Gerraren kontra, agertoki gainean

'Eta bihar... zer?' obrari azken ukituak ematen dabiltza asteon Gaitzerdi, Hortzmuga eta Traspasos konpainietako kideak. Ikus-entzunezkoak, antzerkia eta musika uztartuz, indarkeria salatu nahi dute.

Gerraren eta indarkeriaren ondorioez gogoeta egiten du antzezlanak. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Zapatila piloa agertoki gainean. «Zapatila galdu bakoitzak gerran hildako pertsona bat sinbolizatzen du. Metafora bat da, zapatilak dauden tokian, jendea egon da, eta orain ez dago. Bakoitza bere pertsona bilatzen ari da, galdutako senitartekoa edo laguna». Hori izan zen Gaitzerdi, Hortzmuga eta Traspasos konpainiako aktoreek ekainean entseatu zuten lehenengo eszena. Esti Alonso aktoreak ongi oroitzen du momentua, «aktore guztiok hartu genuen parte, eta oso hunkigarria izan zen. Zapatila artean sartu, eta lehenengo ikusten duzuna ez dira zapatilak, hor ez dauden pertsonak baizik».

Zapatilen eszena Eta bihar... zer? antzezlanaren lau ataletako lehena da, gerra irudikatzen duena. Garaipen madarikatua, gosea eta egarria, eta heriotza dira gainontzeko apokalipsiko zaldunak.

Deustuibarreko Pabiloi 6 arte eszenikoen zentroan dabiltza egunotan aktore eta zuzendariak, obrari azken ukituak egiten. Hilaren 26an eta 27an, arratsaldeko zortzi eta erdietan, estreinatuko dute Eta bihar... zer? ikuskizuna Bilbo Arena pabiloian, Eusko Jaurlaritzaren Bakearen eta Askatasunaren Kulturen Urtearen egitarauaren barnean.

Hogei minutu irauten duen antzezpena interpretatu duten arren, ikuskizun osoa 70 minutura iritsiko da. Gaitzerdi konpainiako Kepa Ibarrak azaldu duenez, ikuskizuna «batez ere bisuala da, eta ikus-entzunezkoek zein musikak garrantzi handia dute». Antzezlanak duen beste berezitasun bat da ia testurik ez duela. «Aktoreetako batzuk dantzariak dira, eta asko kale antzerkian ere aritu izan gara, eta antzerki mota horretan maiz ez dira hitzak erabiltzen, beraz, guretzat, antzezlanak testurik ez izatea ez da izan hain gogorra». Hala ere, hitzik esan gabe horrenbeste transmititzeak bere zailtasuna ere baduela onartu du Alonsok.

Orain dela urtebete hasi zen hiru antzerki konpainia horien arteko elkarlana, eta, gezurra badirudi ere, Ibarrak dio «dena koordinatzea oso erraza» izan dela. Hiru zuzendariren aginduak jasotzea ez da ohikoa izaten, eta ezberdina izan dela dio Alonsok. Esperientzia hau «oso bizitzat» jo du, izan ere, ekainean hasi zituzten entseguak. Pabiloi 6 zentroan, eta Otxarkoagako Harrobia ekoizpen eszenikorako gunean ibili dira ordutik antzezlana borobiltzen, eta, datorren astean, Miribillan azken prestakuntzak egingo dituzte. «Oso prozesu luzea izan da, eta irrikan nago jendaurrean aurkezteko, ikusgarria izango baita».

Testigantza errealak

Gerraren aurkako mezu garbia izan nahi du ikuskizunak, Ibarrak dioenez. Eta zelan emanmodu berezian gerrari buruzko informazioa? Bada, antzezlaneko atal bakoitza hasteko, lau gerra berriemailek egiazko testigantzak zuzenean emanez. Ibarrak adierazi du benetan eskertzekoa» dela kazetarien parte hartzea», horrela, ezberdina den zerbait egingo delakoan.

Proiektuan, 20 aktoreez gain, 55 umez osatutako Gernikako Gaudeamus abesbatza eta Ttukunak txalapartariak ere taularatuko dira. Agertokitik kanpo, 45 pertsonako talde teknikoa eta artistikoa arituko da lanean. Guztira, beraz, 100 lagun inguruko taldea osatu da produkzio erraldoi hau posible egiteko. «Zure lana produkzio handi baten zati txiki bat dela jakitea berezia izan da. Askotariko atal piloa dago, eta zu horren parte bat zara», adierazi du Alonsok gogotsu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.