Jon Benito. Idazlea

«Gero eta konplikatuagoa zaigu 'ni'-aren eta 'gu'-aren arteko territorioa»

Edertasunaren bilaketaz harago jo nahi izan du du Jon Benito idazleak bere hirugarren liburua sortzeko ipuin eta poemen bila. Dioenez, «espresabidea» izan du ipar, eta bilaketa horren emaitza da 'Lagun minak'.

JON URBE / FOKU.
Inigo Astiz
Zarautz
2022ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Ispiluak jadanik ez dio balio. Mataza moduko bat asmatu behar izan du Jon Benitok (Zarautz, Gipuzkoa, 1981) aldi berean norabide guztietarantz zabaltzen eta korapilatzen dirudien egungo mundu konplexu hau kontatzen saiatzeko. Adierazkortasunaren mugara behartu du hizkera horretarako. Lehen orrialdetik bertatik. Bigarren lerrotik. «Zer gertatu zitzaigun?/ galdetu dizut naiz diot diogu». Eta ibilkera apurtu horrekin doaz aurrera Lagun minak liburua osatzen duten hurrengo 290 orriak. Aingurak erreketan poesia liburua eman zuen argitara 2001ean, Bulkada izenekoa kaleratu zuen 2010ean, eta poesiaren eta narrazioaren artean joan-etorrian dabiltza bere kontakizunak orain, tarteka poema itxurarekin eta tarteka ipuin formarekin. Sorterrian egin du hitzordua BERRIArekin, Azken Portu auzoan, bere literaturaren iturburu den gunean, hain zuzen ere. Ortzi mugarako ihesbiderik uzten ez duen eraikin arteko plaza bat da, erdiz eguzkitara, hormetako txoko bakoitzean Benitok argazkilariari gustuz agerrarazten dion istorio banarekin.

Aurreko liburuetan bezala, oraingo honetan ere badago gune jakin honetaz gune literario bat sortzeko asmoa.

Nik uste dut liburu honetan logika bat badaukala horrek, asko hitz egiten delako pertenentziaz, eta aditzak ere moldatu egiten direlako identitateari erreferentzia egiten diotenean. Baina, era berean, hau ere bada nire lekua munduan, nahiz eta orain ez naizen hemen bizi. Eta hemengoa izateak janzten ditu betaurreko ideologiko batzuk, bai bestea edo gure inguruan bizi direnak ulertzeko, bai kanpoan gertatzen diren gauza batzuk ikusteko ere. Mundua ikusteko nire betaurrekoak hemengoak dira.

Esker emate batekin hasten da liburua, eta Gari Berasaluze idazleak liburuari buruz egin zizun oharra aipatzen duzu bertan: «Jendeak ez du horrela hitz egiten». Eta liburu osoan da argia hizkuntza naturalistaz harago jotzeko asmoa. Ia espresionista da darabilzun hizkuntza.

Bai, hitza hori da. Espresioa ahalik eta gehien indartzea edo potentziatzea izan da nire asmoa. Ez nuen bilatzen narratibitatea gailentzerik: pertsonaia hara joan da eta ez dakit zer egin du; inportanteagoa zen kontakizunaz haragoko hizkuntzaren ahalmen bat garatzea. Eta horrek auzitan jartzen du hitz batzuk nola balia ditzakegun. Adierazi nahi duguna kontatzeko hitz batzuek balio duten, eta, beraz, hitz batzuk molda ditzakedan edo asmatu behar ditudan, edo aditzak jokatu ditzakedan gaizki nahitara... Baina iruditzen zait literaturak horretarako aukera eskaintzen duela. Libre ez dut esango, ze libertateari buruz asko hitz egiten da liburuan, baina solteago bai jokatu nahi nuen.

Ez da hori korronte orokorra. Bide horretan baduzu anai-arreba sentitzen duzunik?

Musikan badaude Maite Arroitajauregi edo Maite Larburu edo, orain, Sofa bezalako taldeak. Badaude gauza batzuk ohiko inertziatik apur bat desbideratzen direnak, eta neu ez nago beraien korrontean, Arroitajauregi errepikaezina delako, Larburuk ere bere estiloa daukalako eta Sofak ere musika kontra-intuitiboa egiten duelako momentu batzuetan. Baina ate batzuk irekitzen dizkigute guztiek, geuk ere espresabideari bidea zabal diezaiogun, eta guretzako ere bidea zabalagoa izan dadin.

Espresioa da klabea, beraz?

Iruditzen zitzaidan gauza batzuk kontatzen banituen «joan zen, egin zuen, etorri zen», ba, agian konplituko zuela kontakizunak bere funtzio informatiboa, edo utziko zuela lekukotza, baina uste dut literaturak egin behar duela ahalegin bat hizkuntza propio bat garatzekoa eta espresabidearen potentzialitatea saiatzekoa, sikiera. Kontu bakoitzak behar luke bere kodea. Batzuetan lirikoagoa, eta beste batzuetan, ba,...

Mekanikoagoa, adibidez? Zintan lan egiten duen langilearen ipuina kontatzeko kontaera mekanizatu moduko bat sortzen duzunean bezala?

Hori da. Eta gero badago liburu osoan prosaren eta poesiaren arteko etengabeko batzuetan joko, beste batzuetan talka, eta beste batzuetan elkar osatze bat. Zeren eta gure egunerokoa oso prosaikoa da, eta eguneko laburpena egiten duzunean, etxera heltzen zarenean, zure ondokoari esaten diozu joan zarela hona eta egin duzula hura eta bestea, baina, aldi berean, iruditzen zait badaudela momentu batzuk zeintzuetan badagoen lirika bat ere, edo nahi baduzu mistika bat, oso xumea agian, baina mistika bat, eta, horregatik, nik ere ez nuen dena oso narratiboa ez oso mistikoa izaterik nahi. Bi gauza horien arteko dialektika bat gara gure egunerokoan.

Antzerkian laugarren horma deitzen den hori ere apurtzen duzu tarteka liburuan, zuzenean irakurleari hitz egiteko. Hala puskatzen du kontaera narratzaileak, adibidez, ipuinetako batean: «Kontaduria mejoragarria dela uste izatera, jo Zola, Ballestrini, Peace edo Ponhusen nobeletara».

Badago interpelazio asmo bat. Argitaratu aurretik liburua irakurtzera pasatzen nuenean hori izaten zen nire kezketako bat, irakurleak eduki ditzakeen eguneroko kezkekin konexioren bat egon zedila. Nik uste Bulkada-ren bertuteetako bat hori izan zela, konektatzen zuela jende baten aldi bateko bizipenekin, eta nahi nuen hori mantendu. Eta hori zen laugarren horma haustearen helburu nagusia, irakurleari galdetzea ea konektatzen ari den irakurtzen ari denarekin.

Sexu grina pizten sentitzen duen pertsonaietako batek hau dio liburuan: «La Sallen ikasitako abezedarioak ez zidan balio». Eta liburu osoa zeharkatzen du sentsazio horrek. Hizkuntza beharrezkoa dela errealitatea den kaos hori filtratzeko, baina, era berean, hizkuntza hori ez dela nahikoa.

Poemetako batean ere ideia hori lantzen da. «Ez dakit baina/ nora ainguratzen zaizkigun hitzak gaur/ zer adierazi nahi dugun etxe edo gu edo aske diogunean». Igual hitzek esanahi bat daukatelako, eta igual balio digutelako bizitzen ari garena norbaiti kontatzeko, hitz horiekin ulertzen dugulako kontatu nahi duguna, eta zubi bat eraikitzen dutelako bestearekiko; baina hitz horrek ez du balio kontatu nahi dena bere ñabardura guztiekin kontatzeko. Eta badago horrekin lotutako bigarren gai bat ere, eta da ea narrazio unidirekzionalek —hasiera, korapiloa, amaiera— balio ote duten mundu konplexu hau kontatzeko edo ez.

Zergatik?

Gure egunerokoan gauza asko tartekatzen direlako gertakarien bilakaera baldintzatzen dutenak. Baina nola egiten dugu, batetik, hori kontatzeko, eta, bestetik, hori ulertzeko? Niri gertatzen zaidalako hori. Lehen igual baneuzkan koordenada batzuk gure mundutxoaren nondik norakoak ulertzeko balio zutenak, baina, orain, sentipen pertsonala daukat gauzak konplexuagoak direla. Horregatik, liburuan badago etengabe soziologia eta psikologia nahasteko asmo bat ere. Eta, beraz, nola egiten dugu geruza diferenteak eta ezaugarritze diferenteak nahasten dituen mundu bat narratibizatzeko? Hori zen nire kezka.

ETAn aritutako kide baten testigantza dakar Maite Agirreren helegitea ipuinak, dena jarraian grabagailuari kontatu izan balio bezala. Kontatzen du dena eta bukaeran galdetzen du: «Eta ulertuko dela uste duzu?».

