Svetlana Aleksievitxen (Ukraina, 1948) Gerrak ez du emakume aurpegirik kronika liburua (War's Unwomanly Face) ekarri du euskarara Iker Sancho Insaustik, Literaturako Nobel sariak euskaratzeko sortutako Zaitegi bekaren bidez; Elkar argitaletxeak argitaratu du. Hain zuzen, 2015eko Literaturako Nobel saria irabazi zuen Aleksievitxek, eta lehenengoz saritu zuen Suediako Akademiak literatur erreportajearen generoa.
Sobietar gizartea islatzea da Aleksievitxen lanaren ezaugarri nagusia, Sanchok azaldu duenez: «Hori da Aleksievitxen lanaren muina: sobietar gizartea eta sobietar hiritarra, edo, kasik, sobietar gizakia —homo sovieticus bezala ezagutzen den gizaki berezi hori—». Izan ere, Sanchoren esanetan, «beste mundu bat» izan zen Sobietar Batasuna: «Badirudi topiko bat dela, baina bere itxitasun eta autarkia horretan sortu ziren fenomeno asko, guretzat hemendik ulertzeko oso errazak ez direnak».
Hain zuzen, mundu horretan jaio zen Aleksievitx, eta bere ibilbidea alderik alde markatu du: «Biografia sobietar nahiko ohikoa du». Bielorrusiako eta Ukrainako gurasoen alaba da, eta errusieraz idazten du: «Sobietar Batasunaren barruko herrialde eslaviarretan —Ukraina, Bielorrusia eta Errusia— nahiko ohikoa da nahasketa hori, kulturalki nahiko antzekoak direlako. Aurretik ere bai, baina 80 urtez oso herrialde berezian bizi izan ziren denak batera».
Kazetaria da Aleksievitx, eta kronika dokumentalak dira haren lanak, nagusiki. SESB Sobietar Batasunaren eta horren ondorengo herrialdeetan jazotakoak argitaratu izan ditu, testigantzen bidez: Txernobyl, Afganistango gerra, II. Mundu Gerra eta abar. «Adibidez, SESB erortzeak gizartean sortzen duen kaosa islatu zuen, nola milioika pertsona galduta gelditu ziren, erreferentziarik gabe, jatekorik gabe, inolako babes sozialik gabe. Galduta sentitzen ziren: beraien mundua erori zen, eta ez zeukaten mundu berririk».
Bi plano ditu Gerrak ez du emakume aurpegirik liburuak, Sanchoren esanetan. Batetik, gerrarena berarena. «Zerbait badakigu Bigarren Mundu Gerraz: oro har, oso gogorra izan zela, baina Ekialdeko frontea deitu zitzaionak, SESBen eta Alemaniaren arteko gerraren gordintasunak ez dauka zerikusirik Europan gertatu zenarekin». Gerra hori «gerra totala» izan zen, Sanchoren arabera: «Elkarren suntsiketa garbira bideratu zuten». Ondorioak neurri berekoak izan ziren, baina ezezagunak dira, itzultzailearen ustez: «Gordintasun hori ez dugu ezagutzen. Badakigu milioika sobietar hil zirela... Izatez, 20 milioitik gora hil ziren, jende gehien galdu zuen herrialdea izan zen, eta horrek utzi zituen zauriak, fisikoak zein fisikoak ez direnak, hor daude oraindik».
«Emakumeen txorakeriak»
Itxi gabeko zauri horiek eurekin dakarte liburuaren bigarren planoa: emakumea. Frontean egon ziren sobietar emakumeen testigantzak jaso zituen Aleksievitxek, ehun inguru, gaur egun adinekoak direnak. «Gerraren kronika ofizial bat egiten denean, 'halako dibisioek hartu zuten halako muinoa, eta heroi batzuek ez dakit zer egin zuten' kontatzen da: liburu honek, hain zuzen, mito hori hausten du».
