Jazza nagusiki gizonen eremua zenean, gizon heterosexualen lurralde zedarritua zenean, flauta bat erakustea «maritxuen» kontua zen. Antzera gertatzen zen harparekin. Areago jazzera gerturatzen ziren harpa jotzaile bakanak emakumeak zirenean eta, ondorioz, bazterketa nabarmenagoa bilakatzen zenean. Alice Coltrane da salbuespenik azpimarragarriena, zeinak harpa jotzen zuen, baina onartu egin zuten, hein batean, John Coltrane handiaren emaztea zelako. Dorothy Ashby (1932-1986) musikari estatubatuarraren kasua ere bertsua da. Dozena bat disko grabatu izanagatik ere, ez zuen oihartzun handirik lortu, bizkarra zapaltzen zion zama hirukoitza gehiegizkoa zitzaiolako: emakumea, beltza eta harpa jotzailea.
«Lortu nahi nuen publikoak ez zuen harparen inguruko interesik erakusten, garai klasikokoa edo bestelako sasoi batekoa zelako, eta, ez, ez zuten emakume beltz bat harpa jotzen ikusteko interesik», esan izan zuen Ashbyk. Biak ala biak Detroit hirian jaio ziren (AEB), eta sonarik handiena hildakoan eskuratu zuten. Hip-hop musikariek egindako sampleen bidez eta disko bildumagileen eskutik iritsi zen entzuleria zabalagoetara Ashby, 1990eko urteetan; hain justu, disko kutxen arakatzaileek eta rap zaleek Ashbyk 1968an argitaratutako Afro-Harping diskoa aldarrikatzen zuten behin eta berriz, eta, matraka horren ondorioz, kultuzko klasiko bihurtu da.
Chicagoko blues elektrikoa munduan zabaldu zuen Chess diskoetxe mitikoak plazaratu zuen diskoa, Cadet bere azpizigiluaren bitartez. Leonard Chess eta Phil Chess anaiek, besteak beste, Howlin'Wolf eta Muddy Waters blueseko piztien lan garrantzitsuenak kaleratu zituzten, baina 1960ko hamarkadak aurrera egin zuen heinean, giro soziala sutu egin zen, batez ere beltzen eskubide zibilen aldeko borrokagatik, eta musika beltzak ere antzeko bidea egin zuen, bestelako bideak hartuz, batez ere abangoardiara eta psikodeliara bideratzen zirenak, ohiko lurralde klasikoak abandonatu gabe; hots, soula eta jazza.
Hip-hop musikarien sampleen bidez eta disko bildumagileen eskutik iritsi zen entzuleria zabalagoetara Ashby, 1990eko urteetan; Afro-Harping diskoa kultuzko klasiko bihurtu da
Afro-Harping hor kokatzen da, etorkizunera aireratzen ziren askotariko musikaz osatutako olatu kosmikoan, non Ashbyren jazz tradizioko harpa Richard Evans musikari eta ekoizlearen musika ezagutza zabalarekin, ikuspegi aurreratuarekin eta magia beltzarekin lotzen zen. Evans Cadeteko zuzendari artistikotzat jo daiteke.
Gaur arte, diskoaren inguruko informazioa oso urria izan da, eta kopia originalak eskuratzeko dirutzak ordaindu izan dira. Horretaz gainera, orain arteko berrargitalpenak kalitate eskasekoak izan dira. Bada, hori guztia iraultzeko etorri da Universal Music Recordingsek eta Vervek plazaratu berri duten berrargitalpena, zeinak jatorrizko diskoa ez ezik beste zortzi bertsio alternatibo ere biltzen dituen. Soinua master originaletatik hartua da, eta Abbey Road Studios ezagunetan nahastu eta berriro masterizatu da. Hori guztia gutxi balitz bezala, argia ikusi berri duen informazio zehatzarekin osatutako liburuxka oparoarekin dator, zeina Shindig! aldizkariko Sean Caseyk idatzi duen.
Kaier informatibo hori, hain justu, Leonard Chessen seme Marshall Chessen aipu batekin zabaltzen da: «Afro-Harping atera zenean, bakarra zen. Nire lagunek maite zuten, baina baita jazzaren puristek ere, bai? Arriskuak hartzen ari ginen, eta abangoardiakoa eta freskoa zen. Soul Vibration doinua aparta da. Kantu itzela zen».
Aita irakasle
Dorothyren aita Wiley Thompson musikari autodidakta zen, eta hark erakutsi zion gitarra jotzen. Pianoa jotzera ere bultzatu zuen bere entseguetan. «Pianoa hartu nuenean, aitarekin entzun eta jotzen nituen gauzak jo nituen. Institutuan, unibertsitatean eta zentro pribatuetan emandako urteetan baino gehiago ikasi nuen aitarekin harmoniari eta melodien eraikuntzari buruz», azaldu zuen Ashbyk 1982an plazaratutako Jazzwomen liburuan. Pianoarekin eta gitarrarekin ikasitako guztia bere instrumentu berriarekin aplikatu zuen, harparekin, Cass Technical High School zentroan zegoela, non eskolako martxa bandan jo zuen, Donald Byrd eta Kenny Burrell jazz musikariekin, besteak beste. 1950eko urteetan Detroiteko jazz zirkuituan jotzen hasi zen, eta bere banda propioa ere eratu zuen John senarrarekin, Dorothy Ashby Trio.
