EDIZIOA. Mende erdia ospatzen ari da aurten Elkar, eta urtemugarekin bat heldu da berria: Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022ko Urrezko Domina haiei banatzea erabaki du, sorreratik «euskararen eta euskal kulturaren sustapenean eta garapenean» egin duen lanaren aitorpen gisa. Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak zehaztu duenez, abenduan egingo dute saria emateko ekitaldia, erakundearen Donostiako egoitza nagusian.
Sortzaile taldeko lau kidek berriki BERRIAri kontatu zioten nola izan ziren Elkarren hastapenak. 1972an hogei gazte elkartu ziren aurrena Baionan, bi urtera Hegoaldeko beste hogei batu ziren proiektura, eta hala hasi zen, apurka, euskal kultur ekosisteman eragile determinantea bihurtu den enpresa gorputza hartzen. Hastapen horiek oroitu ditu, hain justu, Mendozak, eta sorreratik «askotariko ideologia politikoetako kideak» bildu izana txalotu du. Nabarmendu du, halaber, hasieratik liburuaren kate osoaz arduratu izan dela Elkar —argitaletxea, salmenta eta banaketa uztartuz—, eta, gaur egun, liburu eta diskoen ekoizpenetik harago, bestelako proiektuak ere sustatzen diharduela. Ekintza horiek guztiak fundazioaren aterkipean egiten direla eta, beraz, irabaziak berriro euskal kulturan inbertitzen direla ere azpimarratu du bozeramaileak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 1982. urteaz geroztik banatzen duen saria da Urrezko Domina, eta askotariko taldeak zein norbanakoak saritu dituzte ordutik hona.
Gipuzkoako domina jasoko du Elkar taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu