Durangoko 49. Azoka. Musika

Gerriaz entzutekoak

Bere ibilbideko hirugarren estudio lana kaleratu du Emonek: 'Sua'.Perkusioa eta pianoa gehitu, eta bederatzikote bilakatu da

Emon taldeko kideak. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Belarriarekin beste gerriarekin entzutekoa da Emon taldearen musika. Cumbia, runba, merengea, tangoa, rocka, rapa, reggaea... musika kaleidoskopio moduko bat osatzen dute Sua diskoko hamahiru kantuek (Baga-biga). Iaz kaleratu zuten Konfeti kolore diskoan landutako ildo bera landu dutela diote, baina hobeki. «Disko hartan koktel bat osatu genuen, eta gustatu zitzaigun erritmo ezberdinekin jokatzea. Sua diskoan filosofia berarekin egin dugu lan, baina soinu produkzioari garrantzi handiagoa eman diogu». Seikote izateari utzi eta bederatzikote bihurtu da taldea, gainera, eta, diotenez, zuzenekoetan jendea dantzan jartzea da haien helburua. Belarritik gerria mugiaraztea, alegia.

Ez da estilo bakar batean geratzekoa taldea. Runba da osagai nagusietariko bat, baina kanta bakoitzerako estilo bat lantzen dute kasik hamahiru kantako diskoan. Hona zazpi adibide: ska-rock azkarra da Patxuko abeslariarekin batera grabatutako Nomadak abestia; merenge ukitu moduko bat du Bizizale-k; punk-rocka eta reggaea uztartzen ditu Laranja soinean abestiak; rap zati batzuk dituzte Bi begiak eta Mintza kantuek; ska klasiko baten airea du Karriketan-ek; eta tango batekin itxi dute diskoa: Ni naiz zure kantua-rekin, hain zuzen ere. Aurpegi bat ia kanta bakoitzeko, eta, halere, aurpegi horiek guztiak dira Emon.

Orain ia zazpi urte sortu zen taldea, Bergaran (Gipuzkoa), eta hiru disko dituzten arren, bigarrenetik hasi dute kontaketa kideek. Iaz kaleratu zuten Konfeti kolore diskotik, alegia. Eta haren jarraipena da orain kaleratutakoa, diotenez. Axular Arizmendi aritu da taldekoekin teknikari eta produkzio lanetan, eta, Emonekoen hitzetan, garrantzi handia izan du haren eskuak kanten nondik norakoan. «Produkzio lana askoz ere landuagoa da orain arteko diskoetan egindakoa baino». Bederatzi kide dira orain, gainera, eta aldatu egin du horrek lan egiteko modua ere. Pianoa, perkusioak eta bigarren gitarra gehitu dituzte estudioan, eta pianoa, bigarren gitarra eta perkusioak gehitu dituzte horregatik zuzenekoetarako ere. «Aurreko lanarekin ez du zerikusirik izango. Erritmoak filosofia beretik doaz, baina agertoki gainean ikusiko dena beste gauza bat izango da», azaldu du Aritz Alustiza taldeko trikitilariak.

Gutxiagorekin gehiago

Baga-Bigako Ritxi Aizpuruk egin du taldearen deskribapena: «Zuzenekoetan ahalik eta jairik handiena prestatzen saiatzen dira, eta hitzetan ere presente egon behar du suak. Dantza egiteko modua izango da, baina gaur egungo sistemaren petraltasuna ere adierazten dute». Izan ere, kantarik gehienak baikorrak diren arren, eztena ere badute haietariko zenbaitek. Genero rolei buruz mintzo da Desira dudan bezala abestia, esaterako, Palestina da Bi begiak kantako gaia, eta gazte independentisten atxiloketak salatzen ditu Laranja soinean-ek. Laguntza izan dute zenbait hitz sortzeko, eta lagun sorta gonbidatu dute estudiora kolaboratzera ere. Luzea da zerrenda: Mikel Lazkano, Kike Olveira, Selektah Kolektiboko Wanka, Vendetta taldeko Pello Reparaz, Oier Ponce piano jotzailea, Marcel Marimon... Alustizak azaldu du beren motibazioa: «Aurreko diskoarekin egindako kontzertuetan ezagutu dugun jendearekin harremana mantentzeko modu bat izan da».

Trikitiak aurreko diskoetan baino presentzia txikiagoa izan duela diote taldekideek, eta azaldu dute zergatia: «Gutxiagok gehiago egin dezakeela dioen filosofiarekin aritu gara estudioan. Bederatzi kide gara orain taldean, eta ezinezkoa da tresna guztiak etengabe lehen planoan egotea. Zenbat eta tresna gehiago sartu, orduan eta portzentaje txikiagoa izango du bakoitzak. Musikari bezala oso garrantzitsua da arnasguneak ematea abestiei». Diotenez, materialez beteta eraman zituzten kantak estudiora, eta nagusiki kenketan aritu dira horregatik estudioan. Eta kendutakoarekin irabazi egin dutela diote orain.

Urtarrilean hasiko dituzte kontzertuak Euskal Herrian, baina Kataluniara ere joango dira biran, azaldu dutenez. Apollo aretoan eskainiko dituzte emanaldiak Bartzelonan. Argi azaldu du taldekoen nahia Alustizak: «Gure asmoa disko honekin da kanpora ateratzea, eta, gainera, atera nahi dugu kanpora euskaraz kantatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.