Urtero, kultur ekitaldi ugari izaten da udan Getxon (Bizkaia), baina udako ohiko egitarauari ez diola eutsiko erabaki du aurten Getxoko Kultur Etxeak. COVID-19ak eragindako larrialdi egoera dela-eta hartu du erabakia, esparru itxietan zein irekietan jarduerak egiteko eta ekitaldi jendetsuetan edukiera mugatzeko irizpideak aztertu ostean. Urruntze soziala bermatzeko neurriak ere kontuan hartu dituzte erabakia hartzeko, ohar baten bidez azaldu dutenez.
Horren ondorioz, irailaren 15era bitarte izango diren ekitaldi guztiak bertan behera uztea erabaki dute. Horien artean daude Getxoko 44. Nazioarteko Jazzaldia (uztailaren 1etik 5era egitekoa zena) eta San Lorentzoko Azoka (abuztuaren 10ean izan behar zuena). Besteak beste, Cyrille Aimee frantziar-dominikar abeslaria eta Ron Carter kontrabaxu jotzaile estatubatuarra ziren aritzekoak jazz jaialdian. Halaber, data horretatik aurrerako beste bi ekitaldi ere utzi dituzte bertan behera: Getxoko 36. Nazioarteko Folk Jaialdia (irailaren 25etik 27ra bitarte egitea zegoen iragarrita) eta Getxoko 19. Komiki Azoka (urriaren 2tik 4ra egitekoa zena). Bi ekitaldi horiei dagokien erabakia hartzeko, hiru arrazoi aipatu dituzte antolatzaileek: «Egitasmo horiek ezin dira egin aurreikusitako baldintzetan; antolakuntza eta ekoizpen lanak jarduera etenaldiaren barruan daude; eta, azkenik, gune publiko berean izaten dira biak».
Horiez guztiez gain, udako beste ohiko ekitaldiak ere bertan behera geratu dira udalerrian; esaterako, Nazioarteko Folklore Jaialdia, Habanera Jaialdia, Getxo Magik magia jaialdia eta Letren Terrazak (udako liburutegiak), baita Muxikebarri zentroan programatuta zeuden beste zenbait ikuskizun ere. «Egoerak modua ematen duen neurrian, Muxikebarrin martxotik aurrera bertan behera geratu ziren ekitaldiak aurtengo azken hilabeteetan edo 2021. urtean zehar berriro programatuko dira», gaineratu dute.
Edonola ere, «bertako kultura jarduera eta sektorea bultzatzeko eta herritarrak animatzeko asmoz», udako kultur egitasmoen programa bat antolatzeko aukera aztertzen ari dela jakinarazi du Getxoko Kultur Etxeak, «baldin eta osasun egoerak modua ematen badu eta agintariek zehaztuko dituzten osasun baldintzak eta urruntze soziala bermatzeko arauak betetzeko aukera badago».
Getxoko jazz eta folk jaialdiak eta komiki azoka ez dituzte egingo aurten
COVID-19ak eragindako egoeragatik, eta baldintzak aztertuta, udako ohiko egitaraua bertan behera uztea erabaki du Getxoko Kultur Etxeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu