Olatz Zugasti. Musikagilea

«Geure buruak garbitu behar ditugu mendeetako kutsaduraz»

Urteetan iturri askotatik edandako doinu tradizionalen eraginari lekua uzten dio Zugastik bere sormenean, eta hala egin du 'Gau hotzenean ere' laugarren diskoan ere.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Orio
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Dagoeneko banaezinak dirudite harpak eta Olatz Zugastik (Hernani, Gipuzkoa, 1965). «Nire musika tresna da, duela urte dezente esku artean dudana, eta erabaki dut nolabait soka horien artean dagoela nire sonoritatearen parte bat». Harpa esku artean hartuta ondu izan ditu urteotan bere kantuak, eta hala egin du laugarren diskoan ere, iazko azaroan kaleratutako Gau hotzenean ere (Elkar) lanean. Tristezia darie diskoko hainbat doinuri, baina baita goxotasuna eta soiltasuna ere.

Hizkera jasoa, jantzia baliatu duzu, eta kantu gehienen egitura ere klasikoa da, errima aldetik-eta. Halako doinuek eskatzen duten estiloa da, ala ariketa estetiko hutsa izan da?

Orain arte ez dut errimak egitearen ariketa gehiegi landu; idazten aritu izan naizenean poesia moduan egin dut gehiago, era oso librean. Kasu honetan, nire ariketa pertsonala izan dela esan daiteke; kantu borobilagoak edo kantagarriagoak izan zitezen nahi nuen, baina esan nahi nuen hori metrikaren menpe geratu gabe.

«Hitz zuzenak eta sentimendu xumeenak adierazteko ahalmena dutenak» hautatu dituzula esan duzu. Zer nolako sentipenak dira horiek?

Ziurrenik penazkoak asko; tristeziak edo, gehiago, zera mingots batek eramaten nau idaztera.

Tristezia inspirazio iturri handiagoa zaizu alaitasuna baino?

Agian nire kasuan gehiago eramaten nau idaztera poztasunak baino, nahiz eta gauza politei edo zirrara eragin didatenei buruz ere idatzi izan dudan, baina gero besteak bilakatu ohi dira kantu.

Tristezia da nagusi Mutil horaila edo Nora ote zara joan kantuetan, baina itxaropena iradokitzen dutenak ere badira. Kontrastea bilatu duzu?

Kultura zaharretako musiketan, tradizioan, maiz gertatzen da tristeziaren eta alaitasunaren arteko nahasketa hori, dantza doinu bat tonu minorrean ematea, esaterako, eta airean sorgin hori duen halako zerbait geratzen da. Herri zaharretako joera bat da, bai Europa ekialdean bai Euskal Herrian ematen dena; esaterako, trikitixan niretzat doinu politenetakoek tonu minorrak dituzte.

Izpegiko hasperena izan daiteke diskoko kanta esperimentalena, desberdinena agian? Bestelako bideren bat probatzeko saioa izan da?

Harparekin hasten da, ukitu epiko bat duten akordeekin, eta gero halako progresio bat eman nahi nion ezpata-dantzaren erritmoarekin. Gainetik haizezko tresnaren bat nahi nuen, eta Mixelek [Ducau] saxoa sartu zuen, baina nire buruan ez zegoen esparru batera eramaten ninduen. Banbuzko klarinetearekin probatu zuen, eta horrek Mediterraneo aldera eramaten zuen. Mazedonia, Serbia eta Kroazia aldean badaude sekuentzia bakoitzean bi neurri mota dauzkaten erritmoak; Euskal Herrian ere bai, baina inguruko herrietan ez. Oroitzapen lauso horiek nituen buruan.

Urtetan Kantaita irratsaioa egin izanak izan du eraginik zugan, ezta?

Baietz espero dut. Niretzat oso didaktikoa izan da eta gauza asko ikasi ditut, bai herri musikari buruz, bai herri horien kultura eta historiari buruz, eta horrek eragina du. Ez da kontzienteki egiten den zerbait; jardunean ari naizela, halako batean, giro bat edo bestea etortzen zait burura, eta lekua uzten diot horri, zergatik ez.

Brendan Graham musikagile irlandarraren doinuak jaso dituzu diskoan. Nolako izan da elkarlana?

Orioko Ikastolako Olaxka taldeko gaztetxoekin lanean nenbilela, pop-folk giroko kanta bat topatu nuen, eta emaitza gustatu zitzaidanez, grabatzea pentsatu nuen. Harekin harremanetan jarrita, eta berak eskatuta, etxean grabatutako maketa eta hitzak bidali genizkion, eta halako batean, bere mezu bat jaso nuen, esanaz izugarri gustatu zitzaiola, hunkituta zegoela, kantu horren inoiz entzun zuen bertsiorik politena zela. Bizirik gaudelako da kantua. Beste kantu batzuk bidali zizkidan, eta bertsio batzuk daude diskoan.

