Gernikako bonbardatzearen 85. urteurrenak ematen dio izenburua obrari. Hangoa izanik, ezinbesteko erreferentzia zenuen?
Bai, eta Gernika bera bere, herria, erreferente bat da, beti egon delako kristoren mugimendua. Astraren inguruan mugimendu alternatibo handia egon da, eta Lobak egitasmoak lan handia egin du memoria historikoarekin. Amak kontatuta dakigu amamak eta birramamak sorotik ikusi zituztela hegazkinak, baina ez da egin berba askorik horretaz neure etxean behintzat. Gazteek mugitu dute gaia, gu garelako, amamen bitartez, horren testigantza zuzena entzuteko aukera dugun azkenak.
Erreferente sinboliko, historiko eta politiko zamatsua da Gernikakoa, baina zuk libre aritu ahal izateko baliatu duzula diozu.
Artea niretzat ez da zer edo zer pisutsua ateratzeko modu bat. Apur bat topikoa da, baina niretzako bizitzeko modu bat da. Ni hona nator eta sortzen nabil egunero. Uste dut hau bide naturala izan dela, eta ez urteurren hau edo hura dagoelako aurrez erabakitako zer edo zer. Ez dakit noiz jakin nuen, baina nik jakin nuen bai edo bai hau egin behar nuela.
Zergatik?
Gernikari buruzko pintzelkada txikiak agertzen joan zirelako. Markak dokumentalerako soinu banda eskatu zidaten, eta zuzenean jotzen nuenean bere jende asko hurbiltzen zitzaidan gero. Eta egun batean erabaki nuen: «listo, egin behar dut». Ezinegon handiko pertsona naiz, eta pentsatzen dut bost urte barru edo bihar bertan hil egingo naizela, eta gauzak egiteko beharra dut.
Badaezpada.
Badaezpada. Baliteke kanpora asko bidaiatu dudalako izatea. Gustatzen zait gauzak agresibitatez bizitzea; bizirik sentiarazten nau horrek. Horregatik, orain arteko ia 20 urteko ibilbidean ikasitako guztia dago hemen, zukututa bete-betean, eta ahalik eta ondoen eginda.
Jarrera horrek esplika dezake nola bukatu duen El Txef A izenarekin ibilbide arrakastatsua egin duen musikari elektroniko batek pieza sinfoniko bat egiten.
Hori da.
Trantsizio naturala izan da?
Ibili naiz han eta hemen jotzen, asko ikasi dut, eta orain egiten dudana ezingo nuke egin bizi zoro hori ez banu eraman, eta orain hartu ditudan arrisku asko bere ez nituzke hartuko horiek gauzok ez banitu egin. Infinituari beldurra galtzen zaio: ez dakit nora joan, ez dakit non jotzeko, ez dakit zenbat denboraz, gero hegazkinera, eta ostera bere hastera. Puntu zoro horrek segitzen du nigan. Delirio frenetiko hori galtzen badut, igual gero ezingo dut egin Gernika 85-ek duen estetikako obra bat.
Arriskuak aipatu dituzu, eta esana duzu obrak «muturreko pasarteak» ere badituela.
Batzuentzat oso muturrekoa izango da, eta beste batzuentzat batere ez. Niretzat, esaterako, koruek egingo dutena interesgarria izango da estetikoki. Onomatopeiak erabiliko dituzte, ez dago hitzik, eta zarata mantriko bat izango da. Baina izango dira bestelako pasarte batzuk bere: batzuk zaratatsuak eta zoroak, eta beste batzuk oso minimalistak, soinu oso puruekin eta oso planoekin. Zementua bezalakoa da, zimurtsua baina berdina.
Bonbardatzearen lekukotzak ere txertatu dituzu obran, baina, esana duzunez, «era artistikoan». Nola egin duzu hori?
Ez nituen lekukotzak erabili gura mugimendu arteko tarteak betetzeko, halan edo zelan, baina integratu gura nituen. Markak dokumentalaren soinu bandan badago lekukotza bat, garbi entzuten dena, eta hori hor dago. Beste maila batera eraman gura nuen orain, eta lekukotza partituran bertan agertzen da. Memoria historikoa artearen bidez bizirik mantentzeko modu bat da.
Pieza deskribatzeko sentsazio fisikoak aipatu dituzu. Evelyn Glennie perkusio jotzaileak ere gorputzarekin entzuten du musika. Horrek batzen zaituzte?
Asko lantzen dira frekuentziak soinuari buruzko ikerketetan. Igual 100 hertzetik beherantz entzuten da hemen [sorbaldan egiten du keinu], hortik gora igual hemen [bularrean], eta hori da Evelynen [Glennieren] bizitza. 6 urte zituenean esan zioten gorra zela, eta gorputzetik entzuten du. Niri beti interesatu zait hori, haren liburuak ere ikasten genituen perkusio eskoletan, eta bat-batean beragaz behar egitea halako proiektu batean oso inportantea da. Gainera, oso ondo ulertzen ditu bi munduak: musika klasiko tradizionala esan dezakeguna eta musika elektroniko esperimentala deitu dezakeguna. Badago momentu bat bi alorrak juntatzen direna, oso interesgarria.
Estreinaldiaren ostean, pieza mugituko dela espero duzu?
Gustatuko litzaidake.