«Kirmenek esan dit abesten ikasi dugula Josuk [Aranbarri] eta biok!», aitortu du Txomin Uribe (Ondarroa, Bizkaia, 1968) Piztiak taldeko gitarristetako batek. Haren eta Josu Aranbarriren (baxua) artean sortzen, idazten —Kirmen Uribe anaiak, haien ohiko kolaboratzaileak, bi letra idatzi ditu— eta abesten dituzte kantuak. Pello Larrañaga Jotakie taldeko kide ohia da bateria jotzailea aspalditik, eta Jesus Galan gitarrista taldera itzuli da, hamabost urteren ostean. U (Buztenbaltza) sortu dute, 11 kantuko diskoa, haien 25 urteko ibilbidean zazpigarrena eta, ohi duten moduan, rockaren alde gordinetik edaten duena. Crowfunding bidez finantzatu dute —1.500 euro behar zituzten—, eta Urdulizko Tio Pete estudioan grabatu, Jose Lastra haien ohiko soinu teknikariarekin. Apirilaren 25ean aurkeztuko dute Bilboko Campos antzokian.
U diskoa oso Piztiak dela aipatzen badizute, laudorio gisa interpretatzen al duzu?
Bai. Lehengoan solasaldi hori eduki nuen Josurekin. «Begira zer esaten duten, oso Piztiak dela», esan nion. Zer esan nahi du horrek? Piztiak existitu dela, badagoela Piztiak soinu bat, lortu dugula gu geu izatea. Oso inportantea da. Ez da honen edo bestearen antza dugula. Ez, Piztiak da.
Sortzaileek, dena den, nolabaiteko aldaketa lehenesten dute lan batetik bestera, edo, behintzat, ez errepikatzea. Oso Piztiak da U, baina zertan aldatu da Gabeko kalapitxixak-ekin (2009) konparatuta?
Bi kantu kenduta, Gehiegi eta Bixitxi marabille de, niretzako U-ko abestiak oso ezberdinak dira, erregistro asko dituzte: bada bals bat, Ohean biziko gara; country ukituko bat, Josh Kexpiren balada; Neil Youngen ahaireak ditu Txikotak solte-k... Jesusen [Galan] gitarrarekin, Piztiak izaten jarraitzen dugu, baina, aldi berean, aldaketa bat eragiten du. Hortaz, Gabeko kalapitxixak da U, baina biderkatuta.
Aipatzen duzun aldaketa hori kontzientea al da?
Berez atera da. Josuk eta nik abestiak eramaten ditugu, eta gero zer bihurtzen diren... Hori da Piztiak.
Jesus Galan itzuli da, Argia eta itzala-n (1998) eta Zero-n (1999) zurekin batera gitarra jo zuena.
Oso ondo jo du. Soinua zabalagoa da berarekin, indarra eman dio.
Baina soinua ezin da konparatu Zero eta Argia eta itzala-koarekin.
Ez, ez, inondik ere, ez dute zerikusirik. Gabeko kalapitxixak niretzako disko zoragarria da, baina honek indar gehiago dauka.
Gabeko kalapitxixak behin baino gehiagotan aipatu duzu. Disko oso estimatua izan zen, eta hainbat agerkarik 2009ko euskal diskorik onenetako bat izan zela nabarmendu zuen. Zein bide egin du?
Nik neuk pentsatzen nuen gehiago joko genuela disko harekin, baina krisiaren unerik gogorrenetako batean harrapatu gintuen, eta... Pena eman zigun, gehiago merezi zuela iruditzen zitzaigulako. Dena den, pozik gaude 500 bat disko saldu genituelako.
Kopuru altua al da hori?
Orain kopuru bikaina da. 150 inguru saltzen dira... Oso-oso tristea da. 500 horietatik, banaketan-eta 150-175 ale izango ziren. Kontzertuetan-eta saldu ziren gehiago.
Zeinu bereizgarri batzuk eduki izan ditu beti Piztiak-ek: garapen luzeak, Josu Aranbarrik baxua jotzeko daukan modua, pop-rock abesti argitsu edo ilunak, hitz samurrak eta umoretsuak... Ados al zaude?
Ados nago. Josuren jotzeko era aipatu duzu... Bere jotzeko era, eta nirea, bereziak dira, ez digutelako jotzen erakutsi; ez dugu eskolarik hartu. Guk gure modura ikasi dugu eta kito.
Beste zeinu bereizgarri bat izan daiteke hori...
