75. Musika Hamabostaldia. Aitor Ukar. Duo 2028 taldeko kidea

«Gitarraren indarra eta garrantzia erakutsi nahi dugu kontzertuan»

Musika klasikoa ahalik eta jende gehienari iritsaraztea nahi dute Duo 2028 taldea osatzen duten bi gitarristek, Maria Villanuevak eta Aitor Ukarrek. Interprete Gazteen Zikloan ariko dira gaur, Miramarren

Aitor Ukar eta Maria Villanueva, Duo 2028 taldekoak. ARTURO PALENZUELA.
Donostia
2014ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Interprete berrien zikloaren barruan, Duo 2028 gitarra bikoteak Impresiones íntimas: música iberoamericana para dos guitarras kontzertua emango du gaur Donostian,19:00etan, Miramar jauregian. Aitor Ukarrek eta Maria Villanuevak osatzen dute Duo 2028 gitarra bikotea. Aitor Ukarrek (Donostia, 1989) Musikenen ikasi du; duela bi urte amaitu zituen ikasketak. Maria Villanuevak (Vigo, Galizia, 1987), berriz, Vigoko Goi Mailako Muska Eskolan ikasi du. Ikastaro batean ezagutu zuten elkar, eta ordutik elkarrekin jotzendabiltza. Gaur egun, Bernan bizi dira biak, Suitzan, eta masterra ari dira egiten han.

Zer esanahi du zuentzat Musika Hamabostaldian kontzertu bat eskaintzeak?

Hamabostaldian jotzeak, edo maila bereko jaialdi batean, esanahi handia du guretzat. Oihartzun handia dute halakoek, eta ikuspegi handiak dira, jende askorengana iristeko modua. Hala, hemendik ere beste hainbat proiektu sor daitezke. Era berean, esperientzia berria da. Komunikabideen aurrean azaltzera ere ez gaude ohituak.

Gitarraren alderdirik intimoena azaltzeko asmoa duzue kontzertu honetan.

Bai. Normalean, musika klasikoa azaltzen duten jaialdietan, gitarrak ez du funtzio garrantzitsurik. Hamabostaldian, gainera, gitarrarekin ariko garen bakarrak garela uste dut. Orduan, gitarraren indarra eta garrantzia erakutsi nahi dugu kontzertuan. Izan ere, gure ustez, gitarrak duen berezkotasun hori beste instrumentuetan aurkitzea oso zaila da, eta berezitasun hori indarrez azaldu nahi dugu.

Eta zer dela-eta musika iberoamerikarra?

Gitarrarako oso ondo egokitzenden musika da hau; bai espainiarra, eta baita hegoamerikarra ere. Jotzen ditugun abesti espainiarrak ez dira gitarrarako eginak izan —pare bat pianorakokonposatu dira, eta beste bat opera zati bat da—, eta guk moldatu behar izan ditugu. Hego Amerikarrari dagokionez, Astor Piazzolla argentinarraren hiru tangoeta Leo Brouwer konpositore kubatarraren lan batzuk joko ditugu. Azken horiek ez ditugu moldatu behar izan; originalak dira, eta primeran egiten dute bat gitarrarekin. Gitarraren baliabide ugari ateratzen dira lan hauekin. Gitarraren indarra goraipatzeko hautatu ditugu lan hauek.

Zer helbururekin sortu zenuten bikotea?

Musika ezberdina jotzeko ideiarekin sortu genuen. Biak gaude musika garaikidean, inprobisatuan eta herrikoian interesatuak, eta hori goraipatu nahi dugu, betiere gure erara moldatuta. Ez zaizkigu idatzitako obrak gustatzen soilik; inprobisazioak eta moldaketak egitea ere gustatzen zaigu.

Eta nondik dator 2028 izena?

Askok galdetu digute gauza bera. Badu bere esanahia, baina norberak bere hipotesiak atera ditzan nahi dugu, eta istorio asko sortu dira horrela. Batzuek apokalipsia gertatuko den urtearekin lotu dute,beste batzuek gure adinen gehiketarekin... Guk sekretuan gorde dugu gure esanahia. Izan ere, polita da besteen hipotesiek nora bideratzen gaituzten jakitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.