Gerren aurkako aldarria sormen bilakatu dute 220 artistak Amarika aretoan

'Gerra eta denbora. Decrecimiento' erakusketa martxoaren 30era arte egongo da zabalik Gasteizen. Hitzaldiak, poesia errezitalak eta antzerki saioak ere antolatu dituzte, gatazkak eta desazkundea ardatz hartuta.

'Gerra  eta denbora. Decrecimiento' erakusketan parte hartu duten artistetako batzuk. ARABAKO FORU ALDUNDIA
'Gerra eta denbora. Decrecimiento' erakusketan parte hartu duten artistetako batzuk. ARABAKO FORU ALDUNDIA
edurne begiristain
2025eko martxoaren 5a
04:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela bi urte, Espazioa erakusketa aretoa eta kultur taldearen ekimenez, dozenaka artistak parte hartu zuten Gerra eta denbora erakusketan. Gasteizko Amarika aretoan ikusgai jarri zuten erakusketa, eta haren bueltan 30 jarduera baino gehiago antolatu zituzten urte bereko martxoa eta apirila bitartean. Ordutik, hilabete batzuk igaro dira, baina gerra hotsak ez dira isildu; are, gaur egun gerra horietako askok piztuta jarraitzen dute, eta berriak sortu dira. Horregatik, gerraren aurkako aldarriari heldu dio atzera aretoak, eta diziplina ugaritako artisten ekarpenarekin erakusketa ondu du Amarika aretoan: Gerra eta denbora. Decrecimiento.

Amarika-Gerra
Amarika aretoan ikus daitezkeen lanetako bat. ARABAKO FORU ALDUNDIA

«Gaur egun 56 gerra daude piztuta, eta gero eta jende gehiago hil eta baliabide gehiago suntsitzen dituzte; hor dago Gazako sarraskia, adibidez. Horregatik antolatuko dugu gerra guztien kontrako erakusketa bat, uste dugulako gerra dela sistemaren interesen adierazpenik krudelena». Jose Cos Espazioa aretoko arduraduna da, eta, haren esanetan, gerrak daudenean kulturak ezin du beste alde batera begiratu. Hain justu ere, 220 artistaren parte hartzearekin ondu dute gerren aurka antolatutako erakusketa —eskulturak, margolanak, argazkiak eta instalazioak— , bai eta horren inguruan prestatutako egitaraua ere. Martxoaren 30era arte egongo da zabalik.

«Gerra guztien kontrako erakusketa bat antolatu dugu, uste dugulako gerra dela sistemaren interesen adierazpenik krudelena»

JOSE COSEspazioa aretoko arduraduna

Alde batetik, Amarika aretoan ikus daitezke hainbat artistak egindako lanak. Denera, 110 artista plastikoren obrak paratu dituzte: 82 artistaren lan indibidualak, eta zenbait kolektiboren lan bateratuak. Besteak beste, Charo Martinez, Ernesto Murillo Simonides, Irantzu Lekue, Arantza Eziolaza, Eider Lozano eta Malu Riaza artisten obrak daude ikusgai. Beste alde batetik, eta lan horien osagarri, beste diziplina batzuetako sortzaileen lanak ere bildu dituzte; eta, hala, Amarika aretoan eta Artium museoan poesia errezitalak, hitzaldiak, bertso saioak, dantza ikuskizunak eta antzezlanak egingo dituzte.

Gerra, negozio

Erakusketa gogoetarako akuilu izatea nahi dute arduradunek, eta izenburuaren esanahia esplikatuz azaldu du Cosek zein den asmoa. Palestinako eta Ukrainako gerretan hildakoak gogoan, gerra «negozioa» dela ohartarazi du: «Munduko gastu militarra handitzen ari da, armen salerosketa da munduan irabazirik handienak ematen dituzten negozioetako bat, munduko aurrekontu militarraren erdia baino gehiago NATOko herrialdeen eskuetan dago...». Eta gerran denborak duen garrantziaz ere hausnartzeko parada hartu dute erakusketan esku hartu duten artistek: «Izan ere, guk denboraren inguruan dugun pertzepzioa eta gatazkak sufritzen dituztenek dutena ez dira igualak».

Gerrari eta denborari loturik dago erakusketaren hirugarren ardatza ere: desazkundea. «Mugarik gabeko hazkundearen mende gaude, sistemaren xahutze ekonomiaren eta kultura kontsumista eta mugagabearen ekonomiaren mende. Agian, gerra gatazken berehalako izugarrikeriak ez digu uzten ikusten nola gerra global bat gertatzen ari den», dio Cosek.

Amarika ixtearen aurkako herri ekinaldi legegilea, tramiterako

Arabako Batzar Nagusietako mahaiak tramiterako onartu du Amarika aretoaren itxieraren aurka Espazioak aurkeztutako herri ekinaldi legegilea. Jose Cos Espazioko arduradunak azaldu duenez, orain lau hilabeteko epea zabalduko da itxieraren aurkako sinadurak biltzeko. Oraindik ez dakite zenbat sinadura beharko dituzten ekinaldiak aurrera egin dezan, baina aski babes biltzea espero dute.
 

Arabako Foru Aldundiaren erabakiaren inguruan haserre mintzatu da Cos, eta arbuiatu egin ditu Ana del Val Kultura diputatuak itxiera justifikatzeko emandako argudioak: «Amarika aretoa nola edo hala itxi nahi dute, eta horretarako esaten dute ez dituela nahikoa bisita. Baina aretoaren erdia ia erabili gabe dute. Ez al da izango ez dutela han erakusketarik egin nahi?». Espazioko buruak uste du instituzioek «irtenbide duina» eman beharko lioketela gune horri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.