Gerraren eguneroko kontuak kontatu dituzte andreek. «Kontakizunak, askotan, oso-oso gordinak dira, oso gogorrak». Irakurleek ideia bat egin dezaten, pare bat adibide jarri ditu: alemaniarrak atzetik zeuzkatela, emakume batek kontatzen du bere haur jaioberria aintzira batean ito behar izan zuela, bera eta bere 25 kideak salbatzeko; beste batek kontatu zuen hilekoa etorri zitzaiola lehenengoz bataila batean, eta, zaurituta zegoela uste izanik, medikuarengana joan eta hark azaldu ziola zer zen. «Horrelakoak dira lekukotzak: normalean kontatzen ez direnak eta inon agertzen ez direnak kontatzen dira hemen».
«Umorea» ere badago liburuan. Izan ere, elkarrizketatu batek kontatu zion Aleksievitxi elkarrizketaren bezperan senarra «lezioak ematen» aritu zitzaiola: «'Ez kontatu zure emakume txorakeria horiek', esaten zion: hain zuzen ere, Aleksievitxek bilatzen zuen hori bera ez kontatzeko eskatzen aritu zitzaion».
Bitan argitaratu zuen Aleksievitxek Gerrak ez du emakume aurpegirik lana. Lehenengoa 1984an izan zen, eta hainbat pasarte zentsuratu zizkioten. «Sobietar heroien memoria zikintzen zutela esan zion zentsuratzaileak: 'Egia ez da garrantzitsua: garrantzitsuena da nolakoak izan nahi dugun, ereduak emateko gazteriari'». 2002an ekin zion kazetariak lana berridazteari, ezabatu zizkioten pasarteak sartuz, eta ageriago geratu ziren bai gerraren krudelkeria bai emakume horiek guztiek bizi izandakoa. Alde horretatik, Aleksievitxen lanaren balioa goraipatu du Sanchok.
Lekukotzetan, gainera, bi momentu bereiz daitezke, Sanchok azaldu duenez. Batetik, gerra bitartekoa, eta, bestetik, gerra ostekoa; betiere, emakumeen bizipen eta oroitzapenak abiapuntu hartuta. Gerraz kontatzen dute, besteak beste, «gizonentzat egina» dagoela: «Arropak, eguneroko instrukzioak... Mundu militar hori oso gizonezkoena zen. Kontatzen dute beraiek nola joaten ziren idealismoz beteta frontera, eta han zein arazo dituzten emakume gisa arlo guztietan».
«Heroiak eta emagalduak»
Gerraren lazgarritasun guztiak pasatuta, etxerakoan, egunerokoa ez zuten izan batere samurra. Gizon edo emakume, tratu oso desberdina jaso zuten itzuleran: «Gizonak heroiak ziren, eta emakumeak, emagalduak. 'Han, lokatzetan, gizonekin... Senargai bila joango zineten!', eta halakoak entzun behar izan zituzten». Ez zuten halakorik espero, eta «gerrak baino min handiagoa» eman zien askori horrek.
Bi urtez egon da etenda Zaitegi saria, eta martxan jarri dute berriz ere Arrasateko Udalak eta AED Arrasate Euskaldun Dezagun taldeak, hitzarmen baten bidez. Hamabost lagun ingururen artean aukeratu zuten Sancho. Eslaviar filologian doktorea da, eta euskarazko irakurlea izan zen Moskuko Lomonosov unibertsitatean; gaur egun, itzulpengintzako irakaslea da EHUko Letren Fakultatean.
Gerraren gordintasuna, andre sobietarren gogo eta ahotsetatik abiatuta
Svetlana Aleksievitxen 'Gerrak ez du emakume aurpegirik' liburua euskaratu dute. Literaturako Nobel saria irabazi zuen Aleksievitxek 2015ean. Iker Sancho Insaustik itzuli du, Zaitegi sariaren bidez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu