Kopuruei dagokienez, aurrez ezarriak ziren marka guztiak hautsiko ditu euskarazko sorkuntza sustatzeko Udalbiltzak antolatzen duen Geuretik Sortuak kultur bekak. Programaren hirugarren aldia aurkeztu dute gaur, Iruñean. Kondestablearen jauregian eman dituzte argitara datuak, eta, haiek esplikatuaz, antolatzaileek garbi bistaratu dute mapa. Batetik, jakinarazi dute aurten beste inoiz baino sortzaile gehiagok garatuko dituztela beren kultur proiektuak bekaren arrimuan: 30 sortzaile edo konpainiak hartuko dute parte. Bestetik, zehaztu dute guztira 46 herritan hartuko dituztela sortzaileentzako egonaldi artistikoak. «Nehoiz baino udalerri gehiagotan, proiektua indartzen ari den seinale», nabarmendu du Udalbiltzako zuzendari Clara Rougetek. Pozik da egitasmoaren eboluzioarekin.
2024ko urriaren 23tik azaroaren 25era bitarte izan zen zabalik edizio honetan izena emateko epea, eta 70 hautagaitza bildu zituzten osotara —aurreko aldian baino hamar gehiago—. Diziplinei dagokienez, iragan aldiko kategoriei eutsi diete oraingoan ere: antzerkia, komikigintza, literatura eta antzerkigintza jaso dituzte. Eta kide hauek osatu dute epaimahaia: Kepa Errastik antzerkigintzari loturiko hautagaiak aztertu ditu, Asisko Urmenetak komigintzakoak, Danele Sarriugartek literaturakoak, eta Esti Urresolak zinemagintzakoak.
Funtsean, Geuretik Sortuak-ek ohiko moldeari eutsiko dio. Programaren parte hartzaileak zehaztuta, sortzaile edo konpainia bakoitzari herri bana —edo herri multzo bat— esleitu diote, eta, hari jarraikiz, bakoitzak dagokion tokian eginen du egonaldia, eta batik bat orduan garatuko du bere kultur proiektua. Hain zuzen, gauzak non eta nola sortzeak daukan garrantzia azpimarratu du Begoña Enbeita euskara eta kultura arduradun politikoak. Haren hitzetan, «herrien idiosinkrasia» ezagutzeak norberaren obran ekar dezakeen eragina da programaren alderdirik interesgarrienetako bat. Eta, haren iritziz, hori berdin aplika daiteke ipuin batean, film batean, komiki batean edo taularatzeko pieza batean.
Antzezlanei bultzada
Urrian, jasoko zituzten hautagaitzak zein izanen ziren arrastorik ez zeukatelarik esplikatu zituzten antolatzaileek bekaren hirugarren aldirako zeuzkaten lehentasunak, eta, orain, hautatuen zerrenda ikusirik, bistan da erdietsi dituztela helburuok. Izan ere, antzerkiaren aldeko apustu sendoa egin nahia nabarmendu zuten udazkenean; zehazki, adierazi zuten antzerkigile edo teatro konpainia hasiberriei babesa ematea zutela lehentasun —«haientzako plazak» falta direla kritikatu zuten—. Eta, hain justu, aurreko edizioaren aldean, bereziki handitu da antzerkia lantzeko esleitutako beken kopurua: hirutik zortzira, zehazki.
Aurten arlo horretan aukeratutakoen artean daude, besteak beste, Jon Ander Urresti —aurreko edizioan ere hartu zuen parte, eta Eukalyptus garatu—, amaHiru konpainia, eta Ekhiñe Famoso. Usurbilen (Gipuzkoa), Hiriburun (Lapurdi) eta Plentzian (Bizkaia) ariko dira, hurrenez hurren, eta nabarmentzekoa da Famosoren kasua: oraintsu ekin dio ibilbideari.
