Ogia eta zirkua, Dena ametsa den irudipena, Landa aldeko neskak, Bihurguneko nasa, Amez, Nirlit, Ez erran inori, Porno vs Afrodita, Askatu edo moztu, Beirazko kanpaia, Karena, Eraikuntzarako materiala, Barruko hotsak... Euskal letren zakura emakumezko autoreek azken hilabeteetan ekarritako zenbait izenburu dira horiek, eta plaza propio bat izango dute asteburu honetan. Azkoitian (Gipuzkoa) izango da, ostiral arratsaldean hasi eta igande eguerdira bitarte, eta, Virginia Woolf idazle aitzindariari keinua eginda, Geure Gelatik izenpean egin diete gonbidapena irakurzaleei.
Zazpi argitaletxek jarriko dute erakusmahaia azokan —Alberdaniak, Elkarrek, Ereinek, Igelak, Pamielak, Susak eta Txalapartak—, eta bost izango dira, modu paraleloan, aurkeztuko dituzten liburuak: Garbiñe Larrearen Sendabelarrekdakitena (Argia); Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala (Susa); Goiatz Labandibarren Amez (Alberdania), eta Gema Lopezek itzulitako Edna O'Brienen Landa aldeko neskak (Igela). Amaia Zinkunegik, berriz, Otsandreak korrika ikuskizuna emango du.
Azkoitiko Maxixatzen euskara elkarteak antolatu du azoka, herriko udalarekin batera, eta, nolabait, berreskuratu egin dute egitasmoa, 2005etik 2008ra bitartean lau urtez segidan egin baitzuten.
Urretabizkaiari omenaldia
Ostiralean, arratsaldeko bostetan irekiko dute Geure Gelatik, eta, larunbatean, egun osoz egongo da zabalik —11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara—. Igandean, ostera, 11:00etan ireki eta 14:00etan itxiko dute.
Eta, hain justu, omenaldi batekin abiatuko dute: Juan Luis Zabala idazle eta kazetariaren eskutik, Arantxa Urretabizkaia omenduko baitute. 1979an eman zuen Zergatik panpox estreinako lana—emakume batek euskaraz idatzitako aurreneko eleberria da—, eta udaberrian dakar nobela berria: Azken etxea (Pamiela).
Omenaldiarekin hasi, eta irakurketarekin bukatu. Izan ere, igande eguerdian, askotariko emakume idazleek idatzitako testuak irakurriko dituzte, 25 ahotsetara.
Geure Gelatik liburu azoka egingo dute asteburuan, Azkoitian
Emakumezko autoreen obra izango dute ardatz. Bost liburu aurkeztuko dira, eta Arantxa Urretabizkaia omenduko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu