Gernikan eginen dute 2024ko Bertso Eguna, urtarrilaren 27an

Sarrerak abenduaren 19an jarriko dira salgai, eta orduan iragarriko dute zer bertsolari ariko den kantuan.

2023ko Bertso eguna, Azpeitian
Iazko Bertso Eguna, Azpeitian, urtarrilaren 28an. GOTZON ARANBURU / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko azaroaren 22a
11:30
Entzun

Gipuzkoak txanda pasatu, eta Bizkaiak hartu. Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, Gernikan eginen da 2024ko Bertso Eguna, negu betean: urtarrilaren 27an. Aurreratu dutenez, egun osorako egitaraua prestatu dute ordurako: jai giroz betea, eta askotariko bertsoz josia. Dena dela, elkarteak oraindik ez du iragarri zer bertsolarik hartuko duten parte. Abenduaren 19an emanen dute informazio hori: hain zuzen ere, sarrerak salgai jarriko dituztenean.

Hauek dira orain arte emandako arrastoak: goizean, bertso poteoa eginen dute zenbait herrialdetako bertso eskolekin batera –Gernikako Lilibertso bertso eskolarekin, kasurako–. Gero, bazkaria izanen dute Astran, eta, segidan, bertso saio nagusia eginen dute bertan. Elkarteak erantsi du, gainera, saioaren ondotik festa gosez direnek izanen dutela horretarako «aukera».

Dataren eta kokapenaren notizia eman ez ezik, Bertso Egunaren asmoa zein den ere azpimarratu du Bertsozale Elkarteak. Nabarmendu duenez, Bertso Egunak 1995ean hartu zuen egungo izena, eta orduan ekin zion orain egiten ari den bidea urratzeari. Izan ere, aldez aurretik, garaian garaiko bertsolariei omenaldiak egitea zen egitasmoaren helburu nagusia. Azken urteotan, baina, jaiak bestelako kutsua du, eta, batik bat, bertsolaritza Euskal Herri osora eramatea da asmoa. Hain zuzen ere horregatik, herrialde batetik bestera saltoka dabiltza azkenaldian: adibidez, iaz Azpeitian egin zen (Gipuzkoa); 2022an, Izpuran (Nafarroa Beherea), 2021ean, Iruñean eta Getarian (Gipuzkoa) izan ziren jaiak, eta 2020an, Aramaion (Araba).

Aurtengo Bertso Egunera joan nahi dutenek abenduaren 19tik aitzinera izanen dute sarrera erosteko aukera: Bertsosarrerak.eus webgunean izanen dira salgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.