Zuloa sortu da Balentziaga museoan. Zulo ekonomikoa. Dagoeneko ez da bideragarria Getarian (Gipuzkoa) eraikitako museoa. Bi urte baizik ez dira publikoari zabaldu zenetik, eta orain etorkizunari aurre egiteko neurriak hartu beharko dituzte. Irailaren 26an biltzekoak dira patronatuko lau erakunde nagusien ordezkariak: Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta Getariako Udala. Orduan erabakiko dute proiektua bideragarri egiteko modua
Bi arazo nagusi ditu Balentziaga museoak: batetik, azpiegitura handiegia da, eta horrek kostu ekonomiko handia eragiten du. Getariako museoak 1.953 metro koadroko azalera du, eta zazpi aretok osatzen dute. Eraikin handi horretan tenperatura egokia mantentzeko eta argiztatzeko diru dezente behar da. Energian soilik 300.000 euro inguru gastatzen ditu urtean; hau da, egunero 800 euro, batez beste. Getariako alkate eta patronatuko presidenteorde Nikanor Lertxundik esan duenez, hori da «arazorik handiena».
Bestetik, krisi ekonomikoaren ondorioz kultura jardueretara bideratutako diru laguntzak murriztu egin dituzte, oro har, administrazioek, eta Getariako museoa ez da salbuespena izan. Espainiako Kultura Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Kultura sailek bideratutako diru laguntza %37 txikiagoa izan da iazkoarekin alderatuta. Hau da, 1,5 milioi euro beharrean 942.000 euro jasoko ditu aurten Getariako museoak. Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren ekarpena %45 eta %43 txikiagoa izanen da aurten, hurrenez hurren, eta Gipuzkoako diputazioarena, %15 txikiagoa.
Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatu eta Balentziaga fundazioaren patronatuko presidenteak esan duenez, kontuan hartzekoa da museoa ireki zutenetik aldaketak izan direla diru iturri diren administrazioetan. Gainera, aurrekontuetan egindako murrizketei batu behar zaio patronatukide pribatuen ekarpenak behera egin izana. Babesleak lortzeko «oso momentu txarra» dela azaldu du Badiolak.Bisitari kopuruarekin, baina, kontent da. Aurtengo udan 19.450 lagun bertaratu dira museora, 200 bisitari egunean. Iaz, orotara, 68.232 bisita jaso zituen Balentziaga museoak urte osoan.
Egoera ekonomikoa txarra denik ezin uka daiteke, baina Ismael Manterola BERRIAko arte kritikariak dio murrizketak kulturan egin direla batez ere, «bigarren mailakoa» balitz bezala. «Kultura luxua delako ideia zabaltzen saiatzen ari dira [Administrazioak]: 'Ospitaletarako dirurik ez dagoen momentuan nola inbertituko dugu kulturan?'». Baina hori gezurra dela uste du, dirua azpiegitura handietan inbertitzen jarraitzen dutelako.
Negozioaren kultura
Balentziaga museoak dituen arazo ekonomikoen iturburua iraganean dago. Hamar urteko eraikuntza lana eta 30 milioi euroko inbertsioa behar izan ziren Getariako museoa martxan jartzeko,hasieran sei milioi aurreikusi baziren ere. Proiektua aspaldikoa bada ere, bi urte baizik ez dira ateak zabaldu zituenetik. Krisi garaian, bete-betean. «Urte eroak» zirela aipatu du Lertxundik —orduan ez zen Getariako alkate—, eta inork ez zuela aurreikusi krisi ekonomikoa helduko zenik. «Ikusmira handiarekin egindako museoa izan zen, eta gaur egun ez du kabidarik». Orduko aurreikuspenak egun «urruti» geratzen direla uste du Badiolak ere, eta, beraz, garaietara «egokitu» behar direla.
Balentziaga museoak ez zuen azalera handiko eraikinik behar. Hala pentsatzen du Manterolak. Eraiki eta eraiki. Balentziaga museoaren proiektua sortu zenean azpiegitura handiko museoak sortu ziren Euskal Herrian. Behin egina, baina, eraikinak mantentzea behar duela ez zuten aurreikusi. «Askotan eraikuntzetan gastatu zena ez balitz gastatu eta gauza txikiagoak egin izan balira, diru horrekin urte gehiago mantenduko lirateke museoak», esan du arte kritikariak. Gaiarekin lotutako adibide bat etorri zaio burura: Tabakalera. «Proiektu erraldoia da, bainanola mantentzen da urteetan?».
Negozioa zen helburua, kulturaren lepotik bazen ere. Kulturari bainoago eraikuntzari lotutako negozioa, Manterolaren ustez. Nahiz eta egon badiren beste modu batera egindako museoak, Bilboko Arte Ederren museoa, kasurako. «Bere neurria handituz joan zen pixkanaka, baina inoiz ez da izan izugarrizko museoa». Metro gutxira duen Guggenheim museoa, aitzitik, negozio huts izan zela uste du. «Ez du Bilborekin zerikusirik, ezta kulturarekin ere; hori negozioa izan da, operazio ekonomikoa».
