Pandemia garaian, duela hiru urte, bisitarik gabe, ateak itxita eta erabat isilik geratu zen Bilboko Arte Ederren Museoa, Euskal Herri osoan ezarritako itxialdiaren ondorioz. Egoera hori abiapuntu gisa hartuta, aHUTSAK HARTUa proiektua lantzen hasi ziren Maialen Lujanbio bertsolaria eta Xabier Erkizia soinu artista. Atzo aurkeztu zuten, eta lau elementuko soinu ekosistema bat da emaitza: liburu bat, soinu instalazio bat, performance bat eta webgune bat. BBK-k lagundu du egitasmoa.
2020ko ekainean hasi ziren proiektua lantzen bi artistak, museoa itxita egon zen bitartean, eta orain arte aritu dira lanean. Egoitzaren soinuak, ahotsak, oihartzunak eta isiltasunak biltzea izan da asmoa. Azken batean, «induskatzaile lana» egitea, Lujanbioren hitzetan: «Hutsik zegoenaren hauts-hondarren artean bila hasi ginen. Hautsa entzuten saiatu ginen: hauts sonikoa eta hauts fisikoa».
Izenburuak iradokitzen duen bezala, hutsaren eta hautsaren arteko hitz joko bat izan zen abiapuntua. «Itxialdi hark eta geldialdi soziokultural orokor hark zenbait gogoeta piztu zituzten gugan: zer diren artelanak inork begiratzen ez dienean; zer entzuten den museoaren hormen artean inor ez dagoenean... Jakin-min horretatik sortu da. Bilboko Arte Ederren Museoaren hatsa derrigortutako isiltasuneko une hartan harrapatzeko saiakera gisa ekin genion lanari», adierazi dute hitzaurrean.
Lujanbioren arabera, geruza terminoa izan da, besteak beste, proiektuaren hitz gakoetako bat: «Museoko geruza guztietan barneratzen ahalegindu gara». Era berean, museoaren egunerokoan ezkutuan geratzen diren horiei ere eman nahi izan diete ahotsa: «Ageriko lanak distira egin dezan, atzeko lan guztia ere izan daiteke hautsa».
Gaurtik aurrera bisitatu ahal izango da, Bilboko museoan. Gainera, Miguel Zugaza zuzendariak jakinarazi duenez, martxan dago jada udako ordutegia: 10:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da astelehenetik larunbatera, eta igandeetan, berriz, 10:00etatik 15:00etara.
Lau elementu
30 ordu baino gehiagoko audio grabazio bat lortu dute, orotara, Erkiziak eta Lujanbiok, eta hitzen, soinuen eta irudien bilduma bat da emaitza.
Berez, liburua da proposamenaren ardatz nagusia. Formatu hibridoa du, eta testuen, soinuen eta irudien «katalogo poetiko» bezala aurkeztu du Cesar Otxoa Hezkuntza saileko teknikariak: «USB memoria duen paperezko liburu bat da». 168 orrialde ditu guztira, 33 kapitulutan banatuta, eta poetikak, aforismoak, entseguak eta bestelako idazki batzuk bildu dituzte. Horrez gainera, bi ordu inguru irauten duen 33 piezako bilduma jasotzen ditu USBak.
Nahita aukeratu dute 33 zenbakia. Otxoak azaldu du zergatia: «33 gela ditu museoak orotara, eta horri egin nahi izan diogu keinua». Hitzaurrean Michael Marder Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioko irakaslearen testu bat dago: Hautsa: gauzen erbestea. Baita Erkiziaren eta Lujanbioren beste hitzaurre bat ere, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Frantziska diseinu grafiko eta komunikazioko estudioak diseinatu du liburua, eta ehun ale publikatu dituzte.
Museoko 21. aretoan kokatu dute soinu instalazioa: espazio huts bat da, zuria eta minimalista. Teknologia ultrasonikoa duten noranzko bakarreko zenbait bozgorailu daude hormetan, eta bisitariak, aretoa gurutzatzen duen bitartean, askotariko esperientzia sentsorialak biziko ditu.
Bi horiez gain, atari bat jarri dute ikusgai museoko webgunean. Sei ataletan banatu dituzte edukiak: sarrera, argitalpena, instalazioa, performancea, audioak eta irudi galeria.
Amaitzeko, ekintza performatibo bat egingo dute bi artistek. Bien arteko ekintza gisa planteatu dute: «Bi artistak museoko espazioetan barrena mugituko dira, museoaren ahots akustikoaren berraktibazioa transmititzeko asmoz», azaldu du Otxoak.
Museoaren eskaera
Koronabirusak eragindako bi hilabeteko itxiera abiapuntu hartuta, pieza bat egiteko eskatu zien hainbat artistari Bilboko Arte Ederren Museoak. Kukai dantza taldea izan zen lehenengoa: Jon Maiak koreografia bat sortu zuen ABC erakusketan barrena. Haren ondotik, Maider Lopez artistak Arnasa argi instalazioa sortu zuen.
Geruza hutsen soinuak
Xabier Erkiziak eta Maialen Lujanbiok 'aHUTSAK HARTUa' proiektua aurkeztu dute. Pandemian Bilboko Arte Ederren Museoan izandako isiltasuna erregistratu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu