Datu kuantitatiboak eman dituzte lehenik. Puntako 22 irudi artista bilduko dituzte. Getxon (Bizkaia) izango dira erakusketak, eta gehienak kalean. Jaialdiaren hemezortzigarren aldia izango da aurtengoa, eta ekainaren 6tik 30era bitarte egingo dute, ia hilabetez. Eta, antolatzaileen hitzetan, horrek guztiak nazioarteko argazkigintzari eta irudiari eskainitako lehen mailako jaialdien maila paretsuan jartzen du Getxophoto. Jokin Aspuru jaialdiko zuzendariak onartu duenez, ordea, pentsatu ostean bakarrik definitu ahal izan du festibalaren lorpen kualitatibo nagusia. Jaialdiaren eredua aztertzera joandako Kanadako unibertsitate ikasle talde batek egin zielako galdera iaz, eta zer erantzun jakin gabe geratu zelako orduan. Baina orain badaki: «Loturak eta konexioak sortzeko duen gaitasuna da jaialdiaren balio kualitatibo nagusia. Getxoren eta arte garaikidearen artean. Artisten eta publikoaren artean. Publikoaren eta gure mediatzaileen artean. Magma moduko bat sortzen du horrek, eta garrantzitsua da hori mundu gero eta indibidualizatuago batean». Eta aurten jolasa izango da guztiaren ardatza: Play. Lelo hori hautatu baitu Maria Ptqk komisarioak aurtengo programa osatzeko.
Tituluan bertan dator lehen jolasa. Iaz pause izan zelako Maria Ptqk komisarioak jaialdirako hautatutako leloa, eta, beraz, etenaldiaren beharra nabarmendu ostean dator orain aktibaziorako deia. Jolaserakoa. «Bizitzaren bazterreko alderditzat jotzen da jolasa, baina ikertu dutenek ezetz diote, bizitzaren erdigunean dagoela. Haurtzaroan ez ezik, gerora ere baditugu jolaserako baliatzen ditugun espazio mugatu batzuk, ikasteko, sorkuntza lantzeko baliatzen duguna. Gizartearen miniaturazko bertsio bat sortzen dugu bertan, eta bizikidetza, mugak eta arauak ikasten ditugu horrela. Aberastasun hori du jolasak». Eta aberastasun horren erakusgarri da antolatu duen programa.
«Loturak eta konexioak sortzeko duen gaitasuna da jaialdiaren balio kualitatibo nagusia, eta garrantzitsua da hori mundu gero eta indibidualizatuago batean».
JOKIN ASPURUGetxophotoko zuzendaria
Lu Yang eta Feng Li argazkilari txinatarren parte hartzea nabarmendu du komisarioak, adibidez. Esaterako, bi erakusketa izango ditu Yangek. Haren erretratu batzuk jarriko dituzte ikusgai Ereaga hondartzan, baina, horrekin batera, haren Doku the Self izeneko filma ere proiektatuko dutela iragarri du. «Ez da erraza lan hori ikusi ahal izatea, eta erabat berritzailea da». Mundu digitalari eta berraragiztatzeari buruzko filosofiak uztartzen ditu haren lanak. Eta dantza da, berriz, Liren lanaren muina. Rave inprobisatuetan dantzara bildutako jendeari egindako erretratuek osatzen baitute Golden Times seriea.
Masahisa Fukase argazkilari japoniar ospetsuaren serie bat ere izango da ikusgai jaialdian. Artistak bere emazteari, lanera zihoala, etxeko leihotik egunero-egunero ateratako argazki serie bat da, zehazki, eta Ereagako hondartzara doan igogailuan jarriko dute. Arnau Rovira argazkilariaren Fantasia Resorts lana ere jarriko dute ikusgai, bestetik. Disney etxeak sortutako jolas parkeetan ateratako erretratuak biltzen ditu haren proposamenak.
«Gizartearen miniaturazko bertsio bat sortzen dugu jolastean, eta bizikidetza, mugak eta arauak ikasten ditugu horrela. Aberastasun hori du».
MARIA PTQKGetxophotoko komisarioa
Hiru eremu nagusi hartuko ditu jaialdiak: Algortako erdigunea, Ereagako hondartzako pasealekua eta Romo-Areeta ingurua. Ohikoak ditu horiek. Baina La Kantera skateparka ere hartuko du jaialdiak aurten, lehenengoz. Luisa Dorr artista brasildarraren Imilla argazki seriea jarriko dute bertan. Soineko tradizional ikusgarriak jantzita Bolivian skatean aritzen den emakume talde baten erretratuek osatzen dute bilduma hori, eta horregatik jarriko dituzte bertan.
Punta Begoñak galerietan ere bi erakusketa jarriko dituzte. Jason Fulford eta Veronica Fieiras artistenak, hain zuzen ere. Hayahisa Tomiyasu, Anna eta Bernhard Blume, Michalina Kacpera, Manuela Lorente eta Alejandra Carles-Tolra dira jaialdian parte hartuko duten beste artistetako batzuk.
Irudi digitalak, beldur errealak
Argazkigintzaren lengoaia bera ere jolaserako aitzakia izan daitekeela gogoratu du komisarioak. Eta bideojokoen munduari ere toki bat gorde diotela esan du. «Lengoaia garaikidea da, nahiz eta ez duen artearen esparruan oraindik erabateko onarpenik lortu». Baina, hain zuzen ere, hori da Maxim Zmeyev kazetari eta argazkilariaren proposamenaren ardatza. Bideojokoaren barruan ateratako argazkiak dira harenak. Mundu postapokaliptiko bat aurkezten duen joko batean sartzen da Zmeyev, zehazki, eta jokalariek, biziraun ahal izateko, babeslekuak eraiki behar dituzte bertan. Bada, babesleku digital horiei ateratako irudiak dira artistaren proposamenaren funtsa. Hark azaldutakoaren arabera, aterpe horiek «gezurrezkoak» izan arren, «benetako beldurrak» dituztelako jatorri.
Erakusketez gain, hitzaldiak, topaketak eta bisita gidatuak ere egingo dituzte jaialdian.