Azaleraren arazoari ekonomikoa batuz gero, egoera nahiko larria da. Dena den, gauza bat argi dute bai Badiolak eta bai Lertxundik: museoa ixtea ez da planen artean sartzen. Getariako alkateak zurrumurruei aurre egin nahi izan die: «Inori ez zaigu burutik pasatu museoa ixtea». Azpiegitura egina dago, eta, beraz, mantendu beharra dagoela uste du. Bileran mintzatuko dira egoeraren inguruan, eta, horregatik, Balentziaga museoko arduradunek ez dute BERRIArekin hitz egin nahi izan. Hala ere, mahai gainean diren aukeretako batzuk aipatu dituzte Lertxundik eta Badiolak.
Alde batetik, ordutegiak murrizteko parada dago, egunean ordu gutxiagoz irekiz. Beste aukeretako bat, orain arteko bisiten jarioa aztertu eta horren arabera behin-behineko itxialdiak egitea da. Hau da, museoak bisitari gutxien jasotzen dituen hilabeteetan ez ireki. Hala ere, alkateak argi utzi nahi izan du bileran hartuko direla erabakiak.
Funtzioa argitzeko beharra
Hartzen diren neurriak gorabehera, museoaren iraupena bermatzeko helburuak berrezarri eta berraztertu beharko liratekeela esan du Lertxundik. «Museoak zentzua behar du», azaldu du. Gakoa galdera bati erantzutea da: zer eskaini nahi da museoarekin? Horren erantzuna da museoaren bideragarritasunaren giltza, alkatearen ustetan. «Museoak eduki jakin bat ez baldin badu —ezinbestean kulturala—, ez baldin badu zentzu bat, bisitari kopurua murriztuko da, ez direlako itzuliko», dio. Balentziaga museoaren edukiari dagokionez, «pixka bat hankamotz» geratzen dela uste du. «Erakusketa bat dago, eta badago lanketa bat Cristobal Balentziagaren lanari buruz, baina museo batek ezin du horretaz baliatu bakarrik». Haren aburuz, museoaren inguruan aktibitatea egon behar da bideragarria izan dadin.
Beraz, Getariako alkatearen arabera, museoaren eskaintza da berriz aztertu behar dena, horri egokitutako jarduerak eta ekitaldiak antolatu, nahiz ezberdinak izan, eta horrela museoak bizitza izanen du, eta horrek bisitariak erakarri. Gakoa museoari «zentzua» ematea dela uste du.
Bide beretik mintzatu da Manterola, oro har museoen jardueraz hitz egitean. Ordutegiaren egokitzapenak gorabehera, haren aburuz beste bat da konponbidea: «Museoa bera berriz ere pentsatu beharko litzateke». Museoa zertarako den eta zein zerbitzu eskaini beharko lituzkeen birpentsatu, alegia. Berak argi du: «Hiru oinarri eduki beharko lituzke museo batek: ondarea babestu, zabaldu eta ikertu». Gaur egun, memoria kolektiboa osatzen duen hori gordetzen da museoetan, baina dibulgazio lana ez da hainbeste egiten. Gainera, ikerketa ez dela bultzatzen uste du arte kritikoak.
Dagoeneko toki gehienetan daude museoak. Turismoa erakartzeko, batik bat, kultura zabaltzeko bainoago. Hala uste du Manterolak, behinik behin. Pizgarri ekonomiko hutsak dira. «Askotan behetik gora baino goitik behera egin ditugu. Nire ustez museo bat sortzen da kultur behar bat dagoenean, baina alderantziz egiten bada, gertatzen da gertatzen dena». Izan ere, gizarteak gorde eta zabaldu nahi duena, «memoria kolektiboa», zaindu beharko lukeela uste du.
Arazo ekonomikoez gain, beste erronka bat du museoak: zuzendaria aurkitzea. Javier Gonzalez de Duranak kargua uztailean utzi behar zuen. Miren Arzalluz eduki arduradunak alde egiteak ezustean harrapatu zituela esan du Badiolak, etorkizunerako berarekin kontatzen zutelako. Dena den, talde «konprometitu» bat badela azaldu du, eta hilabete gutxitan aukeratuko dutela zuzendaria. Talde horren esku egonen da Lertxundik aipatutako erronka nagusia: museoari «zentzu zuzena» ematea.
Kultur azpiegiturak. Arazoak Balentziaga museoan
Getariako zuloa
Egoera ekonomiko txarrean da Balentziaga museoa, diru laguntzen murrizketek bideraezin egin baitute proiektua. Irailaren 26an hartuko dituzte aferari dagozkion erabakiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu