Gidoia abiapuntu gisa

Bertol Arrietak, Mikel Fernandinok eta Marieta Diaz de Toledok irabazi dituzte aurtengo Cafe Bar Bilbao antzerki gidoi laburren sariak

Mikel Martinez aktorea, Marieta Diaz de Toledo eta Bertol Arrieta saridunekin, atzo, Bilbon. RAUL BOGAJO / FOKU.
Andoni Imaz - Olatz Enzunza Mallona
Bilbo
2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
«Aurten, bi sari egon beharrean, hiru daude». Berrikuntza horrekin banatu zituzten atzo eguerdian Teatro Laburreko sariak, Bilboko Plaza Barriko Cafe Bar Bilbao tabernan. Gidoiek antzerkigintzan duten garrantzia azpimarratzea du xede Cafe Bar Bilbaok eta Tartean Teatroak elkarlanean egiten duten antzerki gidoi laburren sariketak, eta aurten hemeretzigarren aldia du. Euskarazko saria ex aequo eman diete Bertol Arrietaren Zure sotoko ardoa eta Mikel Fernandinoren Deus ex twingo lanei. Gaztelerazkoa Marieta Diaz de Toledok jaso du, La tela de araña lanari esker.

Mikel Martinez aktore eta Tartean Teatroa antzerki konpainiako kideak azaldu du, oro har,«maila handiko» lanak jaso dituztela: «Oso pozik gaude sariketak izan duen erantzunarekin. Urtez urte, lan dezente jasotzen ditugu, eta aurten, gainera, iaz baino gehiago aurkeztu dira». Guztira, 29 gidoi aurkeztu dituzte: zortzi euskaraz eta 21 gaztelaniaz. Hala ere, Martinezek dio helburu nagusia jendea gidoigintzara hurbiltzea dela: «Antzerkia idaztea ez da erraza, eta are gutxiago taula gainera eramatea; bultzada bat ematea da gure asmoa».

Egile bakoitzari 750 euro emango dizkiote sari gisa, eta hiru idazlanak Bilboko Cafe Bar Bilbao tabernaren webgunean argitaratuko dituzte datozen egunetan. Abiapuntua, beraz, jarrita dago; gidoiak taularatzea litzateke hurrengo urratsa.

Bide horretan, gidoi irabazle horien irakurketa dramatizatua eszenaratuko dute otsailean Bilboko Lautan Hiru jaialdian, Tartean Teatro konpainiaren laguntzarekin. Gainera, Bilboko Pabiloi 6 aretoko Antzerki Arineko Jardunaldietan parte hartzeko ekoizpenerako laguntza ere jasoko dute.

Komedia kutsuko piezak

Orain arte, narraziogintza izan da Bertol Arrietaren jarduera nagusia, gidoigintzan ere aritua izan den arren. Iazko udazkenean argitaratu zuen Gezurra berdaderoa helduentzako bere lehen nobela, eta haur eta gazte literaturako zenbait liburu idatzi ditu aurretik. Hala ere, Zure sotoko ardoa du lehen antzezlana.

Udaberriko ekaitz bat izango da abiapuntua. «Garai batean bikote izandako Xabik eta Arantxak taberna berean egingo dute topo, aterpe bila» azaldu du Arrietak. Hasieran elkarrizketa «nahiko arina» izango bada ere, berehala hasiko dira elkarrekin bizi izandako uneak oroitzen, «baita elkarren trapu zaharrak ateratzen ere». Komedia girotik idatzitako lana dela dio egileak, baina drama ere egongo da: «Ez da izango komedia soila, drama komiko edo komedia dramatiko gisa definituko nuke».

Fernandinok, berriz, bigarrenez irabazi du Cafe Bar Bilbao saria. Aurrez, Un pequeño paso para el hombre lanagatik lortu zuen gaztelerazko saria, 2015ean. «Maitasunaren komenigarritasunei buruz» aritu da oraingoan Deus ex twingo obran. Hau ere komedia kutsuko lana da, eta, Martinezen arabera, «arina eta ondo egina».

Marieta Diaz de Toledok, berriz, gizon berak hiru emakumeri eragindako abusuak landu ditu La tela de araña lanean. Errealitatea eta fikzioa nahasten dituen «paranoia bat» da emaitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.