Baietz esango nuke, ziur nago. Piztiak-en baxuak oso distortsionatuak dira, nota dezente dauzkate... Jendea, normalean, ez da hori egitera ausartzen... Hamasei abestian, bateria saturatuta dago, baina erabat distortsionatuta; ahotsa ere bai... Gauza horiek ere badira Piztiak. Hor dago [Jose] Lastraren lana, eta guk utzi egiten diogu, onartu. Gainera, gustatu egiten zaigu.
Eta zergatik uzten diozue?
Jolastu egin behar delako. Pentsa, txukun-txukun grabatu, elegante-elegante, eta argitaratu. Hori arroz zuriaren modukoa da.
The Dream Syndicate, R.E.M., Pearl Jam eta besteren oso zaleak zarete zuek.
The Dream Syndicate, bai! The Dream Syndicate da Atera poza, %100ean! Denetik entzuten dut. Foo Fighters, The Smashing Pumpkins... Pixiesek-eta asko markatu gaituzte. Josuk, orain, Black Rebel Motorcycle Club entzuten du asko... Diskoa grabatzen ari ginen asteetan, gehien entzun genuena Eels izan zen.
Piztiak beti joan da, nolabait ,korrontearen kontra, bai 90eko hamarkadan, eta bai orain ere, beharbada beste estilo batzuk lehenesten direnean. Nola bizi duzue hori?
Beti ibili gara horrela. Barrutik ateratzen zaiguna egin dugu beti. Ez dakit... Garai batean, Ondarroan denak heavyak ziren, eta nik The Cure entzuten nuen... Besterik gabe, baina ez da erabaki kontziente bat izan.
Rara avis sentitu al zarete inoiz?
Ez. Igual, hori sentiarazi nahi izan digute... Gu La Pollarekin jotakoak gara, adibidez! Ez dugu hori bilatu, baina egia da horrela dela.
Gero eta anitzagoa da zeuen eskaintza, eklektikoagoa. Gabeko kalapitxixak-en asko antzematen zen. Nabaritzen duzue askatasun hori sortzeko momentuan?
Gero eta askeagoak garela, eta sortzerakoan gero eta ausardia gehiago dugula esango nuke. Gauza bat da buruan entzuten duzuna egitea, baina gero, emaitzan, aldatu egiten da. Buruan entzuten dugunetik azken emaitzara, ordea, aldaketa gero eta txikiagoa dela esango nuke; hau da, nahi duguna egiteko gero eta kapazagoak gara. Musika asko entzun dugu beti, eta hori igartzen da.
Urteekin gero eta positiboagoak dira Piztiaken hitzak. Hona azken laneko izenburuetako batzuk: Ametsik ederrena, Txikotak solte, Bixitxi marabille de, Nun zabiz? Geatuko gaz?, Atera poza...
Tu-k taldearekin [Piztiak-en aurrekoa], beltzez jantzita agertzen ginen Josu [Aranbarri] eta biok. Baina aldatzen joan da gauza denborarekin. Ez dakit... Igual bizipoza daukagu biok.
Norberaren askatasun egarriari buruzkoak dira, batez ere, leloetako batzuk: «Bixitxi beti ru aurrera», «aurrera lagun», «ez al gara gehiegi arduratzen?», «Sokak askatu, loturak apurtu».
Bai, hala da. Kuriosoa da, baina Kirmenek [Uribe], Josuk eta hirurok ez dugu adosten zertaz egin hitzak, baina bat egiten dugu.
Eta hitz guztiak, bat ezik, ondarroar hizkeran idatzita daude. Lehen ez zenuten horrela jokatzen...
Argia eta itzala-n abesti bakarra zen: Zirkin primo. Gero, Zero-n, bat bera ere ez, eta, Gabeko kalapitxixak-en eta honetan, ia denak. Zergatik? Hobeto kantatzen ditugulako, hobeto sentitu, eta, aldi berean, beroagoa delako horrela. Garai batean esaten zen «bizkaiera txerrikeria», baina hori dena gainditu egin dugu denok, eta normal hartzen da norberaren hizkeran abestea.
Txomin Uribe. Piztiak taldeko kidea
«Gero eta kapazagoak gara nahi duguna egiteko»
'U' da Piztiak-en inoizko lanik anitzena eta positiboena, baina oso Piztiak izaten segitzen du, era berean. «Soinu bat lortu dugula esan nahi du». Jesus Galan gitarrista taldera itzuli, eta abestiak zabaldu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu