Gezurrik ez eszenatokietan

Martxoaren 13tik 16ra, 28 konpainia arituko dira Donostian, dFeria jaialdian; 44 emanaldi izango dira guztira. Dantza eta antzerki lanak dira gehienak; asko, estreinaldiak. Europan «erreferente» izan nahi dute

El Mono Habitado konpainiaren Lurtarrok antzezlana. LA CAJA GRIS.
Andoni Imaz
Donostia
2023ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Gezurraren aroan, «benetakotasuna» ekartzera dator 29. dFeria arte eszenikoen jaialdia, itxura batean agertokietan errealitatea faltsutu arren. Fake leloa jarri diote aurtengoari: «Teknologia berrien erabilera masiboa, buruko nahasmenak, desinformazioa... Teknologia berrien bidez, eta espiritu kritikoa apaldu denez gero, jendea manipulatzeko ahalmena gero eta handiagoa da, informazioa esponentzialki zabaltzea zeinen erraza den ikusirik», adierazi dute antolatzaileek. «Bistan da gaia puri-purian dagoela». Martxoaren 13tik 16ra egingo dute jaialdia, era askotako ikuskizunekin. Sarrerak salgai daude jada.

28 konpainia, 28 ikuskizun eta 44 emanaldi izango dira denera, Donostiako hainbat antzoki eta aretotan. Hirutik bi, estreinaldiak: bat lehen aldiz erakutsiko dute erabat, beste bat lehen aldiz Europan, eta hamasei lehenengoz Euskal Herrian. 11 dantza ikuskizun programatu dituzte, eta hamar antzezlan; diziplinak nahasten dituzten lanak ere badira, eta, gainera, zirku ikuskizun bat antolatu dute, itxierarako.

Euskarazko bi emanaldi egingo dituzte. Batetik, El Mono Habitado konpainiak Lurtarrok antzezlana emango du, martxoaren 13an, Intxaurrondo kultur etxean. Raul Cominok landu du testua, eta Fernando Perezek eszenografia. Bestetik, Led Shilouette dantza konpainiak Los perros ikuskizuna estreinatuko du Euskal Herrian, hilaren 15ean, Gazteszenan. Marcos Morau aritu da zuzendari artistiko eta koreografo. Denera, Euskal Herriko hamabi konpainiak parte hartuko dute jaialdian, eta atzerriko hamaseik.

Ordezkari hauek aurkeztu dute jaladiaren programazio osoa, prentsaurreko batean: Norka Chiapusso jaialdiko zuzendariak, Jon Insausti Kultura zinegotziak, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Kultura diputatuak eta Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak.

Era askotako emanaldiak antolatu dituzte ikusleentzat, baina dFeria «topaketa» bat ere badela nabarmendu du Chiapussok. Profesionalentzako aurkezpenak, jardunaldiak, bilerak eta eskola magistralak antolatu dituzte, haien arteko sarea trinkotzeko asmoz.

Zuzendariak esan du jaialdiak urte askoan harreman estua egin duela Hego Amerikako eragileekin, batekoekin eta bestekoekin, eta beste «erronka» bati aurre egin nahi diotela orain: «Europako merkatuarekin lanean jardun nahi dugu». Bide horretan bultzatuko du Eusko Jaurlaritzak ere, Atorrasagastik azaldu duenez: «Apustu berezia da, dFeriak badituelako ezaugarriak Europan erreferente bilakatzeko». Horretarako asmoz, diruz lagundu diote jaialdiari —20.000 euro gehiagorekin—, eta lanerako baliabideak eman dizkiote, besteak beste, Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean. Euskal Herriko konpainien ikusgaitasuna handitzea da haien helburuetako bat.

Jaialdia hasi aurreko egunetan, emanaldi berezi batzuk egingo dituzte. Martxoaren 11n eta 12an, Belgikako Peeping Tom konpainiak Diptych: The Missing Door and the Lost Room dantza ikuskizuna emango du Viktoria Eugenia antzokian. «Goi mailako ikuskizun hiperrealista bat», Chiapussoren hitzetan. Inguratzen dituen espaziotik ihes egin ezinda dauden pertsonaia batzuei buruzko obra bat da, labirinto misteriotsu bateko ibiliak kontatzen dituena, zalantzazko giro batean.

Itxierako emanaldia, berriz, zirku ikuskizun bat izango da: aurtengo jaialdiaren berritasun handi bat. Alemaniako Chris Iris konpainiak egingo du: Iris Pelz eta Christopher Schlunk dantzariek sortu zuten, eta haiek dira zuzendariak eta aktoreak. Gap of 42 ikuskizunean, akrobazia eta komedia elkartuko dituzte, ezohiko irudien eta tarte absurdoen bidez.

Hemezortzi estreinaldi

Antolatzaileek nabarmendu dituzten ikuskizunetako bat da Celestina infernal, Espainiako Teatro Corsario konpainiarena. Helduentzako txotxongilo saio bat da, Celestinaren pertsonaiari buruzkoa, gizakien neurriko txotxongiloek antzeztua. Amodioa, indarkeria, heriotza eta umore beltza nahasi dituzte fantasiazko istorio batean, haien esanetan.

Gainontzean, Amaia Elizaran dantzariak Ihir obra taularatuko du estreinako aldiz, martxoaren 14an eta 15ean, Viktoria Eugeniako Club aretoan. Bakarrik ariko da dantzan, Liam O Maonlaik konposatutako musikak lagunduta.

Europako lehen emanaldia izango du La celda sin noche antzezlanak; Antz3rkiz konpainiarena da. Abdullah Ocalan buruzagi kurduaren istorioa kontatzen du: 23 urte daramatza preso Turkian, Istanbul hegoaldeko segurtasun goreneko kartzela batean. Hiru emanaldi egingo dituzte Viktoria Eugeniako dantza aretoan, hilaren 12an, 13an eta 14an.

Euskal Herrian lehen aldiz erakutsiko dituzte, bestalde, Lali Ayguade konpainiaren Runa; Chey Juradoren eta Javito Marioaren Samsara —ongietorri ekitaldian, Tabakaleran—; Arte y Desmayoren Hernani; Morfeo Teatroren Strip-tease; Alberto Velascoren Sweet Dreams; Emanuel Rosaren eta Mara Focaraccioren How to _ just another boléro; Circle of Trust eta Logela konpainien Suirrealismo; K Produccionesen El nadador de aguas abiertas; Teatro de la Catrinaren La caja; La Ventana Magicaren Fresa y chocolate, 30 años después; eta Burgos-New York Dantz emanaldia, Niosbel Osmar Gonzalez Rubio, Giovanni Matteo Patruno, Alessandra Ruggeri eta Chey Jurado koreografoen piezekin osatua.

Sarrerak salgai daude Interneten eta leihatiletan: Viktoria Eugenian eta Antzoki Zaharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.