'COLOUR, LIKE A HORMONE'
Cibrian galerian sartu bezain pronto altxa da bere aulkitik aretozaina eta aretorantz jo du. Berehala audio bat martxan jarri da eta zuzen-zuzenean gugana zuzendu da oso modu adeitsuan eta aurrez barkamena eskatuz. Laida Lertxundiren Colour, like a hormone banako erakusketako instalazioan arazo teknikoren bat suertatu omen da aste honetan. Eskultura bakoitzak botoi bat omen dauka, hura sakatu eta audio zehatz bat martxan ipintzen dena eta mekanismoek ez omen dute funtzionatzen. Horren ordez, audio guztiak bata bestearen atzetik buklean jarri dituzte, etengabean entzuten direla —pentsatzen dut, artistarekin batera adostutako behin-behineko soluzioa izan dela—. Pena eta kasualitatea; baina horrelakoak ohikoak dira erakusketetan, bereziki teknologiak tarteko direnean —bideoak eta audioak izaten dira beti instalazioetan buruko min handienak sortzen dituztenak—. Beraz, ulermenez baina erakusketan izango dugun esperientzia bete-betekoa izango ez denaren jakitun ekin diogu bisitari.
Pasillo bat gurutzatzen da areto nagusira iritsi aurretik, eta ia oharkabean ikusi dugu lehen pieza; txiki-txikia eta korridore estuaren hasiera-hasieran kokatua dagoena, alde bateko izkina batean. Koloreak bereganatu du nire arreta, arrosa bizi koloreko A5 tamainako orrialde baten itxurakoa da; gerturatu eta orrialde baten kopia dirudi, jatetxe bateko faktura-orri huts batena, eta bertan gainjarrita egunsenti bat nabari da. Erakusketaren izenburuak keinu egiten dion kolorearen lehen dosia sartzen du gorputzean piezak, eta pixkanaka barnetik barreiatzen eta zabaltzen hasten da hormonen gisara.
Behin areto nagusira iritsita, lau zonalde bereizten dira: espazioaren erdian erdizka funtzionatzen duten multimedia-eskulturak daude; eskuinetara bideo baten proiekzioa dago sabaitik zintzilikatzen den pantaila batean; ezkerretara, horman esekita berriz, zenbait fotogramen inpresioak eta hauekiko diagonalean gelditzen den beste horman beste bideo bat, formatu txikiagokoa, tablet batean. Zalantzarik gabe, begirada multimedia-eskulturek biltzen dute pasilloarekiko lerrokaturik daudelako. Zurezko idulkien gainean dauden beira gaineko inpresioak dira. Bakoitzean (lau dira denera), paisaia berdina dirudienaren enkoadraketa ezberdinak ikus daitezke —zerua, zerua eta itsasoa, zerua itsasoa eta media, eta beste zeru zati bat—, haiek estaltzen dituzten kolore bizietako gainazalen ebakiduretatik antzematen direla. Geruza ezberdinen gainjartzeak dira; elkar estaltzen dutenak; igarotzeko eta ikusteko artistak ebaki egin behar izan dituenak, ia jolas bat bailitzan; zer erakutsi, zer ez.
Hain zuzen ere, geruzen arteko jolasa da erakusketako pieza guztien arteko lokarri eta lokailu nagusia. Agian ageriena, sabaitik zintzilikatutako Películas bideoan antzematen da. Bi gorputz agertzen dira, emakumezkoenak. Hasieran, areto erdiko eskulturetako antzeko paisaia bati begira daude, ondoren, haien gogoetak biltzen dituzte. Hasieran metaforikoagoak diren geruzak begi-bistakoak bilakatzen dira segidan. Gorputzak proiektatutako irudien gainean gainjartzen dira eta irudi-geruzak sortzen dira; gorputz-geruzak. Errealitate-geruzak. Materiadunak eta materiagabeak. Kolore-geruzak kolore-gorputz bilakatzen dira, estaltzen dena eta estali ezin denaren arteko jolasean berriz ere. Sortzeak eta osatzeak.
Bideo honetako fotogramak dira ezkerreko horman esekita daudenak; erakusketari ekarpen gehiegirik egiten ez dietenak. Aldiz, diagonalean kokatutako beste bideoa (Sunrise Slips) eta haren ondoan kokatutako instalazio ederra (Sunraise Slips Pink) osagarri interesgarriak dira, eta irakurketa geruza anitzak gehitzen dizkie erakustokiko proposamen nagusiei, ikusgarritasunaren jolasarekin jarraituz.
Eskuorria irakurrita, artistak pelikula baten xehatze gisakoa planteatu nahi izan duela ematen da aditzera, koloreari, argiari, soinuari eta irudiari modu indibidual batean haien protagonismoa aitortuz. Aitzitik, intentzio hori halako murmurioan gelditzen da, bisitaria bereziki bi ikus-entzunezkoak gogoan dituela irteten baita, beste lanek haien oihartzun gisara funtzionaturik. Izan ere, Lertxundiren adierazpen esparrurik nagusiena zinemagintza da, eta erakusketa honetan ere argi antzematen da hori.