Gernika oroitzeko sinfonia bat

Aitor Etxebarriak 'Gernika 85' obra sinfonikoa sortu du, bonbardaketa oroitzeko, eta BOS, Gaudeamus korala eta Evelyn Glennie alboan dituela estreinatuko du, ekainaren 30ean

Aitor Etxebarria konpositorea, Gernika 85 obraren aurkezpenean, proiektua babestu duten erakundeetako ordezkariekin batera, Bilbon. ARITZ LOIOLA/ FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
«Musika da instrumentu indartsu bat memoriari bizirik eusteko». Gernikarra izanik, Aitor Etxebarriak (Gernika, Bizkaia, 1985) gertuko erreferentzia izan du beti 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketarena. Bertatik bertara bizi izan zuten egun hori haren amonak eta birramonak, eta, aurrez ere, behin baino gehiagotan izan du lanerako akuilu, baina sekula ez oraingo neurrian. Bonbardaketa abiapuntu hartuta, ia ordubeteko obra sinfoniko eta korala sortu du konpositoreak: Gernika 85. «Estetika minimalista» eta «paisaia eszentrikoak» uztartuko dituela aurreratu du sortzaileak, eta baita lau mugimendu izango dituela ere. Ekainaren 30ean aurkeztuko du obra, Bilboko Euskalduna jauregian, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Gaudeamus korala eta Evelyn Glennie perkusio jotzailea izango ditu ondoan. Gaur iluntzetik edo bihar goizetik aurrera egongo da sarrerak erosteko aukera.

2017an sortu zitzaion harra Etxebarriari, hain justu, bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira sortutako Markak dokumentalerako lanean zebilenean. Bernardo Atxaga idazlearen izen bereko liburua izan zen abiapuntua: Hannot Mintegia zinemagileak zuzendu zuen ikus-entzunezkoa, eta harentzako musika sortu zuen Etxebarriak. Disko formatuan ere kaleratu zuen lan hura, Forbidden Colours diskoetxearen zigilupean, eta zuzeneko emanaldiak ere eskaini zituen. Bada, nolabait ere, nota haiekin hasten da ekainean estreinatuko duen pieza, Etxebarriaren hitzetan. «Soinu banda horretan agertu ziren obra honen lehen ernamuinak».

Hasieratik izan zuen «bizitza propioa» edukiko zuen obra bat sortzeko ideia, eta argi izan zuen pieza bonbardaketaren 85. urteurrenean estreinatu nahi zuela ere. Eta, beraz, su geldoan eduki du beti proiektua azken bost urteotan.

Etxebarriarekin batera, Evelyn Glennie perkusio jotzaile eskoziarra da obraren beste bizkarrezurretako bat. Emanaldian ere, Etxebarria eta bera, biak egongo dira lehen lerroan, aurrez aurre, eta atzean izango dituzte orkestra eta korua. Bi Grammy sari jasotakoa da Glennie, eta birtuosotzat dute adituek. 12 urterekin diagnostikatu zioten gorreria, eta musika gorputz osoarekin entzuten ikastera eraman zuen horrek.

Gorputzarekin entzutea

2018an ezagutu zuen Etxebarriak Glennie Londresen, film baterako soinu banda sortzen ari zela, eta berriz ere harekin lan egitea «amets bat» izan dela esan du konpositoreak. «Munduari gorputzagaz entzuten irakastea du buruan berak», azaldu du Etxebarriak. «Ortozik jotzen du beti, eta gorputz osoarekin xurgatzen ditu frekuentziak. Nik sekula ez dut jo dinamikak berak bezain argi igartzen dituen inorekin. Sinesgaitza da gorputzagaz duen konexio hori».

Dinamikoki, mutur batetik bestera joango da emanaldia, konpositoreak azaldu duenez. Izango dira pasarte pianissimoak eta izango dira pasarte oso gogorrak ere. «Nire ibilbidean orain arte oso garrantzitsua izan da isiltasuna, eta kasu honetan ere, izango dira isiltasun askoko zati batzuk ere, entzuleari arreta guztia eskatuko diotenak».

Aurrez beste hainbat musikarik ere hartu izan dute Gernikako bonbardaketa inspirazio iturritzat. Hor daude, besteak beste, Pablo Sorozabalen Gernika (hileta martxa), Francisco Eskuderoren Gernika opera, Gorka Hermosa akordeoi jotzailearen Gernika pieza, edo Mikel Laboaren Gernika- Lekeitio 4 eta Eñaut Elorrietaren Gernika abestiak. Eta zerrenda horretan ale bat gehiago jarri nahi izan du orain konpositoreak.

Kasu honetan, Etxebarriak obraren parte bilakatu ditu bonbardaketa hura bertatik bertara bizi izan zutenen ikus-entzunezko lekukotzak. «Ez dute obra laguntzen», zehaztu du; «obraren parte dira». Berez, Gogora institutuak eta Gernikako Bakearen Museoak bildu zituzten bideo horiek. Gizon eta emakume edadetuak ikusten dira haietan, haur zirenean bizitakoak gogoratzen. Eta, hain zuzen, ahozko lekukotza horiek orkestraren «musika tresna bat gehiago» bihurtzea izan da Etxebarriaren erronka.

Lekukotza horienak izango dira obrako hitz bakarrak. Etxebarriak zehaztu duenez, esaterako, koruak ez du letrarik kantatuko. Horren ordez, pasarte «gutural» batzuk kantatuko dituzte abeslariek, «onomatopeiatik gertuko zerbait».

Ukrainako gerraren ondorioz, memoria ariketa zena kolpean gaurkotasunezko bilakatu zitzaiola ere kontatu du Etxebarriak. Izan ere, Bartzelonan bizi zen garaian ezagututako lagun min bat du konpositoreak Kieven. «Gogorra izan da nire gertukoa den eta nire mundu berean ibiltzen den norbait zer sufritzen ari den ikustea». Eta, azaldu duenez, bultzada moduko bat izan da egoera hori Gernikari eskainitako konposizioaren azken txanpan.

Bakea sustatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Gogora institutuak eta Gernikako Udalak babestu dute proiektua. Etxebarriaren obra «omenaldi sinfoniko bat» izango dela esan du Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak. Eta halako lanek «bizikidetza» eta «errespetua» sustatzeko balio dutela ere gehitu du. «Musikaren eskutik lortu gura dute ez ditzagula betirako ahaztu halako gertaerak». Eta ildo beretik jo du Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak. «Konpromisoak aktibatzeko eta kontzientziak inarrosteko beharra du bakearen kulturak, eta, horretarako, bada ehiza hegazkinak eta misilak baino indartsuagoa den arma bat: kultura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.