Herria ez ezik, ikurra ere bada Gernika aspaldi. Arbolagatik. Hari buruzko kantuagatik. 1937ko bonbardaketengatik. Pablo Picassoren koadroagatik. Jose Luis Zumetarenagatik. Francisco Escuderoren operagatik. Hari buruzko poemengatik. Filmengatik. Saiakera liburuengatik. Eta, hain justu ere, erreferentzia sare hori aztertzeko egingo dute bi eguneko nazioarteko kongresu akademiko bat Gernika-Lumon bertan (Bizkaia). Euskal Herriko Unibertsitateko MHLI Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikertaldeak antolatu ditu saioak, eta, ezinbestean, pluralean jokatu behar izan du herriaren izena jardunaldiei jarritako tituluan: Gernika(k): Trauma historikoaren errepresentazioak, transmedialitateak eta bisemantizazioak. Gaur eta bihar izango dira saioak, eta, 42 hizlari batuko ditu.
Mari Jose Olaziregi EHUko Euskal Filologiako doktore eta Euskal Literaturako katedradunaren zuzendaritzapean, memoria historikoaren errepresentazio artistikoak aztertzea da MHLI ikertaldearen helburua, eta hamaika diziplinatako ikerlariak biltzen ditu. Filologoak, literatur adituak, artearen historialariak zein antropologoak tartean. Eta eragin esparru hori zabaltzea erabaki dute oraingoan.
Bi ardatz nagusi izango dituzte jardunaldiek. Bonbardaketaren irudikapen garaikideak aztertuko dituzte batetik, eta Picassoren koadroak bultzatutako birsemantizazioak eta transmedia prozedurak ere bai, bestetik. Euskal Herriko adituak ez ezik, Brasilgoak, Alemaniakoak, Kataluniakoak, Espainiakoak eta Galiziakoak ere elkartuko dituzte horretarako.
Irekiera ekitaldiaren ondoren, Olaziregik berak eta Stefanie Schuuler-Springorumek emango dituzte lehen hitzaldiak. Berlingo Unibertsitateko ikerlaria da Schuuler-Springorum, eta Alemaniako juduen, nazionalsozialismoaren historiaren eta Holokaustoaren zein Espainiako historiaren aditua ere bada. Eta, hain zuzen ere, Gernikako kasuak eta ikurrak Alemanian duen oihartzuna aztertuko du.
Gernika, Brasilen
Eta ez da hori izango Gernikak nazioartean duen eragina aztertuko duen hitzaldi bakarra. Gernikako bonbardaketak Brasilen izan duen eragina aztertuko du Ivan Zumalde Casa Gernikako kideak, Galiziako literaturan izan dituen agerpenak aztertuko ditu Dolores Vilavedra Fernandez Santiagoko Unibertsitateko literatur adituak, eta Picassoren koadroak Argentinan izan duen adieraberritzeaz arituko da Raquel Macciuci La Platako Unibertsitateko literatura katedraduna.
Erlazionatuta
Bonbardaketari buruzko hitzaldia ere eskainiko du bihar Xabier Irujo Nevadako Unibertsitateko irakasle eta Center for Basque Studieseko historialari eta gaian adituak. Eta artearen, literaturaren zein hirigintzaren esparrutik ere aztertuko dute Gernikako kasua hainbat adituk. Eta memoria historikoa lantzeko esperientziei buruzko atal bat ere izango du kongresuak.
Ikerlari eta adituez gain, erakundeetako hainbat ordezkari ere bilduko ditu kongresuak. Bertan izango dira, besteak beste, Jose Miguel Gaston Aguas Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendaria, Aintzane Ezenarro Egurbide Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, eta Maria Oianguren Idigoras Gernika Gogoratuz Bakearen Aldeko Ikerketa Zentroko zuzendaria.
Aurkezpen akademikoez gainera, hiru erakusketa ere egingo dituzte herrian. Bakearen Museoan dago lehena: Xabier Erkiziak sortutako Aire errea. Kongresurako kartela sortzeko antolatutako lehiaketan parte hartu duten irudiak ikusi ahalko dira Euskal Herria Museoan. Eta kongresua antolatu duen ikertaldeko kideek antolatutako proposamen didaktiko bat ere egongo da ikusgai, Elai Alai aretoan.
Kongresuari buruzko informazio osoa hemen dago irakurgai.