Bertsolaria eta musikaria

Igor Elortza eta Rafa Rueda: «Geure burua konfort eremutik aterarazi digu proiektu honek»

Intuizioa bidaide, jolasteko eta ausartak izateko lizentzia hartuta aritu dira azken urte eta erdian Igor Elortza eta Rafa Rueda Anonyme Popular proiektuarekin. Azken emanaldiekin, egindako «ibili ederra» ospatu nahi dute.

Igor Elortza eta Rafa Rueda
Igor Elortza eta Rafa Rueda. JON URBE/ FOKU
edurne begiristain
2024ko maiatzaren 24a
05:15
Entzun

Igor Elortza bertsolariak (Durango, 1975) eta Rafa Rueda musikariak (Mungia, 1972) hitzen eta musikaren arteko kulunka batean jarri dituzte ikus-entzuleak urte eta erdiz Anonyme Popular proiektuarekin. Gustura daude bertso jarriak, musika eta ikus-entzunezkoak uztartuta ondutako egitasmoak eginiko bidearekin, «asebeteta», eta publikoaren harrera eta arretarekin, «pozik». Esperientzia «aberasgarria» izan da bientzat, ikasi eta «desikasteko» aukera eman dielako, eta leiho bat zabaldu dielako orain arte arituak ez ziren esparruetan murgiltzeko eta «jolasteko».

Hasiera-hasieratik zuten argi urte eta erdi inguruko bidea egiteko proiektua zela, eta, denbora hori igarota, agurtzeko ordua iritsi da. «Ez da agur bat zehazki, baizik eta amaitzen den zerbait», egin du ñabardura Elortzak. Batek daki bideak zer emango duen; haiek ere ez dakite, baina ez ditu kezkatzen: «Bide honek gehiago eman ote dezakeen? Bai, baina ez dut ideiarik zein, ezta noiz izan daitekeen ere». Ekainaren 6an egingo dute emanaldia azkenekoz, Bilboko Kafe Antzokian. Aurrez, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango dira maiatzaren 31n, eta Baionako Biltxoko elkartean ekainaren 1ean.

Berrogei zuzeneko baino gehiago, batzuk talde osoarekin, beste batzuk biak bakarrik. Azkenerako, 3.000 lagunek baino gehiagok ikusi eta entzun zaituzte aurrez aurre. Horrelako aurreikuspenarekin abiatu zenuten Anonyme Popular, edo hau dena ezustea izan da?

RAFA RUEDA: Espektatiba onak genituen, jakin bagenekielako eskuartean genuena indartsua zela, eta hala izan da. Oso erantzun positiboa izan dugu, txukun joan da, eta pozik gaude.

IGOR ELORTZA: Gogoan dut grabatzen hasi ginenean Jose Lastra teknikariari esan niola kalkulatzen nuela hogei bat emanaldi egingo genituela. Gerora, Lastrak aitortu zidan orduan pentsatu zuela burutik eginda nengoela. Azkenerako, talde osoarekin 30 ikuskizun pasatxo eman ditugu, bikote modura beste hamar bat, eta azken birarekin beste dozena bat edo. Urte eta erdiko ibilbide baterako emanaldiak aurreikusi genituen, baina, udan ez genuenez ikuskizunik eskaini, esan daiteke urtebeteko tartean izan direla emanaldi horiek denak. Aurreikuspenak baino, asmoak bete ditugula uste dut. Horretarako, lan handia egin behar izan dugu sorkuntzan, ekoizpenean eta zabalkundean, eta emaitza oso ona izan da. Ibilia ere ederra izan da, talde giro onean.

Proiektu honek ezinbestez behar zuen amaiera data bat?

ELORTZA: Ezinbestez ez dakit, baina hasieratik pentsatua genuen amaiera data izan behar zuela, hainbat motiborengatik. Akaso ohitura kontu bat ere bada, baina nik antzeko proiektuak egin ditudanean, eta Rafak konparagarri diren beste batzuk egin dituenean, epe bat jarri ohi zaio lantaldeari, hartzaileari eta antolatzaileari proiektua eraginkortasun apur batekin atera dadin. Formula egokia da.

RUEDA: Musika munduan ere gero eta joera handiagoa dago proiektuak epe jakinetara mugatzeko. Antolaketa aldetik samurragoa da, eta aitzakia bat da ikus-entzulea mugiarazteko. Gure kasuan ere hala behar zuen.

Zer eman dizue Anonyme Popularrek?

ELORTZA: Proiektu hau nire bulkada batetik sortu da, esateko neukanetik. 50 urtera hurbiltzen ari naizen epe berezi honetan, eta Euskal Herriak bizi duen aldaketa sasoi honetan, tartean mundu mailako pandemia bat egon den garai honetan, barrutik atera zaizkidanak konpartitzeko aukera bat da Anonyme Popular. Kezka horiei eman die bide proiektuak. Eta hori bera asko da. Artistikoki ere gauza asko eman dizkit, bereziki Rafarekin eskuz esku sortzeak eta lehenengoz bikote moduan lan egiteak. Kantuan zein oholtzan ikasi eta desikasteko modua eman dit.

Ikasbide handi bat izan da lantalde osoarekin aritzea, Alvaro Olaetxearekin, Gaizka Izagirrerekin, Jose Lastrarekin... Eta taula gainera bertsolari moduan bakarrik agertzeari dagokionez, hasierako bertigo batzuk gaindituta, atsegin handiak eman dizkit, momentu eder eta gozamen handikoak, bidea ederra izan delako eta harrera ona izan duelako. Eta asebeteta amaitu dugulako.

«50 urtera hurbiltzen ari naizen epe berezi honetan, eta Euskal Herriak bizi duen aldaketa sasoi honetan, barrutik atera zaizkidanak konpartitzeko aukera bat izan da Anonyme Popular».

IGOR ELORTZA
Hitza mugimenduan jarri, eta hitz bakoitzari zegokion giroa eta estetika sortu duzu, Rafa. Nolakoa izan da prozesua?

RUEDA: Aukera izan dut orain arte musikalki jorratuta ez nituen bide batzuekin jolasean aritzeko,estetikoki bada ere. Oso gustura ibili naiz. Taldean aritu izan banaiz ere, nahiko bakarka aritu izan naiz sorkuntzari dagokionez, baina Igorrekin batera jarduteak arnas puntu bat eman dit, bakarka izango ez nuen bestelako ikuspuntu bat, eta estetikoki ate asko zabaldu dizkit. Zuzenekoetan asko ikasi dut Igorrengandik; banuen eskarmentu bat antzerki, poesia, musika eta beste uztartzen dituzten proiektuetan, baina, kasu honetan, aukera izan dut gertutik ikasteko ideiak nola sortzen diren, zertarako, nola antolatzen eta prestatzen den ikuskizuna... Alde horretatik, oso aberasgarria izan da.

Zuen konfort eremuetatik kanpo aritu zarete proiektu honekin?

IGOR: Esango nuke proiektu honek geure burua konfort eremutik aterarazi digula. Eta horrek zerikusia dauka proiektu honen sorrerarekin berarekin: ni bertso plazatik urtebeteko auto-eszedentzia hartuta nengoen, eta, gutxien pentsatzen nuenean eta gutxien espero nuenean, bertsoak idazteko nahia edo behar bat piztu zitzaidan. Niretzat bakarrik idatzi nituen, ez nizkion inortxori ere erakutsi. Ondoren jo nuen Rafarengana, eta zertzelada batzuk eman nizkion nire hitzak nola esan, nola jaurti, nola kantatu nahi nituen azalduz, eta entzuten ari nintzen talde batzuen erreferentziak partekatu nituen harekin. Hasiera-hasieratik esan genuen «goazen intuizioari jarraitzera, jolastera eta ausartak izatera». Hori egiten duzun momentutik, konfort eremutik kanpo ari zara zeure burua ateratzen. Denok edaten dugu, nahitaez, orain arte egindako bideetatik, baina horrek ere bistaratzen dizkizu hutsuneak.

Igor Elortza eta Rafa Rueda
Igor Elortza eta Rafa Rueda
Zeintzuk ziren hutsune horiek?

ELORTZA: Hutsune batzuk musikalak ziren, eta horretan Rafak asko lagundu dit, zer landu-eta erakusten. Zuzeneko emanaldiei begira, Oier Zuñigarekin lan egin nuenean, konfort eremutik ateratzea zen asmoetako bat, baina baita konfort eremutik onik ateratzeko baliabide batzuk lantzea ere. Ongi dagoelako jendaurrean ausardiarekin ateratzea, baina ez ausarkeriarekin. Eta azken emanaldiei begira ere, konfort eremu berri batean gozatzeko nahiarekin ari naiz. Hori ere merezi dugu: ongi pasatzea, geure buruaz gozatzea eta ospatzea.

RUEDA: Nire kasuan, errazagoa zen konfort eremutik ateratzea, Igor baita taula erdian bere hitzak defendatzen egon behar duena, eta nik presio gutxiago sumatzen dudalako, atzean nabilelako jolasten. Alde horretatik,eskertua nago proiektuari, aukera eman didalako beste modu batean agian zabalduko ez nituen leihoak zabaltzeko.Intuizioak behartuta, eta Igorrek erakutsitako bideari segika, nik neure kabuz egingo ez nituzkeen gauzak sortzeko bidea eman dit. Eta ados nago Igorrek esandakoarekin: momentu honetan ez dugu sumatzen horrenbesteko presio tekniko, estetiko edo dena delakorik, eta konfort eremu honetaz gozatzea dagokigu.

«Eskertua nago proiektuari, aukera eman didalako beste modu batean agian zabalduko ez nituen leihoak zabaltzeko».

RAFA RUEDA 
Formatuari erreparatuta, ez zenuten musika kontzertu gisa planteatu, ikuskizun gisa baizik. Inertziak apurtzeko asmo horretan, talde lana ezinbestekoa izan da. Konplizitatea izan da egitasmoaren gakoetako bat?

RUEDA: Ez da izan bat-bateko kontu bat, edo nahigabe sortutakoa; Igorrek nigana jo zuen intuizioak esan ziolako, eta nik baiezkoa eman nion baneukalako intuizio bera. Asko ulertu dugu elkar, arlo askotan, ez artistikoan bakarrik; esango nuke maila pertsonalean eta lan egiteko moduan bat egin dugula, eta oso ongi moldatu garela. Ezinbestean gertatu behar zuen horrek, bestela Igorrek ez zuen nigana joko.

ELORTZA: Hala ere, beti daukazu kezkaren bat, eta nik baneuzkan bi. Bata: zertara gindoazen ongi ulertzea denok; ez berdin ikustea, baina bai ongi ulertzea. Rafarekin ez nuen zalantzarik egin, lehendik elkarrekin lan egindakoak ginelako. Banekien pertsona egokia zela bilatzen nuen estetikarako, baina ibiltzen hasita ikusten da hori. Eta arin ikusi genuen: lehenengo lauzpabost kanta hilabete eta erdi-bi hilabeteko epean eginda genituen. Bigarren kezkak lantalde bat sortzearekin zuen zerikusia. Bertsolariok bakarrik ibiltzera ohituta gaude, ez bakarrik ibiltzera, baizik eta tresneriarik gabe ibiltzera: etxetik atera, autoa aparkatu, oholtza konpartituko dugunekin zurito bat hartu, oholtzara igo, gurea egin eta etxera. Anonyme Popular bezalako proiektuan lantalde bat dago. Behar genuen jende gehiena Rafaren bidez gehitu da proiektu honetara: lantalde oso profesionala eta jakintza handikoa lortu dugu, proiektua ongi ulertu duena eta lehenetsi duena.

«Rafarekin ez nuen zalantzarik egin. Banekien pertsona egokia zela bilatzen nuen estetikarako, eta arin ikusi genuen: lehenengo lauzpabost kanta hilabete eta erdi-bi hilabeteko epean eginda genituen».

IGOR ELORTZA
Norengana iritsi zarete errazago? Musikazaleengana, euskal kulturazale berriengana, bertsozaleengana?

RUEDA: Ez nuke jakingo esaten zein munduk harrapatu duen hobeto, musikarenak ala bertsoarenak. Baina ez nituzke bi mundu horiek hainbeste sailkatuko, antzekotasun handiak baitituzte, eta asko partekatzen baitute. Argi dago bai bertso aldetik, bai musika aldetik oso aberatsa dela proiektua, eta, asmo batekin zein bestearekin, gugana gerturatu dena pozik atera dela.