Bere ibilbidearen parte nagusia Detroiten gauzatu izanagatik ere, Chicagon eta New Yorken ere jo zuen; Afro-Harping zuzenduko zuen Richard Evans ekoizle, moldatzaile eta konpositoreak, hain justu, New Yorken deskubritu zuen Dorothy, 1962an, Ella Fitzgerald ikusteko asmoa zuenean. «Ondoko tabernara joan nintzen, eta itzultzean, hantxe zegoen andre beltz eder hau kontrabaxuarekin eta harparekin; pentsatu nuen hil eta zerura joan nintzela: liluratu egin ninduen», azaldu zuen Evansek 2009an, Wax Poetics argitalpenean.
Evansen ibilbidea, bestalde, luzea bezain aberatsa da. Alabaman jaio zen, 1932an, baina Chicagorako bidea egin zuen umea zela, Migrazio Handiarekin batera, eta hamaika jazz musikariren soinuak ezagutu zituen han. 1957an egin zituen lehen urratsak Sun Ra Arkestrarekin, baina, Raren kuadrilla handia utzi zuenean, estudioko baxu jotzaile hasi zen. Harrezkeroztik, hamaika egitasmotan parte hartu zuen. Gerora, 1965ean eratutako Cadet zigiluko kideak ezagutu zituen —aurretik, Cargo gisa zen ezaguna zigilu hori—. Artean, estudioko musikari eta ekoizle prestigiotsu bihurtu zen, moldatzaile aparta zelako batez ere. Ospe horren ondorioz, Cadeteko talentu bilatzaile izendatu zuten Chess anaiek, 1967 inguruan. Marshall Chess: «Oso esperimentala zen, eta maite genuen». Hain zuzen, Evansek sasoi horretan zuzendu eta ekoitzi zituen Dorothy Ashbyk Cadeten grabatu zituen hiru diskoak: Afro-Harping (1968), Dorothy's Harp (1969) eta The Rubáiyát of Dorothy Ashby (1970).
Lankidetza estua
1960ko urteetako kinka sozial gatazkatsuaren eraginez, hala Evansek bere jardunean eta musikan erakutsitako afrozentrismoak nola Ashbyk beltzen aldeko borrokarako agertutako grinak –beltzen eskubide zibilen aldeko antzerki musikatuetan parte hartu zuen— sinbiosi perfektua osatu zuten estreinako elkarlanean, Afro-Harping zoragarrian. «Jazza jotzeko bere modua New Yorkekoa zen oso, oso sofistikatua, baina Cadeten gauzak oso beltzak izatea nahi nuen, oso funkyak. Eskala pentatoniko eta antzeko asko zituen, baina nik swinga nahi nuen», adierazi zuen Evansek.
Eta ekoizleak bete-bete asmatu zuen, Hashby bikain egokitu baitzen Evansen manera aurreratu eta apurtzaileetara. Diskoan Evansen eta Ashbyren kantuak biltzen dira, baina baita bertsioak ere, tartean Buch Bacharach, Freddie Hubbard eta Andre Previnenak. Doinuotan funk erritmo dantzagarriak, theremin soinu futuristak, bossa erritmo eguzkitsuak, izpi afro-kubatarrak, pop melodia gozoak, easy listening giro lasaiak eta soinu bandetarako tarteak uztartzen dira, bizkarra eman gabe jazzaren eta soularen esentziari. Perkusioak eta baxuak grabazioaren bizitasunaz arduratzen dira, eta Ashbyren harpak, berriz, lirismoa eransten dio grabazioari —Ashby eredu da jazz estiloko emakumezko harpa jotzaile garaikideentzat; besteak beste, Brandee Youngerrentzat—. Halaber, Evansen lana galaktikoa da, moldaketak dotoreziaz sortuta eta txertatuta baitaude: sokak, bibrafonoa…
Horrenbestez, Afro-Harping urteko berrargitalpena da, ezbairik gabe, edozein giro eta lekutan jartzeko modukoa, inguruan dauden guztiak sorginduko dituena, bakarra baita. Berrargitalpeneko liburuxkan jasotako Marshall Chessen aipu hau ezin hobea da testuari amaiera emateko: «Badakizu, jendeak bluesaren inguruan galdetzen dit, Chuck Berryri eta Rolling Stonesi buruz, baina Dorothy Berry eta Richard Evans, biak ziren jenioak, eta jende askok oraindik ez daki».