Gloria Fuertes Madrilen jaio zen/ bi egun zituelarik,/ nire amaren erditzea aski neketsua izan baitzen/ ni bizi nendin ia-ia bera hil zen eta./ Hiru urterekin banekien irakurtzen/ eta seirekin jadanik lanak egiten nituen etxean./ Zintzoa nintzen, eta argala,/ altua, eta gaixorik maiztxo./ Bederatzi urterekin gurdi batek harrapatu ninduen/ eta hamalaurekin gerrak;/ hamabostekin ama hil zitzaidan, gehien behar nuenean joan zen./ Dendetan tratu bila ibiltzen ikasi nuen/ eta azenario bila herrietara joaten./ Orduantxe hasi nintzen amodio kontuetan,/ —ez dut izenik esango—,/ horri esker jasan ahal izan nuen auzuneko nire gaztaroa./ Gerrara joan nahi izan nuen, hura geldiarazteko,/ baina bidearen erdian geldiarazi ninduten ni./ Gero bulego bat sortu zitzaidan,/ eta bertan ergela banintz bezala lan egiten dut,/ —baina Jainkoak eta mandatu-mutilek badakite ez naizela ergela—./ Gauez idazten dut/ eta maiz egiten dut mendira./ Neure guztiak aspaldi hil ziren/ eta ni neu baino bakartiago nago ni./ Egutegi guztietan argitaratu ditut poemak,/ haurrentzako egunkari batean idazten dut,/ eta epeka erosi nahi nuke lore natural bat/ zenbaitetan Peman-i eman ohi dioten horietakoa».
Ezer gutxi gehi dakioke Gloria Fuertesen Ohar biografikoa-ri. Zehaztasun batzuk, akaso: gaur mende bat justu jaio zela Madrilen; hiri berean hil zela 1998an. Depresiboa zela oso, eta metro zulora bere buruaz beste egitera joan zen batean metroko txartel saltzailearen besoen artean bukatu zuela. Txartel saltzailea emakumea zela, bai, Gloria Fuertes lesbiana baitzen. Lesbiana, bai, Franco diktadorearen Espainia nazional-katoliko eta atzerakoian. Gloria Fuertes ezohiko emakumea zela, azken batean: etxe pobrean jaiotakoaren kontzientziaren jabe; 36ko gerrak —eta beste borrokaldi askok— zartatutako Madrilgo periferietako biztanle; andre ezkongabe, burujabe, erretzaile, taberna zale eta modernoa —«Neure burua maite dut./ Neu naiz nire alaba,/ eta erabaki nuen umezurtz ez izatea»—. Baita fededuna ere. Eta poeta. «Silabak kontatzen hasi baino lehenago, gertatzen dena kontatzen hasi behar dute poetek».
Oinordekotza
Fuertesek milaka eta milaka poema utzi zituen oinordekotzan, heldu zein haurrentzat, eta 100 milioi pezeta —lagun guztien harridurarako, oso bizimodu soila eduki baitzuen beti—. Helduentzako poemen antologia bat sareratu berri du Armiarma webguneak Euskarari ekarriak atalean. 84 poema, Josu Landak itzulita. Antologia eta Aldiriko poemak (1954), Haria edatea aholkatzen dut (1954), Guztiak beldurtzen du (1958), Ez tiroz, ez pozoiz, ez labanaz (1965), Guardiako poeta (1968), Nola lotu bibotea tigreari (1969), Egongelan egonean (1973), Gloriaren loria (1980) eta Bular poemadun emakumea (1995) liburuetako aleak dira.
Poemotan, Fuertesen lanean ohikoak diren gaiak ageri dira: maitasuna, bakardadea, eguneroko bizitza... Askotan, bere bizipenak abiapuntu hartuta. Hori ere konstantea izan zuen Fuertesek: 17 urterekin idatzi eta argitaratu zuen lehen poema autobiografikoa lehen poema 14rekin argitaratu zuen—, eta ez zion inoiz utzi halakoak idazteari. Oso «glorista» zela aitortzen zuen berak; Gloria ez besteei buruz idazteko balio ziola bere biografiak. «Herri hizkerak eta jakituriak erakarrita» idatzi izan zuela nabarmendu zuen 1975ean: «Esan diezazuekedan gauza bakarra da nire obra ez dela sekula iluna, zaila, zerebrala, kultua izango —intelektualki datuak eta memoriak ez dauzkadalako—».
1940an hasi zen haurrentzako ipuinak idazten, aldizkarietan. 1950ean argitaratu zuen lehen poesia liburua. Idaztetik bakarrik bizitzea lortu bitartean, lanbide asko izan zituen. Kontulari fabrika batean, bulegari, liburutegi publiko bateko liburuzain, espainiar poesiaren irakasle Buchnellgo (Pennsylvania, AEB) Unibertsitatean... Ez zion utzi inoiz idazteari. Ahots propioa zeukanik ezin zitzaion ukatu. Ahots horrek umeei hitz egiten zienean egin zuen ezagun. Pertsona mediatiko bihurtu zen Fuertes 1970eko hamarkadan, izan ere, haurrentzako telebista eta irrati saio arrakastatsuen bitartez. Idazten jarraitu zuen. Bere bizitza kontatuz beste askorena islatzen: «Egunkari batean lan egiten dut/ jefearen idazkaria izan nintekeen/ eta garbiketako emakumea baino ez naiz./ Badakit idazten baina, nire herrian,/ emakumeei ez diete idazten uzten./ Nire bizitza funtsik gabekoa da,/ ez dut ezer txarrik egiten./ Pobre bizi naiz./ Etxean egiten dut lo./ Metroan bidaiatzen dut./ Salda afaltzen dut/eta arrautza frijitu bat, eta gero gaizki esaka ibiliko dira./ Bigarren eskuko liburuak erosten ditut,/ tabernetan ibiltzen naiz [...]».
Umorea, morea
Duela bi urte eta erdi, Mursegok Fuertesen Historia de Gloria. Amor, humor y desamor antologia (Gloriaren historia. Amodioa, umorea eta desamodioa, 1980) aukeratu zuen Berrirakurtzen egitasmoaren barruan. Hamalau poema hautatu eta musikatu zituen. Lan horren harira, Fuertesen helduentzako poesiaren balioa nabarmendu zuen Mursegok. Bat dator Leire Bilbao idazlea musikariarekin, Fuertesen haurrentzako lana ere oso maitea duen arren: «Helduentzako lan horietan, Fuertesen begirada feminista maite dut batez ere, haren betaurreko moreak». Eta egunero —gauero, zehatzagoak izate aldera— idazteko gaitasuna. «Autodidakta zen; bere burua egin zuen idazle». Haurrenganaino iristeaz gain, «bere buruaz barre egiteko eta bere garaiko Espainia atzerakoiaren kronista bihurtzeko». Umorea eta estilo zuzena lagun.
Gerraosteko lore naturalak
Gaur 100 urte jaio zen Gloria Fuertes poeta espainiarra. Haren lanen antologia bat sareratu dute Armiarman. Josu Landak itzuli ditu bertan bildutako 84 olerkiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu