Getxophoto goiztiar bat

Ekainaren 2tik 26ra egingo dute aurten Getxophoto jaialdia. Jon Uriarte argazkilariak egin ditu komisario lanak, eta irudimena izango du gai nagusia

Sorgin ehiza du oinarri Bego Anton artistak Getxophoto jaialdian erakutsiko duen Haiek danak sorginak proiektuak. BEGO ANTON.
Inigo Astiz
Getxo
2022ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
«Pandemia libratu dugu». Egindako egokitzapen guztiak gorabehera, eta, programazioa osatzeko izandako buruhausteak ahaztu gabe, Euskal Herrian azken bi urteetan kultur arduradun gutxik ahoskatu ahal izan duten esaldi horixe ahoskatu du Jokin Aspuru Getxophoto Nazioarteko Irudi jaialdiko arduradunak, festibalaren aurkezpen prentsaurrekoan. Eta, zehaztu duenez, jaialdia nagusiki kalean egiten delako izan da posible hori. Egokituta egin dituzte azken bi urteak, noski, eta bertan behera utzi behar izan dituzte jende multzoak sortzen zituzten proposamenak, baina etenik gabe eutsi ahal izan diote proiektuari. Horregatik, data aldaketa izango da aurtengo nobedade nagusia. Lehen aldiz, ekainean egingo dute festibala; orain arte, hamabost urtez, irailean antolatu ostean. Jon Uriarte argazkilaria izango da komisarioa, hogei erakusketa inguru hartuko ditu egitarauak, Imajinatu izango du leloa, eta, besteak beste, bertan izango dira Judit Bou, John Hilliard, Marco de Mutiis, Clare Strand, Takashi Homma, Bego Anton eta Ainhoa Resano argazkilariak. Guztia, ekainaren 2tik 26ra bitartean. Aurten ere, nagusiki kalean.

Ekaina hilabete «oso egokia» dela uste dutelako aldatu dute data: azaldu dutenez, sasoi horretan kultur eskaintza ez baita oso handia, eta egunak, berriz, luzeak. Edonola ere, jaialdia antolatzen duen Begihandi elkarteko kideen kontziliazioa izan da motibo nagusia. Aspuru: «Jaialdia irailean egiten denez, uztailean eta abuztuan lan eskerga izaten dugu, eta ezin izaten ditugu etxekoak behar bezala zaindu».

Jaialdiak hiru urtean behin aldatzen du komisarioa, eta, ondorioz, azken aldia izango du aurtengoa Jon Uriarte argazkilari hondarribiarrak. Getxophotoren ezaugarri bana hautatu du argazkilariak urte bakoitzeko programaren ardatz modura, eta horregatik hautatu du aurtengo leloa, etorkizunean etor daitekeenari keinu egiteko. Kalea hautatu zuen gai nagusitzat lehen urtean, konpartitzearen ideiari heldu zion iaz, eta, azkenik, irudimenari eskaini dio aurtengoa. Zehazki, irudimenak bizitzari zentzua emateko betetzen duen rola aztertzea da asmoa, irudiek horretarako eskaintzen dituzten aukerak ere kontuan hartuta.

22 artista hautatu ditu horretarako Uriartek. Gutxi gorabehera, hori izaten baita jaialdiak izan ohi duen parte hartzaile kopurua.

Poluzio bisuala

Aspuruk azaldu duenez, berez, jaialdiak izango luke hazteko aukera, eta egin ahalko lituzke erakusketa gehiago, artista gehiagorekin; ordea, egun duen neurriari eustea erabaki dute. Gertutasuna da motiboetako bat, eta jasangarritasun bisuala bestea. «Ez ditugu hogei artista baino gehiago gonbidatzen, kopuru horrek aukera ematen digulako artista bakoitzarekin zuzenean lan egiteko, eta eskaintza ere handiagoa izan daiteke, baina Getxophoton ez dira berrehun argazki baino gehiago egoten: ez dugu poluzio bisuala areagotu nahi».

Proposamenaren kalitatea aipatu du Aspuruk, baina hainbat artistaren lanak ere nabarmendu ditu. Jaialdian izango dira urte luzeko ibilbidea duten Takashi Homma japoniarra eta John Hilliard britainiarra, esaterako. Argazkigintza dokumentala lantzen du lehenak, eta, nagusiki, ildo kontzeptuala landu izan du bigarrenarenak. Zuzendariak esan dusortzaile gazteagoak ere izango direla haiekin batera, eta Boliviako Marisol Mendezen lana goraipatu du haien artean. Eta festibalaren eskaintzaren askotarikotasuna frogatzen du izen zerrenda horrek, zuzendariaren ustez.

Nazioarteko egileekin batera, festibalean bi euskal ordezkari ere izango dira: Bego Anton eta Ainhoa Resano. Sorgin ehiza landuko du lehenak, eta Kutxateka artxiboan egindako ikerketa bat aurkeztuko du bigarrenak.

Hiru gune nagusi izango ditu programak herrian: Algorta erdigunea, Ereaga hondartza eta Erromoko kultur etxea. Hiru gune horietan bilduko dira erakusketarik gehienak. Eta haien osagarri, hitzaldiak, bisita gidatuak, argazkilaritza ikasleen topaketak, solasaldiak eta erakusketaz erakusketako bertso saio bat ere egingo dituzte.

Programa fisikoa ez ezik, sareko adar bat ere izango du jaialdiak. 30 film biltzen dituen hautaketa bat egin du Lois Patiño zinemagileak Filmin plataforman, eta Juan Coveli sortzaile kolonbiarrak eta Marco de Mutiis italiarrak ere proiektu digital bana aurkeztuko dute.

Alor digital horren garrantziaz aritu da zuzendaria. «Ohiko argazkilaritzaz gainera, algoritmoak, giltzak, sare neuronalak eta inteligentzia artifizialak lekua izango dute programan; gaur egun, irudi gehienak gune digitalean sortu, mugitu eta kontsumitzen dira, eta jaialdiak lekua egin behar die horiei ere».

Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren eta Getxoko Udalaren babesa du jaialdiak, eta 200.000 eurokoa da aurrekontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.