Udalbiltzak 2021ean jarri zuen martxan Geuretik Sortuak egitasmoa. «Geure herriaren kontakizuna geuretik kontatzeko beharrari erantzuteko sortu zen, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntza bultzatzeko», esplikatu zuten antolatzaileek orduko hartan. Horretan tematuta segitzen dutela argitu dute gaur ere, eta, gainera, nabarmendu dute bekak ez duela soilik balio proiektu artistikoak sortu daitezen: azpimarratu dute hedapenerako bultzada ere badela. Hain zuzen ere, bi urte irauten du edizio bakoitzak, eta, aldiro, bigarren urtea «zirkuitu nazional» bat eratzera bideratzen dute, sortutako lanak herriz herri aurkezteko. Asmo horixe bera dute 2026rako ere, hain zuzen.
«Nork sortuko zain egon beharrean, edo nori sortu pentsatzen geldirik egon ordez, [euskarazko kultura] geuk eta geuretzat sortzea da gakoa»
JOSEBA GOIENOLA Berriatuko alkatea
Egitasmoaren aurkezpenean behin baino gehiagotan nabarmendu dutenez, sortzaileak ez ezik, herriak ere badira protagonistak Geuretik Sortuak-en. Partaide diren herrien «ausardia» eskertu du Enbeitak, eta, kontrako noranzkoan-edo, programaren antolatzaileei eskerrak eman dizkie Joseba Goienola Berriatuko (Bizkaia) alkateak, herriaren izenean. Goienolak berak aipatu duenez, Berriatua «beteranoa» da Udalbiltzaren egitasmoan —hiruretan hartu du parte—, eta, haren esanetan, hala nahi lukete segitu aurrerantzean ere. «Geuk, euskaldunok sortu ezean euskarazko kultura, nork sortuko du? Eta norentzat sortuko dugu euskaraz artea, ez bada geuretzat? Nork sortuko zain egon beharrean, edo nori sortu pentsatzen geldirik egon ordez, geuk eta geuretzat sortzea da gakoa».
Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) hautetsi Elena Casirain ere mintzatu da ondotik, eta, besteak beste, euskarazko sorkuntza hainbat herritan sustatzeak «euskal komunitatea batzeko» aukera ematen duela nabarmendu du. Eta zera erantsi, propio Ortzaizeren kasua jarririk adibide. «Hizkuntzaren mugak ez dira estatuen mugak. Ea hizkuntzaren eremuak uzten digun mundua ordenatzeko neurri horretan baztertuak garenoi geure moduan bizitzen».
Hautatutako sortzaileak eta udalerriak
- KOMIKIA
Eñaut Aiartzaguena: Ataun eta Etxarri-Aranatz.
Amane Apalategi: Hernani.
Uxue Bereziartua: Araitz, Larraun, Betelu eta Lekunberri.
Usue Egia: Legorreta.
Patricia Etxegarai: Ziortza-Bolibar.
Eneritz Ibarra: Atharratze.
Asier Iturralde, Gaston: Mutriku.
- LITERATURA
Miren Artetxe: Atxondo.
Naia Arantzamendi: Baigorri.
Ixabel Agirresarobe: Asparrena eta Ziordia.
Garazi Albizua: Ortzaize.
Peru Calabaza: Ikaztegieta.
Zigor Garro: Sartaguda, Lodosa, Mendabia, Sesma eta Andosilla.
Oier Guillan: Aulesti, Amoroto eta Munitibar.
Saioa Iribarren: Oiartzun.
Goiz Eder Iturain: Etxalar, Arantza, Lesaka eta Bera.
Maitane Nerekan: Amasa-Villabona.
Maitane Perez: Gorliz.
- ZINEMA
Alba Lozano: Zumaia.
Raul Barreras: Baztan.
Aitor Arruti: Elorrio.
Olatz Ovejero: Larrabetzu.
- ANTZERKIA
Metrokoadroka: Galdakao.
Jon Ander Urresti: Usurbil.
Infinito taldea: Leitza eta Berastegi.
Argimalutak: Berriatua.
Zelako kultur ideiak: Astigarraga.
Ekhiñe Famoso: Plentzia.
Imanol Epelde: Ajangiz eta Muxika.
amaHiru: Hiriburu.