Mikel Martinez Tartean Teatroko antzerkigile eta Cafe Bar Bilbao tabernako ordezkariak aitortu duenez, gidoigileak lanean jartzeko tranpa moduko bat da berez Cafe Bar Bilbao teatro laburren saria. «Helburua da gidoigileak bultzatzea, gidoigileentzako amu bat jartzea idatz dezaten. Zineman, antzerkian eta telebistan inportanteena gidoia da, eta normalean ez gara horretaz kontziente izaten». Hamabosgarren aldia du aurten sariketak, eta Oier Guillan antzerkigileak irabazi du euskarazko gidoi onenarena Ero, ia lanagatik, eta Iñigo Cobo antzerkigileari eman diote gaztelerazko gidoiarena. 750 euro jasoko ditu bietako bakoitzak, eta www.cafebarbilbao.com eta bilbao-cafebar.com webguneetan argitaratuko dituzte testuak, aste honetan bertan. Horrez gain, aurten diru saririk gabeko Sari Berezia ere sortu dute Patxo Telleria Tartean Teatroko kide eta gidoigilearen Tabernaria: instrukzioak botatzeko ondo bat kaña bakarrizketa saritzeko.
Aurrez ere jasoa zuen Cafe Bar Bilbao saria Guillanek beste lan batekin, eta Ero, ia lana da oraingoan saritu diotena. Guillanek eskertu egin du saria, baina baita lehiaketa bera ere. «Ospatzekoa da hamabost urteren ondoren ekimen propioz sortutako halako sariketa batek indarrean jarraitzea. Ilusio berezia egiten dit, antzerkizaleek antzerkizaleentzat sortutako egitasmoa delako hau, pasioz eta maitasunez egindakoa».
Irakera brigadista joan eta han 2003ko gerrak harrapatu zuen Javier Barandiaran aktorearen benetako kontakizuna du abiapuntu Ero, ia antzezlanak. Brigadista lanetan joan zen Barandiaran Bagdadera, eta, gerra piztu zenean, han geratzea erabaki zuen. Itxi berri zuten orduan Euskaldunon Egunkaria, gainera, eta, horregatik, Egunero egunkarirako telefonoz bidali zituen kronikak handik Barandiaranek. Material hori guztia baliatu du Guillanek bere antzezlana sortzeko. «Hark erabaki zuen han geratzea, eta gerra osoa eta tankeak iritsi zirenera arteko tarte osoa pasatu zuen bunker batean, beste brigadista batzuekin. Gertatzen zen guztia jasotzen zuen, eta Egunero egunkarian argitaratzen ziren hark telefonoz diktatzen zituen kronikak».
Baina Guillan ez da kronika hutsean geratu, eta fikziora jauzi egiteko baliatu du material erreal hori. Gerran harrapatuta dagoen lagun baten telefono deiaren zain daude antzezlaneko pertsonaiak, eta tarte horretan gogoeta egiten dute heroi izateari buruz, elkartasunari buruz eta desilusioez. «Bi tonu nahasten dira antzezlanean», azaldu du antzerkigileak. «Batetik, badago absurdorantz jotzen duen elkarrizketa bat, eta, bestetik, txertatzen dira Barandiaranek benetan idatzitako benetako pasarteak».
Bestetik, Iñigo Cobok irabazi du gaztelerazko gidoi laburrik onenaren saria. Oaxaca en dos lana aurkeztu zuen lehiaketara.
«'Tongo, tongo'!».
Sari berezia da aurtengo nobedade nagusia. Patxo Telleriaren antzezlan bat ere saritzea erabaki dute Cafe Bar Bilbao eta Tartean konpainiako arduradunek. Baina ez umorerik gabe. Izan ere, Martinezekin batera Tartean konpainiako kide da Telleria ere, eta ibilbide luzea dute bikote artistiko modura ere. Sariketaren parte izanik, beraz, orain arte lehiaketara aurkeztea debekatua izan duela ere zehaztu du Martinezek, baina aurten salbuespena egitea erabaki dutela. Sarien berri emateko prentsaurrekoan, Telleria bera izan da oihu egiten lehena, Sari Berezia berari egokitu zaiola jakinarazi dutenean: «Tongo! Tongo!».
Tabernari baten bizipenak kontatzen ditu Telleriak Tabernaria antzezlanean, eta atzetik aurrera kontatuta dagoela du berezitasuna. Horregatik dago atzekoz aurrera idatzita antzezlanaren azpititulua ere: Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña. Bitxikeria tekniko hori antzezlanak kontatzen duenarekin lotuta dagoela zehaztu du, halere, Telleriak. «Hain zuzen ere, istorio honetan, denbora da ardatza. Kaña bat ondo nola bota behar den kontatzen du tabernariak, eta denbora hartzea da kaña bat ondo botatzeko behar dena. Eta hori kontraesanean dago turismo masiboaren inbasioarekin. Bere hutsune existentziala azaleratzeko aitzakia bat besterik ez da pertsonaiak ematen duen hitzaldia».
Martxoaren 9an estreinatuko dute Telleriaren lana Cafe Bar Bilbao tabernan, eta Martinezek jokatuko du tabernariaren rola.
CAFE BAR BILBAO SARIAK
Euskarazko gidoia. Oier Guillanen Ero, ia antzezlana.
Gaztelerazko gidoia. Iñigo Cobosen Oaxaca en dos antzezlana.
Sari Berezia. Patxo Telleriaren Tabernaria bakarrizketa.
Gidoigileentzako amua
Oier Guillan, Iñigo Cobo eta Patxo Telleria antzerki gidoigileek irabazi dituzte aurtengo Cafe Bar Bilbao teatro laburreko sariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu