Ostiralekoa. SORMENA

Geroari orainalditik hizketan

'Ostempo Nuna' proiektuan, Imanol Espinazok eta Ander Fernandezek denborazko soinu kapsula batean bildu dituzte jendearen mezuak. Bidasoko uretan sartuko dute, bihar

Herritarren mezu guztiak binilo batean eta MP3 batean jaso dituzte, eta kapsulan sartu, postalekin eta bi sortzaileen selfie batekin. ANDRES ETA MANOLO.
Ainhoa Sarasola.
2023ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
«Ez dakit inork hau entzungo ote duen, baina...», dio ahots batek. «Ezagutu nahi zintuzketet, baina ezin izango dut, hilik egongo bainaiz...», haur baten bozak. «Zabaldu begiak, begira gure mundua...», beste haur batek, kantuz. «Egun on, etorkizuna!». Ahots mezu luzeagoen txatalak dira horiek denak. Egungo jendeek etorkizunekoei utzitakoak. Beste asko ere jaso dituzte Imanol Espinazok eta Ander Fernandezek Hendaian (Lapurdi), Ostempo Nuna egitasmoaren barruan. Grabaziook bildu eta gordetzeko, denborazko soinu kapsula bat eraiki dute. Eta Bidasoa ibaian uretaratukoko dute bihar kapsula hori; bostehun urte barru, gaur egungo mezuak inork entzungo dituen esperantzan.

Hendaiako Borderline Fabrikako kide sortzaileak dira Espinazo eta Fernandez. Herrian jaso dituzte ahots denak, eta lurralde egitasmo gisa landu dute Ostempo Nuna. Esperantoz, etorkizuna orain esan nahi du, eta esaldiak ematen du zantzurik proiektuaz, Espinazok azaldu duenez: «Artistek, antzerkian, literaturan... lehenaldian edo orainaldian hitz egin ohi dugu. Baina hau zen gure galdera: nola sortu tresna bat etorkizunerako hitz egiteko? Hori izan zen lehen urratsa». Zuzeneko irratsaioetan eskarmentua izanik, soinuaren eremua hautatu zuten bi sortzaileek. Iaz jarri ziren martxan, eta hainbat hankatako proiektua garatu dute azkenean: «Batetik, hiru irratsaio egin genituen zuzenean, publikoarekin». Hain zuzen, Borderline Fabrikan eginiko aurreneko saioan jaso zuten bildumako lehen mezua, euskaraz; ondoren, Brocante 64-Casa la Esperanza dendan eta La Grande Illusion liburu dendan ere izan ziren zuzenean, gazteleraz eta frantsesez, aztarnaren ideiaz, historiaz eta bestelako gaiez aritzeko.

Mediazioak izan dira egitasmoaren beste ardatzetako bat. Espinazo: «St. Vincent kolegiora joan ginen proiektua aurkeztera, baita Txingudin dagoen adin txikikoen hezkuntza zentro itxira ere». Gerorako mezuak grabatzeko aukera eskaini zieten hango gazteei.

Baina horietara ez ezik, mikrofonoak eskuetan hartu, eta Hendaiako beste hainbat tokitara ere jo zuten bi sortzaileek, urteko sasoi eta egun desberdinetan, hango bizilagunen edo bertatik pasatzen zirenen hitzak jasotzera: Gaztelu Zahar pilotalekura, Sokaburu auzoko azokara, hondartzara, mediatekara, Borderline Fabrikara, tren geltokiko Casa Jose tabernara, La Grande Illusion liburu dendara... Lekuan lekuko errealitateen arabera, askotariko mezuak jaso dituzte; hala, agurrak, gogoeta sakonak eta hitz xaloagoak daude. «Mezu asko unibertsalak dira, iruditeria kolektiboan ezarrita ditugunak: ekologiaz, gerraz... Baina badira pertsonalagoak ere, eta, guretzat, horiek dira interesgarrienak. Ez da soilik esaten dena, baizik eta nola esaten den». Espinazok azaldu du etorkizunari mezu bat uzteko galdegiten ziotela jendeari hasieran, eta estutu egiten zirela zenbait. «Proiektuan ikasiz joan ahala, galdera aldatu genuen; 'esaiozu zerbait etorkizunari' edo 'esaiozu kaixo' esanda, jendea lasaiago aritzen zen».

Adituekin ere mintzatu dira hilabeteotan, bai mediazioak egiteko, bai haien gogoetak jasotzeko: David Alonso itsaspeko arkeologoa, Andoni Etxarri historialaria, Xabier Erkizia soinu artista, Mikel Valero Hiritik at taldeko kidea, eta Maria Jose Noain eta Helga Massetani artista eta antropologoak. Era berean, hiru idazle gonbidatu dituzte fikzio bana sortzera: Aurelia Arkotxa, Alexia Papantchev eta Oscar Manso. Eta Manu Berk artista bisualak, berriz, etorkizunerako postalak sortu ditu, «Hendaiaren alde iluna» agertzen dutenak. www.ostemponuna. com webgunean bildu dute den-dena.

Kapsula, uretara

Pieza artistiko bat osatuta, binilo batean eta dinamo batez dabilen MP3 batean jaso dute guztia. Andres eta Manoloren selfie bat —bi sortzaileen irratiko alter ego-ak— eta postalak ere sartu dituzte kapsulan, zeina Igor Obeso beira artisauaren tailerrean egin duten, eta, gero, porlanez estali, urpean irauteko. Bihar uretaratuko dute kapsula; Etorbideko zubian egingo dute ekintza artistikoa, 11:00etan.

Espinazorentzat, bostehun urte barru «fikzio kolektibo» hori inork entzungo ote duen «ia gutxienekoa» da orain. «Lehen ideia hori garrantzitsua da, baina, orain, niretzat mezua da inportantea dela orainaldian bizitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.