ELORTZA: Euskal kulturaren mundu horri jarraitzen dion jendea askotarikoa dela esango nuke, eta, gainera, garai egoki batean proposatu dugu proiektu hau, bertso mundua eta musika mundua dezente aldatu diren garai batean. Oso abegi oneko publikoa topatu dugu. Esango nuke musika munduko jendearengandik handiagoa izan dela jaso dugun feedback hori, bertsozalea den jendearengandik baino.

Hil hasieran, AEBetan aurkeztu zenuten egitasmoa, hitz esanaren munduko hiriburuan. Nolakoa izan da esperientzia?

RUEDA: Proiektu honek baditu zailtasun batzuk euskal eremutik kanpo ateratzeko, hizkuntzak daukan garrantziagatik. Musikalki ulertu daiteke zentzu batean, baina mezuak horrenbesteko garrantzia du ezinbestean entzun behar duenak ulertu behar duela zer esaten den. Atzerritarako proiektua nola planteatu den sekulako gola izan da: Igorrek bertsoak kantatu ahala, Elizabeth Macklinek egindako itzulpenak jarri genituen pantailan. Modu horretan, jendeak oso ongi ulertu du proiektua, hizkuntzak izan ditzakeen zailtasunak gaindituta.

ELORTZA: Hiru emanaldi izan dira: Washingtonen Marylandeko Unibertsitatean egon gara mintegi batean; New Yorken, berriz, poesia, musika eta performance arteak landuz urtero ospatzen duten Kerouac jaialdian parte hartu genuen, eta gero New Yorkeko Euskal Etxean egon ginen. Interes handia erakutsi zuten egitasmoarekin, eta harrera eta giro bikaina topatu genituen.

«Ez nuke jakingo esaten zein munduk harrapatu duen hobeto, musikarenak ala bertsoarenak. Baina ez nituzke bi mundu horiek hainbeste sailkatuko, antzekotasun handiak baitituzte».

 RAFA RUEDA
Azken agurrarekin, urte eta erdiko bidean jasotako arreta eta harrera ospatu nahi duzue.

ELORTZA: Ez diogu orain arteko formatuari eutsiko, nahiko genukeelako publikoa trago bat eskuan eta zutik egotea. Ibilbidea ospatzeko modu bat da. Gasteizen eta Baionan egon nahi izan dugu, arrazoi batengatik edo bestearengatik, ez dugulako orain arte han egoteko aukerarik izan. Eta Bilboko Kafe Antzokian egingo dugun azken emanaldira gonbidatuko ditugu bide honetan ondoan izan ditugun hainbat lagun.

Gasteizen maiatzaren 31n duzue emanaldia, Jimmy Jazzen. Gasteiz antzokian egitea zen zuen asmoa?

ELORTZA: Asmoa baino gehiago zen. Hasieratik egon gara harremanetan Lazarraga elkartekoekin, eta sufritu dugu, ez haiek beste, baina bai haiekin batera. Azkenean, zoritxarrez, ezin izango dugu han egin. Boterea dutenek jakingo dute zergatik egin duten hau, baina txarto pentsatzeko moduko motiboak ematen dituzte. Euskal kulturzale eta euskaldun modura, penatuta, amorratuta eta haserre gaude. Baina Gasteizen egongo gara, besteak beste, Lazarraga elkarteko lagunengatik.

Agur bira bat da. Behin betiko agurra da?

ELORTZA: Ez dakit behin betiko agurrak zer esan nahi duen ere. Proiektu bat egiten duzunean urte eta erdirako pentsatuta, ez da agur bat zehazki, amaitzen den zerbait baizik. Proiektuak urte eta erdi zeukan, eta azkenetan dago. Hortik aurrera bideak jarraituko ote duen? Bai, baina ez dut ideiarik zein den, ezta noiz izan daitekeen ere. Zazpi Eskaletik Gu ta Gutarrakera, eta Gu ta Gutarraketik Anonyme Popularrera joan diren denbora tarteak behar baditut, 60 urte izango ditut. Nire kasuan behintzat, oso barrutik atera behar den zerbait da, eta ez daukat premiarik egiteko, ez bada egiteko premia daukadala.

RUEDA: Gure bideek berriz topo egiten badute, pozik egongo naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.