Nafarroaren iraganari lotutako zenbait kanta ere badira. Amaiur edo Arturo Campionen testu batean oinarritutako Gau hotzenean ere, tartean. Nafarroako historia inspirazio iturri bat da zuretzat?

Gure historia tristearen isla denez, bai. Gure historia idatzi gabekoa da, ofizial izan gabekoa, eta egun bizi dugun egoerak garai haiek gogoratzera eramaten zaitu, eta esatera noizbait izan ginela gure buruaren jabe, subjektu politiko bat munduan, eta gainera, demokraziaren aitzindari. Hor badago halako sentimendu gazi bat.

Historiatik zer ikasia badugu, beraz.

Gure historiatik? Beno, beno... lotsagarria da daukagun maila eskasa; gure historia ez digute irakatsi. Hori da guk behar duguna, historiaren pedagogia bat, eta politikoa ere bai, dena lotuta doa.

Orioko Ikastolako gaztetxoekin egiten duzun lana ere islatuta dago bi kantutan. Zure musikagintzan eraginik izan al du haiekin lan egiteak?

Ez agian modu kontziente batean, baina esan dezaket bai eragin didala jarduera horrek. Haiengan bilatu dut haiek duten freskotasun eta xalotasun hori, gauza gutxirekin hunkitzeko gai dena.

Taldean lan egite horrek gizartea gehiago ezagutzea eta hainbat sentipen mingots ekarri dizkizula aipatu zenuen diskoaren aurkezpenean. Zer nolako sentipenak izan dituzu?

Urte askoan nire aldetik, nire gisako jendearekin ibili naiz, baina halako batean egokitzen zaizu erakunderen batean parte hartu beharra. Eta gizarteak nola funtzionatzen duen baino gehiago, ohartzen zara zuk ontzat ematen dituzun abiapuntu batzuk existituko ez balira bezala dela, eta gure gizartearekin zer gertatu ote den galdetzen diozu zeure buruari. Halako kontzientzia falta batez jabetzen zara, inperialismoak nolabait bereganatuta gaudela etengabe, gure hitzetan, kontzeptuak erabiltzeko eran, eta beraz, gure errealitatea ukatzen dugula.

Gizartean inperialismoa barneratuta daukagula esan nahi duzu?

Bai, guztiz barneratuta daukagu, eta ez gara ohartzen zenbateraino gauden txotxongiloak bezala haiek nahi duten eran hizketan, geure historia, herria, kultura eta errealitatea ukatuz. Azken finean, hori da menperatzaileak egin behar duena, ez? Orduan, zer hobeto jendeak berak, menperatutakoak, bere burua ukatzen jartzea baino. Oso tristea izan da niretzat hori ikustea egunerokoan.

Uste duzu musikak baduela indarrik joera hori aldatzen laguntzeko?

Musikak hunkiduretan urradura batzuk eragin ditzake, baina ez da nahikoa; beste planteamendu batzuk egin behar dira hemen, politikoak, eta geure buruak garbitu behar ditugu daukagun mendeetako kutsaduraz, azken urteotan inoiz baino bortitzagoa eta determinanteagoa izan dena. Ezinbestekoa ikusten dut hori herri honek zerbait egin nahi badu.

Benito Lertxundirekin askotan aritu izan zara zuzenean, baina bakarka, zure kantuak aurkezten, berriz, ez. Ez duzu hori faltan sumatzen?

Ez banintz Benitorekin egon, pentsatzen dut agian beste era batera sentituko nukeela. Kontzertu bat ematea ez da gauza arina; taldea elikatu behar da, entseguak egin, eta taldekideei konpromisoa eskatzen badiezu zuk ere konpromisoa hartu behar duzu kontzertuetarako. Badakit kontraesana izan daitekeela nire kantuak egitea eta ez publikoratzea, baina bakarkako apustua egiteko bestea utzi beharko nuke, edo bestela erdizka egingo nuke dena, eta emaitzak ere erdizkakoak izango lirateke. Orain Benito guztiz emanda dago bere kantuetara, oso emankor dago, kantu berriak ditu eta niri izugarri gustatu zaizkit, eta proiektu horren parte ere banaizenez, bide horretatik jarraitzeko asmoa dut. Eta luzaro iraun dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.