Trikitia jotzen ibilbide luzea egin du Iñaki Plazak (Bilbo, 1976); Kepa Junkerarekin lan egin du urte askoan, eta baita Ibon Koteronekin eta Etxak txalaparta bandarekin ere. Duela urte batzuk, bakarkako lanetan hasi zen Ion Garmendiarekin batera, eta orain, hiru urteren ondoren, Ekhi bere bigarren diskoa kaleratu du. Lan berezia eta intimoa da: duela hiru urte zendutako semearen omenez egindakoa da, eta familia, oroimenak eta etorkizuna ditu ardatz.
Semearen omenez egindako diskoa da Ekhi. Zergatik da berezia?
Ekhi joan zenean, garai gogorrak igaro genituen. Hiru urte hauetan errealitate horrek ekarritako bizipenak onartu eta kontatu ditut disko honetan, baina iluntasunik eta melankolia kutsurik gabe; galera horrek ikasteko balio izan dit, duguna baloratzeko eta daukadana beste begi batzuekin ikusteko. Azken finean, bihotz-bihotzez egindako oparia da diskoa.
Azken hiru urteetako bizipenak bildu dituzu 11 abestietan. Zeintzuk dira bizipen horiek?
Ondo aukeratu dut horietako bakoitza, eta denetan esperientzia horren inguruko aztarnak aurkitu daitezke. Seguruenik, guztietan bereziena Ekhi abestia da; umeari osoki eskainitako kanta da, bere amaren hitzekin. Ama (Maite Garcia) Galiziako pandero jotzailea da, eta galegoz idatzi zion abestia.
Trikitia jotzearekin batera, lehen aldiz hitzak ere egin dituzu. Zaila egin al zaizu?
Oso zaila. Aurretik ez dut inoiz halakorik egin, eta idazleren baten eskuetan uztea pentsatu nuen hasieran, nik ez baitut gramatikarekin jolasteko abilezia. Baina esperientzia bat nuen kontatzeko, eta barruan nuen hori ezin zuen beste inork kontatu.
Trikitia ez da erabateko protagonista disko honetan. Zer musika estilo bilatu duzu?
Betidanik landu dut trikitia, baina disko honetan ez nuen oinarritu nahi soilik instrumentu horretan. Musikarekin hasi nintzenean genero bakarra landu nuen, baina gaur denetatik entzutea gustatzen zait. Gehiago esango dizut, trikitia geroz eta gutxiago entzuten dut. Egia esan, eta nire tresna izan arren, trikitia instrumentu mugatua da. Disko honetan erritmo berriak landu nahi izan ditut, hala nola punka, bossa nova, balada eta baita fandangoa ere.
Horrekin batera, beste hizkuntza batzuk ere entzun daitezke.
Bai. Ekhi abestia galegoz idatzita dago. Horrekin batera, Fandangos de circo abestia gazteleraz idatzita dago; esan daiteke diskoaren laburpena egiten duen abestia dela.
Iñaki Plaza. Trikitilaria eta musikaria
«Geroz eta trikiti gutxiago entzuten dut»
Trikitia jotzearekin batera, hitzak eta musika ere sortu ditu Plazak 'Ekhi' bere bakarkako bigarren diskorako; orain hiru urte hildako semeari eskainitako lana da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu