horiek guztiak musikariak konposatu ditu, Cheshire Hotel izan ezik, Noel Akchote Sazem artistaren sorkuntza baita. «Kantua izugarri gustatu zitzaidan, eta nire bertsio propioa egiteko baimena eskatu nion».

Oraingoan kanpoan geratu diren pista guztiekin beste lan bat kaleratzeko asmoa ere iragarri du Irazokik, eta udaberrirako prest izango duela espero du. «Disko honen B aldea izango da. Ez dakit fisikoan egingo dudan, baina bederen streaming moduan argitaratu nahiko nuke». Eta, zehaztu duenez, disko horretan parte hartuko du Sazemek ere. Irazokik gonbidapena egin, eta hark onartu egin baitu proposamena.

Miretsitako artistekin bat

Sazem artistarena ez ezik, beste bi musikariren parte hartzea ere izan du Irazokik diskoan: Rapahel Roginski eta Rhodri Daviesena, hain zuzen ere. Batarekin zein bestearekin, instrumentua jotzeko teknikak erakarrita hasi zen haien arteko hartu-emana.

Irazokik Instagrametik idatzi zion mezua lehenari, gitarra jotzeko zuen «abilezia» ezagutu nahian. Mezu batek beste bat ekarri ohi duen moduan, hainbat kontzertu lotu zizkion Irazokik Roginskiri. Hura Bartzelonara gerturatuko zela baliatuz, Euskal Herrian bira txiki bat antolatu zuten. Irazoki: «Horrela sortu zen gure arteko harremana; horren ondoren esan nion niretzat ohorea izango litzatekeela diskoan haren parte hartzea izatea, eta lortu nuen».

Gauza bera jazo zitzaion Davies harpa jotzailearekin. «Harpa sokazko musika tresna da, eta azken urteetan askotan entzun dut Daviesen musika. Neurri batean, hark harpa jotzeko duen modu hori gitarrara eramaten saiatu naiz». Bien arteko lana «berezia» izan dela azaldu du Irazokik; Davisen teknikak ikasten hasi zen, eta beste bide batzuekin egin du topo.

Denbora lagun

Irazokik azaldu duenez, oro har, musikariak etengabeko bilaketa batean dabiltza: «Ni gitarrista naiz, kantu formatuko lanak egiten ditut, baina gitarraren funtzioak ahalik eta ondoen ezagutzen jarraitzeko, ezinbestekoa da niretzat horrelako lan esperimentalak eta ikerkuntzak egitea». Lehen lanaren ostean, bazekien beste bat etorriko zela atzetik, baina ez du horretarako abagunerik topatu gaur arte. Batetik bestera ibili da lagunartean kontzertuak ematen; Nacho Vegasekin zuzeneko emanaldietan, adibidez. «Banekien neguan nahiko lasai ibiliko nintzela, eta horregatik atzeratu dut bigarren diskoaren argitalpena. Lasai-lasai egin dut diskoa etxean. Gehiago izan da denbora kontua beharra baino».

«Batzuetan uste duzu hitzik edo kanturik ez duen diskoa txikiagoa dela, baina jaso ditudan erantzunak ikusita, esan daiteke orain arte gitarrarekin soilik egin dudan lanik osoena dela»

JOSEBA IRAZOKIMusikaria

Zazpi hilabete igaro ditu Irazokik abestiak grabatzen Eztegarako etxeko estudioan, Beran. Nahasketak Iñigo Irazokik egin ditu, Atala estudioetan; masterizazioa, berriz, Estanis Elortzaren esku egon da, Dr. Master estudioan. Horiez gain, Ramon Zabalegi aritu da diseinu lanetan.

Txikitasunean handi

Diskografia luze eta zabala du Irazokik, 2001az geroztik hogei diskotik gora egin baititu. Guztiekin jaso du fruitua, baina azken argitalpenarekin mundu mailan leku bat aurkitu duela sentitzen du: «Diskoa Euskal Herritik kanpo mugitzen saiatu naiz, eta erantzun ona jaso dut musika esperimentalaren zirkuituan». Horren erakusgarri da Cafe OTO Londresko kultura eta musikagune ospetsuak haren lana digitalki kaleratu izana. «Musika esperimentalaren, inprobisatuaren eta abangoardiakoaren epizentrotzat hartzen den erreferentzia garrantzitsua da, eta, horri esker, mundu mailan izen handia duten artisten aldetik oso feedback ona jaso dut».

Irazokik espero ez zuen arren, diskoak «sona handia» eskuratu du mundu mailan; esaterako, Japonian kaseteetan argitaratuko dute musikariaren lan berria. «Batzuetan uste duzu hitzik edo kanturik ez duen diskoa txikiagoa dela, baina jaso ditudan erantzunak ikusita, esan daiteke orain arte gitarrarekin soilik egin dudan lanik osoena dela».

Kontzertuak

Irazoki dagoeneko hasia da Euskal Herriko zenbait txokotan kontzertuak ematen, eta, datozenei erreparatuz, otsailaren 22an Berrizko (Bizkaia) kultur etxean izango da. Horren ondotik etorriko dira Donostiako, Bilboko eta Lekeitioko (Bizkaia) kontzertuak, besteak beste. Euskal Herritik kanpo ere antolatu du bira, eta, Espainian ez ezik, Erresuma Batuan ere ibiliko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.