Bi kanturekin hasi zen kontua. Xabier Soubeletek idatziak Gernikako bonbardaketaz. Kantatu egin zituen taldean. Baina gaia sakondu nahian zegoen Soubelet. Bereziki ikusirik Gernikako bonbardaketaren urteurrena hurbiltzen ari zela.
Paraleloki, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Herriko Etxeak gogoeta bat abiatu zuen kulturaren gaia aztertzeko asmoz. Elkarteak proiektu batean batzeko beharra aipatu zen orduan. Eta horra nola bururatu zitzaion Soubeleti bi gaiekin bat egitea. Gernikako bonbardaketaz proiektu baten gauzatzea, hiriko elkarteak oinarri. Elkarteen itzulia egin, denek baietza eman, beste kantu batzuk idatzi, guztia lotzen hasi, eta horra beraz, emaitza, gaur estreinatuko dutena. Txoria badator, txoria badoa. Gernika 80, 21:30ean Duconteniako parkean. Abenduan Gernikara eramatekoa dute hitzordua. 300 parte hartzaile, hamazazpi elkartetatik etorriak.
Bide bat ere bada Gernikako gertakariaren memoria zabaltzeko. Ikusgarriak hiru zati nagusi izanen ditu. Bonbardaketa aitzineko Gernikako giroa irudikatzetik hasiko dira. Ondotik bonbardaketa, eta, azkenik, «frankismoa izan dela ahantzi gabe, berreraikuntza bat, poliki-poliki esperantzari leihoa irekiz», Soubeleten hitzetan. Guztia lotzen duen haria Soubeletek du pentsatua, eta baita elkarte bakoitzari zer egin proposatu ere.
Dantza, kantua, musika, bideoak eta antzerkia aldizkatuz dituzte irudikatuko une hauek. Estilo orotakoak. Dantzan, adibidez, euskal dantzan ari diren Begiraleak, Primadera eta Gernikako Elai-Alaiez gain, dantza modernoan berezitu Le Cazoulat dantza eskola eta dantza klasikoa irakasten duen Gladys Cazeaux ariko dira. Kantuan, Donibane Kantuz taldearen folka eta abesbatza andana bat aldizkatuko dira, baita hiriko musika eskola zein Begiraleak txaranga eta Kaskarot banda. Arte plastikoak Ilargi arte eskolak ordezkatuko ditu. Bideoak, Kanaldudek. Azpiegiturentzat ere elkarte bat baino gehiago hurbilduko da laguntzera.
Dena euskaraz da, salbu antzerki zati bat, bost bat minutukoa, frantsesez dena. Gibelean euskarazko itzulpena irakurtzen ahalko da bideo batean. Zati hori sartu dute «esplikatzeko zergatik Gernika bonbardatu zuten. Gaztelako erregeak agertzen dira hor». Euskal lege zaharrak dituzte aipagai: «Hori espainolez egin behar zen. Baina Donibane Lohizunen ez zen posible espainolez egitea». Horregatik frantsesez. Ez dute euskaraz egin: «Gaztelako erregeak espainolak zirelako, espainolez egiten zutelako». Soubeletek gaineratu du: «Ematen diren gauzak trufatzeko dira, eta orduan, euskaraz ez zen egiten ahal». Scaramuccia eta Theatre des planchettes antzerki taldeek dute zati hori emanen.
Taula gainekoa baino haratago, proiektua bide bat ere izan da elkar hobeki ezagutzeko, eta, horrek, bai gaurko egunean, bai geroari begira, beste fruitu batzuk ekarriko dituela nabarmendu du Soubeletek: «Elkarrekin lan eginez, mundu hori sakontzen da». Adibide bat emateko, Begiraleak eta Le Cazoulat dantza taldeek proiektu bat elkarrekin eramateko asmoarekin daude orain.
Gernika gogoan
'Txoria badator, txoria badoa. Gernika 80' ikusgarria gaur estreinatuko dute, Donibane Lohizunen. Dantza, musika eta antzerkia nahasten ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu