Oskar Alegria. Zinema zuzendaria

«Geroz eta iraultzaileagoa da gauzak behin bakarrik egitea»

Ikus-entzunezko lau piezaz osaturiko proiektu bat garatzen ari da Oskar Alegria 72-22 topaketetan: Zinema alderraiaren bulegoa. Gaur eginen dute azken proiekzioa, Artze anaien txalapartari buruz.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Irribarrea erantzi ezinik dabilela egin du ohartarazpena Oskar Alegria zinema zuzendariak (Iruñea, 1973): «Baliteke gaizki ateratzea. Porrot hutsa izanen da agian». Dena dela, larritasun tonurik ez da sumatzen haren hitzetan. «1972ko Topaketek ere bazuten ezaugarri hori: kalekoak ziren, ibiltariak, eta, batez ere, bazitekeen gaizki ateratzea». Xarma eta arrisku berak uztartuz ondu du artistak bere azken proiektua: Zinema alderraiaren bulegoa.

Iruñeko 72-22 Arte Topaketetan ari da proiektua garatzen, eta ikus-entzunezko lau proiekziok osatua da. John Cage, Esther Ferrer eta Isidoro Valcarcel Medina izan dituzte protagonista lehenbiziko hiru piezetan, eta iluntzean emanen dute azkena: El sonido de la txalaparta que los hermanos Artze tocaron en el 72 (Artze anaiek 72an jo zuten txalapartaren soinua). San Jose plazan izanen da, 20:30ean.

Proiektua enkarguz eginikoa da, eta, artistaren esanetan, zehaztapen bat ere bazuen eske horrek: galdegin zioten ez zedila izan orain dela 50 urteko topaketetan izandakoen errepikapena. «Nahita ere, ezinen zen», erantsi du. Edonola ere, bestelakoa beharko zuen lanak: 1972koen oihartzunetatik tiraka landua.

Hala, orduko oroitzapenei so egitea egokitu zaio artistari, lana garatzeko. Horretarako, bi norabidetan egin behar izan du bilaketa: kanpora, besteei galdetuta, edo amaren barren-barrenera.

1973ko otsailean jaioa baita zinema zuzendaria. Hortaz, Iruñea asaldatu zuten topaketak izan zirenean, «bidean» zen artean ere. «Jaioa ez, baina amaren sabelean nengoen, eta handik entzuten nituen, adibidez, Artze anaien txalaparta hotsak. Eta baita John Cageren melodiak ere».

Dena dela, haurdunaldiko barrunbe horiekin aski ez, eta besteei galdetuta osatu ditu ideiak Alegriak. Topaketa horietan izandako hainbat laguni galdetu die ea zer gogoratzen duten aldi hartatik, eta, zehaztu duenez, erantzuna hau izan da gehienetan: «Pasealekuetatik ezin zen pasatu ere egin». Hori ez zen gertatu karrikak jendez gainezka zirelako. Izatez, Sarasate pasealekuan gertatutakoaz mintzo dira gehienak, han baitziren jarriak Isidoro Valcarcel Medinak sortutako egitura tubularrak. «Pasealekua barrikada bihurtu zen. Hori iltzaturik gelditu da jendearen buruan». Horregatik ari da proiekzioak modu intermitentean ematen, paseoekin eta pausekin; sekula ez guztiz estatiko.

Iruñeko kaleetan barna mugitu bitartean egin dituzte proiekzioak joan diren aldietan, linterna eskuetan zenbaitetan, «prozesioan». Gaur, ordea, pausa da protagonista, eta San Jose plaza dute agertokia. «Iruñeko txokorik ilunena eta isilena. Iturria entzunen da hondoan».

Artze anaiek 1972ko topaketetan jo zuten txalaparta omenduko dute. Usurbilen (Gipuzkoa), artzetarren sorterrian, aurkitu dute instrumentua, eta hura baliatuta osatu du Alegriak bideo pieza.

Haren iritziz, txalapartak derrigor egon behar zuen memoria ariketa honetan. Izan ere, kolpe hots horiek liluratuta utzi zuten topaketetako izarretako bat. «John Cagek elkarrizketa batean aitortu zuen izugarria iruditu zitzaiola zaldiaren trosta imitatzeko kapaz den instrumentu hori; izenik ez zuen gogoratzen».

Horrez gain, ez dute eman gertatuko denari buruzko pista askorik: 20:30erako deitu dituzte herritarrak plazara agertzera, baina horrek ez du esan nahi proiekzioa ordu horretantxe hasiko dela. Informatikoki programatu dute emisioa, eta ez da jakina zehazki noizko; ordenagailuak «erabakiko» du, ausaz. «Zoriarekin jolasean berriz».

Ulertu eta gustatu beharraz

Proiekziook «oso libreak» direla azaldu du artistak. Kontatu duenez, hilaren 9an, emanaldia bukatu berritan herritar batzuk hurbildu zitzaizkion esplikazio eskean. «Bueno, orain azalduko diguzu ikusi duguna, ezta?», egin zioten galde zinemagileari. Alegriak ziztuan erantzun zien: «Ez du esplikaziorik». Haren ustez, ezta behar ere.

Izan ere, artelanei buruz aritzeko garaian, bi aditz guztiz erauziko lituzke Alegriak: ulertu eta gustatu. «Nik uste dut sentitu egin behar dela, pentsatu ere bai, akaso, gogoeta eragin. Baina argi izan beharko genuke ezer ez ulertzea ere badela sentsazio bat. Galdera ikur bat sortzea, beste bat».

Hain zuzen ere, amaren sabelean guztia aditzen ari omen zenekoa gogorarazi du berriz Alegriak, ulertu ezinezkoei loturik: «Iruñea ez zegoen prest topaketetan gertatu zen guztia ulertzeko, baina, agian, horregatik izan zuen hain balio handia. Topaketak Venezian edo Melbournen egin izan balituzte, ez zitezkeen berdinak». Eta antzeko gertatuko zen topaketek bigarren aldia izan balute:ez omen ziren berdinak izanen.

Alegriak itzulingururik gabe aitortu du ekintza «efimeroek» franko erakartzen dutela. Gainera, dioenez, guztia grabatzeko eta erregistratzeko ohitura zabaldu den honetan, gero eta «zailagoa» da soilik behin gertatzeko gauzak egitea, eta zuzeneko ondorio bat dakar horrek: «Geroz eta iraultzaileagoa da gauzak behin bakarrik egitea».

Hain justu, gaurko proiekzioa estuki lotua dago sinesmen horri: «Berriz pasatuko den? Ez». Abisu bat ere bota du hurrena:«Inoiz errepikatuko ez denaz disfrutatu baduzu, zorionekoa zu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.