Euskal kantugintza

Gida didaktiko bat aurkeztu dute, euskal musika Gipuzkoako gazteei ezagutarazteko asmoz

'Gora euskal kantugintza' du izena proiektuak, eta Kultura Eskola programaren barruan kokatu dute. Mikel Markez eta Pako Aristi dira bultzatzaileak, eta 12 eta 16 urte bitarteko Gipuzkoako gazteentzat da.

Pako Aristi, Goizane Alvarez eta Mikel Markez, 'Gora euskal kantugintza' gidaren aurkezpenean. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Pako Aristi, Goizane Alvarez eta Mikel Markez, 'Gora euskal kantugintza' gidaren aurkezpenean. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Beñat Mujika Telleria.
2025eko otsailaren 20a
15:30
Entzun

Gora euskal kantugintza proiektua aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, 12 eta 16 urte bitarteko nerabeen artean euskal musika eta kultura ondarea ezagutarazteko asmoz. Gida didaktiko bat da, eta eskuragarri dago jada Kultura Eskolaren katalogoan. Izan ere, programa horren barruan kokatu dute. Mikel Markez abeslaria eta Pako Aristi idazlea dira proiektuaren sortzaileak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean aritu dira. Donostian egindako prentsaurreko batean aurkeztu dute gida, eta, sortzaileez gain, bertan izan da Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatua.

Gida didaktikoak ibilbide luzea egiten du euskal musikaren historian zehar. Bereterretxen kanthoria-rekin hasi, eta gaur egungo Izaro, Zetak eta Olatz Salvador artistengana iritsi arteko bidaia hamalau ataletan antolatuta ageri da. Horietan, hainbat gai aztertzen dira: besteak beste, abesti tradizionalak, Ez Dok Amairuren sorrera, euskal rock erradikalaren gorakada, literaturaren eragina, bertsolaritza, eta plataforma digitalen eta sare sozialen inpaktua.

Atal bakoitzak ikasleen «ikaskuntza aktiboa eta gogoetatsua» sustatzeko diseinatutako jarduerak eta galdetegiak biltzen ditu amaieran. Baita garai bakoitzeko zenbait abestiren hitzak ere.

Sortzaileak sorkuntzan

Mikel Markez eta Pako Aristi sortzaileak arduratu dira gida egiteaz, eta prentsaurrekoan bertan nabarmendu dute ikasleek euskal ondarea ezagutzearen garrantzia. «Herri baten kultura ez da ezerezetik sortzen, baizik eta denbora askoan pilatu den jakinduria kultural baten ondorioz; mende askotan garatu izan da, eta garai bakoitzak zeuzkan tresnak erabilita», adierazi du Aristik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.