Zinema estreinaldiak

Gezur batekin hasitakoa

Enric Marco Batlle katalanaren istorioa kontatzen du Aitor Arregi eta Jon Garañoren azken lanak: bizitza osoa gezur bat oinarri hartuta eraiki zuen gizonarena.

Aitor Arregi eta Jon Garañoren 'Marco' filma.
Aitor Arregi eta Jon Garañoren 'Marco' filma. BERRIA
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko azaroaren 6a
05:10
Entzun

Enric Marco Batlle 1921. urtean jaio zen, Bartzelonan. Sindikalista, CNTko kidea eta antifaxista izan zen, eta, 1977. urtean, erabaki zuen bere bizi istorioari geruza bat gehitzea: kontatu zuen Bigarren Mundu Gerran Alemaniara deportatu eta Flossenburgeko kontzentrazio esparruan sartu zutela. Eta, geruza horrekin, Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkarteko lehendakari bilakatu zen. Horrela, Kataluniako eskola ugaritan ematen zituen hitzaldiak, eta holokaustoari buruz soilik historiako liburuetan irakurritakoa zekiten gazteek arretaz entzuten zioten bertan bizi izandakoa hunkituta kontatzen zien gizonari. Marcok lortu zuen ikusgaitasuna ematea ordura arte ikusezinak ziruditen biktimei, historiaren pasarte oso bati, eta karismarekin eta hitzaren bidez entzuleak harrapatzeko zuen gaitasunarekin, memoria historikoari buruzko eztabaida piztu zuen.

2005. urtean, ordea, argitara atera zen Marcoren gezurra. Benito Bermejo historialariak kontraesanak aurkitu zituen katalanaren kontakizunean, eta deskubritu zuen Alemaniara ez zela deportatuta joan, baizik eta Francoren erregimeneko langile boluntario gisa. Flossenburgeko kontzentrazio esparruan egon izana ere zalantzan jarri zuen Bermejok: ondoren baieztatu zen zalantza, eta Marcoren esana gezurtatu.

Aitor Arregi eta Jon Garaño zinemagileen lan berria da Marco. Filmaren bidea 2006. urtean hasi zen. Arregik eta Garañok Enric Marcorekin adostua zuten Alemaniara egin behar zuen bidaiara lagunduko ziotela, haren bizitzari buruzko dokumental baterako irudiak grabatzeko. Azken orduan, Marcok esan zien bakarrik joan nahi zuela: hunkigarria omen zen harentzat; izan ere, Kieleko kartzelara joateko asmoa zuen, bertan espetxeratu zutelako ziurtagiria jasotzeko. Eta hala egin zuen. Arregik eta Garañok, ordea, laster jakin zuten Marco ez zela Kielera bakarrik joan: bere bizitzari buruzko dokumentala egin nahi zuten beste bi zinemagilerekin egin zuen bidaia. Gezur baten istorioa gezur batekin hasi zen, beraz.

Zinemagile euskaldunena ez da dokumentala. Barkamen eskaera baten, ordu luzez grabatutako elkarrizketen eta gorabehera ugariren ostean, Enric Marcoren istorioa fikziozko film bilakatu zuten Arregik eta Garañok. Aurtengo Veneziako jaialdian aurkeztu zuten zinemagileek lehenengoz, eta Donostiako Zinemaldian proiektatu zen ondoren.

Bizitza gezur baten inguruan eraiki zuen gizonaren istorioa da Marco. Emazteak, alabak, lagunek, elkarteko kideek eta gizarteak urte luzez sinistu zuten gezurra, eta Arregik eta Garañok ikuslearen esku uzten dute epaia. Erantzuten dituen baino galdera gehiago zabaltzen ditu filmak, eta errealitatea eta narrazioa, gezurra eta haren ondorioak, memoria historikoa, moraltasuna eta halako gaiak nabigatzen ditu. Marcoren larruan Eduard Fernandez ikaragarri bat jarriz, eta lantzen dituen gaiak gogorrak izanagatik ere, harriduraz eta umorez beteriko kontakizuna eraiki dute Arregik eta Garañok.

'marco'

Beste estreinaldi batzuk:

No ther land filmeko irudi bat.
'No Other Land' filma.

'No Other Land'

Basel Adra, Zisjordaniako Masafer Yattako ekintzaile gazte palestinarra, haurtzarotik ari da Israelgo agintariek bere komunitatea masiboki kanporatzearen aurka borrokan. Jaioterriaren erauztea dokumentatzen du, non gobernu israeldarrak zabaldutako soldaduek pixkanaka etxeak eraisten eta bertako biztanleak kanporatzen dituzten. Adrak Yuval kazetari israeldarra ezagutuko du, eta bere ahaleginetan lagunduko dio hark. Bien harremana, ordea, elkarren arteko desberdintasun izugarriek definitzen dute: Basel okupazio militarraren pean bizi da, eta Yuval, berriz, aske eta murrizketarik gabe.

'La cocina'

Bazkalordua da The Grillen, turistaz beteriko New Yorkeko jatetxe batean. Kutxatik dirua desagertu da, eta langile guztiei galdeketa egiten ari zaizkie. Horietako gehienak legez kanpoko etorkinak dira, eta beren lana defendatzeko borrokatzen dira. Sukaldarietako bat Pedro da, bizitzan lan hori baino zerbait gehiago nahi duen mexikar gaztea. Ameslaria da, eta Juliarekin maiteminduta dago. Dirua lapurtzea leporatzen diotenean, Pedrok bertan behera utziko du sukaldeko ekoizpen katea.

'Magyarázat mindenre'

Abel institutuko ikaslea da, eta bere azken azterketetan kontzentratzeko borrokatzen ari da, baina konturatuko da zeharo maiteminduta dagoela bere lagunik onenarekin, Jankarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.