Zergatik egin zen jendea militante? Belaunaldi gazteagoetan badago hori ulertu nahi eta ezin duen jende bat. Eta kontakizunarekin bakarrik ez da nahiko, badaudelako kontakizunean sartu ezin diren ñabardura asko.

Hain justu, historia liburuetan inolako lekurik ez luketen kausak aipatzen ditu ipuineko protagonistak ere, ETAn bukatzeko motiboen artean. Besteak beste, erabakigarria da bere kide batekiko duen harreman pertsonala.

Dilema hori planteatzen du ipuineko narratzaileak ere: esaten du kausa duin asko daudela munduan, baina ez garela konprometitzen ontzat ditugun kausa duin horiekin guztiekin. Lotura humanoa baldin badaukagu, pertzepzioa eta irakurketa, gutxienez, ezberdina izango da. Ñabardura horiek nola kontatu zen hor kontua, ez garelako beti erabaki arrazionalen ondorio, eta gure ideologia ere ez da beti kriterio arrazionalen araberakoa, baizik eta gertatzen doan zerbait, etengabe galdera txikiei ematen zoazen erantzun txikiekin eratzen zoazena.

Mugak dira akaso liburuko sakoneko gaia. Errealitatea kontatzeko hizkuntzaren mugak. Bizilagunaren minak norberetzat hartzeko gaitasunaren mugak. Eta, azkenik, bizi duzun aldiak eskaintzen dituen zirkunstantzien eta askatasun egarriaren arteko mugak.

Badago askatasunari buruzko irakurketa bat hainbat ipuinetan aipatzen dena. Badago konplexutasun hau kontatzeari buruzko kezka bat ere, bai, irakurketa ezberdinak gurutzatzen direlako aldi berean, soziologia eta psikologia gurutzatzen direlako esaterako, eta sartzen delako ni-aren eta gu-aren arteko territorio konplikatu horretan, gero eta konplikatuagoa zaiguna, gainera. Eta beste muga bat izan daiteke Maite Agirreren helegitea ipuinak planteatzen duena: kontatu dezakegunaren eta kontatu ez dezakegunari buruzkoa, alegia. Protagonistak berak zalantza egiten baitu kontatzen duena kontatu ote dezakeen ere.

Eta muga horietara guztietara heltzea zen zure ideia, beraz?

Mugan daudela esan beharrean, nik uste dut territorio ez-definitu batean mugitzen direla, eta hor daudela pertsonaiak.

Eta liburu ez-definitu bat idatzi duzu territorio ez definitu horrentzat. Liburuzainek bitan begiratu beharko dute zer apalategitan kokatu erabaki aurretik.

Horrek ez ninduen kezkatzen. Ahalik eta ñabardurarik gehien eskaintzea izan da nire asmoa, kontraesankor izateko beldurrik gabe, eta hor sartzen da liburuaren hasierako «naiz diot diogu» hori, gauzak auzitan jartzearena eta esaldiak bihurritzearena.

Edertasunaz aparteko lurraldeak esploratzeko asmo bat ere badago.

Arthur C. Dantok badauka liburu bat, El abuso de la belleza izenekoa [The Abuse of Beauty]. Askotan lotu izan dugu ondo idaztea edo literatura ona egitea gertakari hiperdramatiko baten lekukotza ematearekin ere. Eta, hortaz, batetik dago edo narrazioaren garrantzia, edo bestetik dago zeinen eder idazten duen, eta, eder idazten duenez, idazle ona da. Hori da literatura jasoa.

Eta zu ez zara fio horretaz.

Ez. Eta berdin beste arteetara aplikatzen dugunean ere. Bertso ona da eder kontatzen didana gauza bat? Ba agian bai, baina ez da irizpide bakarra. Esperientzia artistiko batez jasotzen dugun interpretazio bakarra ezin da izan ea ederra den edo ez, edo estilo jasoa duen edo ez. Irakurleak jaso behar duenaren gama zabalagoa da.

Disfrutatu duzu idazten?

[Isilune labur bat, eta irri txiki bat]. Disfrutatu ez da hitza.

Zenbateko pisua izan du plazerak prozesuan?

Plazer momenturik handiena izan da jendearekin kontrasteak egin ditudanean. Idaztea badelako ariketa bat bakarrik egin ohi duguna, eta hor sartzen dira gure segurtasun faltak eta euforia momentuak, baina kontrasterako momentuan jendearekin elkar osagarritze hori gustatu zait. Hor bai aurkitu dut plazera, eta oso aberasgarria izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.