Zinema estreinaldiak

Gerturatzen doan sugarra

'Roter Himmel' Christian Petzold zinemagile alemaniarraren azken filmak eleberri bat idazten ari den gazte bat du protagonista. Sozialki trakets samarra, uda lagun baten etxean igaroko du, ezagutzen ez dituen pertsonekin egunak partekatuz

Christian Petzolden 'Roter Himmel' filmeko irudi bat.
Christian Petzolden 'Roter Himmel' filmeko irudi bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko ekainaren 12a
05:20
Entzun

Leon eta Felix lagunak dira, eta Alemaniako kosta baltikotik gertu dagoen basoa zeharkatzen ari dira. Autoa hautsi eta oinez jarraituko dute. Zuhaitz artean dagoen etxe batera iritsiko dira, Felixen amarenera. Izan ere, lanera etorri dira bi gizonak: Felixek argazkiak prestatu behar ditu proiektu baterako, eta Leonek bere bigarren eleberria idazten bukatu beharra dauka. Etxea ez dago hutsik, ordea. Nadja izeneko emakume bat eta, zenbait gautan, haren maitale Devid soroslea daude bertan.

Leonek idazteko zailtasunak ditu, bere azken lanaren kalitateari buruz bueltaka dabil, eta etxean dituen distrakzioak aitzakia ona dira idazten ez hasteko. Lanerako dituen zailtasunei harremantzeko duen era traketsa gehituko zaie, oraindik ere bizi ez dituen egoera guztiak argitara atereaz.

Era berean, inguruko suteei buruzko albisteak gero eta kezkagarriagoak izango dira, eta, altuera baxuan hegan egiten duten ur-ponpak jaurtitzen dituzten hegazkinen soinua ohikoagoa bihurtzen den heinean, zerbait gertatuko den susmoa piztuko da gazteengan.

Christian Petzold pandemia garaian hasi zen Roter Himmel-en gidoia idazten. Konfinamendua iragarri zutenean Parisen zegoen Petzold, Paula Beer aktorearekin Undine filma aurkezten. Biak COVIDarekin kutsatuta iritsi ziren Alemaniara, eta Petzold, sukarraren eraginez, amets oso biziak izaten hasi zen. Era berean, Eric Rohmerren filmografia guztia ikusteko aukera izan zuen, eta Frantzian nahiz AEBetan udako filmak izenburuarekin ezagutzen den generoari buruz hausnartzen hasi zen: gurasorik gabeko bi hilabete erretratatzen dituzten filmak dira, gazteek beren nortasuna bilatzeko erabiltzen dituztenak. Munduari buruz zerbait erakusten duten hilabeteak dira. Buruan ideia hauek zituela, eta Txekhoven eleberri motz bat irakurri ondoren, hasi zen Petzold Roter Himmel-en istorioa idazten.

Petzolden aurreko filmekin alderatuz gero, arinagoa dirudi Roter Himmel-ek: Rohmerren eragina, udako maitasunak, erabilitako umorea, itxuraz duen inplikazio politikorik eza… Istorioak aurrera egin ahala, ordea, ilunagoa bilakatuko da, eta zerbait gertatuko deneko sentipena areagotuz joango da. Protagonistaren baldarkeriak agerian jarriz, baina bere zaurgarritasuna era finean erretratatuz, zinemagile alemaniarrak nahieran moldatzen ditu pelikula genero eta estiloak, batetik bestera salto eginez, eta istorioaren estrukturarekin jolasten du, batzuetan ikuslea desorientatuz, baina, eta berean, filma zirraragarriagoa bilakatuz.

'ROTER HIMMEL'

Zuzendaria: Christian Petzold. Gidoilaria: Christian Petzold. Aktoreak: Thomas Schubert, Paula Beer, Langston Uibel.

Argazkia: Hans Fromm. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 102 min. Herrialdea: Alemania. Estreinaldia: Ekainaren 14an estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk

'Zielona granica'

Zuzendaria: Agnieszka Holland.Gidoilariak: Gabriela Lazarkiewicz-Sieczko, Maciej Pisuk, Agnieszka Holland.

Aktoreak: Behi Djanati Atai, Agata Kulesza, Piotr Stramowski. Argazkia: Tomasz Naumiuk. Generoa: Drama. Urtea: 2023.
Iraupena: 143 min. Herrialdea: Polonia

Bielorrusiaren eta Poloniaren arteko muga berdea deiturikoa osatzen duten basoetan, Europako Batasunera iritsi nahi duten Ekialde Hurbileko eta Afrikako errefuxiatuak Aleksander Lukaxenko Bielorrusiako estatuburuak diseinatutako krisi geopolitikoan harrapatuta gelditzen dira. Izan ere, errefuxiatuak mugara erakartzen dira, EBrako sarrera erraz bat agintzen duen propagandarekin. Ezkutuko gerra honetan, bere bizitza erosoari uko egin dion aktibista baten (Julia), Jan mugazain gaztearen eta siriar familia baten bizitzak gurutzatuko dira.

'Zielona granica' / 'Green Border' filma.
'Zielona granica' filma.

'Eureka'

Zuzendaria: Lisandro Alonso

. Gidoilariak: Lisandro Alonso, Fabian Casas, Martín Camano. Aktoreak: Chiara Mastroianni, Jose Maria Yazpik, Rafi Pitts. Argazkia: Timo Salminen, Mauro Herce. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 146 min. Herrialdea: Argentina.

Alaina nekatuta dago Pine Ridgeko erreserban polizia ofiziala izateaz, eta bere irratiari erantzuteari uztea erabakiko du. Sadie ilobak gau luzea emango du haren zain, eta, zaurituta, bere aitonaren laguntzarekin bidaiatzea erabakiko du: denboran eta espazioan zehar Hego Amerikaraino hegan egingo du, eta zuri-beltzeko western zaharrak ikusteari utziko dio.

'Lost Country'

Zuzendaria: Vladimir Perisic

. Gidoilariak: Vladimir Perisic, Alice Winocour. Aktoreak: Jovan Ginic, Jasna Djuricic, Miodrag Jovanovic. Argazkia: Sarah Blum, Louise Botkay-Courcier, Louise Courcier, Mathieu Giombini. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 98 min. Herrialdea: Serbia.

Serbia, 1996. urtea. Milosevicen erregimenaren aurkako ikasle manifestazioetan, 15 urteko Stefanek iraultzarik gogorrena bizi beharko du. Bere amari aurre egin beharko dio, gobernu ustelaren bozeramaile eta konplizeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.