Etorkizunaren dekalogo bat ondu dute hamar egilek Zirriborroak eta gero (Consonni) liburuan: Katixa Agirrek, Iban Zalduak, Danele Sarriugartek, Karmele Jaiok, Belen Gopeguik, Harkaitz Canok, Patxi Zubizarretak, Uxue Alberdik, Lucia Baskaranek eta Gabriela Damian Miravetek, hain zuzen. Zenbait talde alternatibotan oinarritu dituzte kontakizunak, eta horien inguruan solasean aritu dira Agirre, Cano eta Idoia Zabaleta proiektuaren kudeatzailea, Durangoko Arte eta Historia Museoan.
2018an hasi ziren proiektuari bueltaka Azala sormen espazioko kideak. Alternatibak badirela erakustea, mundu berriak ikusgarri egitea eta egungo utopiei forma ematea izan da asmoa, Zabaletaren hitzetan. Lehenengo, talde alternatiboak zerrendatu zituzten: «Egiteko moduei alternatibak proposatzen dizkieten Arabako talde, elkarte eta pertsonak identifikatu genituen». Gipuzkoako taldeen inbentarioa ere egin zuten 2020an: «Asko dira bizitzeko beste modu batzuk proposatzen dituzten taldeak». Horiekin guztiekin mapa moduko bat osatu zuten gero, idazleei hari gisara aurkezteko.
Agirrek egin zuen lehen ekarpena: «Bost urte igaro dira lehenengo mezua jaso nuenetik, baina sekulako aztarna utzi dit; oso bizirik sentitzen dut. Oso kolektiboa izan da lan egiteko modua». Gasteizko Errekaleor auzoaren geroa irudikatu du idazleak Loratze perimetroa ipuinean. Frankismo garaian industriaren hazkundeak bultzatuta eraiki zuten auzo hori, eta XXI. mendearen hasieran hutsik geratu zen, higiezinen espekulazioaren ondorioz. 2013an, ikasle batzuk bertan bizitzen hasi ziren, eta, geroztik, alternatibaren ikur bihurtu da. «Igande pasa bat egin genuen Azalan, egitasmo hori bertatik bertara ezagutzen zuten horiekin». Jolasen bitartez hasi ziren ideiak sortzen, eta hala ekin zion idazteari: «Burua borborka iritsi nintzen etxera, txinpartatxoak ateratzen zitzaizkidan».
«Etorkizunari buruz ondo pentsatzea eskatzen zitzaigun, eta hori arazo bat da, narrazioaren motorretako bat izaten baita gatazka».
KATIXA AGIRRE Idazlea
Idazterakoan «gorabeheraren bat edo beste» izan zuela aitortu du Agirrek: «Etorkizunari buruz ondo pentsatzea eskatzen zitzaigun, eta hori arazo bat da, narrazioaren motorretako bat izaten baita gatazka». Ugalkortasun arazo bat jorratu du azkenean: «Distopiatik datorren motibo horretatik abiatu nintzen».
Galdera asko
Cano pandemia garaian abiatu zen proiektuarekin. «Jaso dudan enkargurik zailena izan dela uste dut», aitortu du barre artean. Goiener taldea aukeratu zuen, Hego Euskal Herrian energia berriztagarria merkaturatzen eta ekoizten duen kooperatiba: «Mundu erabat arrotza izan da niretzat». Gaineratu du «kontraesan asko» aurkitu dituela etorkizunera begira: «Erantzun bakoitzak galdera berriak ekartzen zituen».
Idazten hasi eta berehala, zailtasun bat izan zuen idazleak: «Hirugarren lerroa idazten nenbilela konturatu nintzen etorkizunean idatzi nahian nenbilela, baina gaurkotasunetik oso gertu». Hala, beste era batera formulatu behar izan zuen testua: «Dardoa, nahita, okerreko lekura jaurti nuen».
«Hirugarren lerroa idazten nenbilela konturatu nintzen etorkizunean idatzi nahian nenbilela, baina gaurkotasunetik oso gertu».
HARKAITZ CANO Idazlea
Belaunaldien arteko talka bat islatu du Canok ipuinean: «Nire fantasia da etorkizuneko gazte horiek esango dutela: ‘Burua joan zitzaizuen’. Planto egin, eta beste era batera funtzionatzen hasiko dira: ez dute ezer ekoitziko». Ipuina idazten ari zela guztia birplanteatzen hasi zela aitortu du Canok: «Ohartu nintzen gehiago ari nintzela azalpenak ematen, narrazio bat sortzen baino».
Zabaletak azpimarratu du lantalde handi bat dagoela proiektuaren atzean: elkarte eta banako askoren laguntza izan dute.