Gernika aipatzeak Gernika aipatzera darama ia ezinbestean. Estu uztartuta daude 1937ko bonbardaketaren memoria eta Pablo Picassok sortutako artelana. Azokan zen herri haren aurkako erasoaren 76. urteurrena gogoan, Azken Gernikak izeneko erakusketa antolatu du Xabier Saenz de Gorbea artista eta komisarioak Gernikako Euskal Herria museoan (Bizkaia). Biak uztartzen ditu berak ere: Gernika eta Gernika. Picassoren lana abiapuntu hartzen duten egungo sortzaileen lanak batu ditu horretarako. «Nik ulertzen dut artea kontu politiko gisa, aldarrikapen gisa, eta galdera gisa. Eta Gernika-k erakusten du hizkuntza propio bat, eta baita ardura sozial eta politiko bat ere bidegabekeria guztien kontra dagoena». Eta jarrera horren azken adarrak erakutsi nahi izan ditu. Urriaren 13ra arte egongo da ikusgai bilduma.
Historikoa da erakusketaren abiapuntua. 1937ko argazki batek hasten du ibilbidea: Jose Antonio Agirre Jaurlaritzako lehendakaria eta haren kideak ageri dira, atzean Picassoren lana dutela. Eta Gernika hitza koadropean. Garrantzitsua da detailea, Saenz de Gorbearen hitzetan: «Maiz entzun behar izan dut Picassok ez zuela Gernikaren aditzerik, eta irudi hau da horren aurkako froga». Egungo artistak dira, halere, erakusketaren ardatz nagusia. «Gazteak», dio komisario lanetan dabilen artistak. «Erakutsi nahi izan dut haien lanek nola ematen dioten esanahi berri bat Picassoren lanari, eta nola aberasten duten haren zentzua. Bonbardaketaren memoria bizirik da, eta koadroak oraindik ere balio du mota askotako aldarrikapenak egiteko».
Picassoren lanaren erreferentzia argi ageri duten piezak hautatu ditu horretarako Saenz de Gorbeak. Ibon Aranberri artistarena, kasurako (Itziar-Deba, 1969). 2002an Frankfurten (Alemania) egindako Manifesta 4 biurtekorako sortu zuen lanaren argazki sorta bat hautatu du erakusketarako. Picassoren lana izan zuen abiapuntu Aranberrik, baina muralaren gris guztiak ezabatu, eta autobusentzako aterpe baten moduko bat sortu zuen harentzat. Baina ez dute pieza hori eraman Gernikara, haren argazki sorta bat baizik.
Javier Arcek (Santander, Espainia, 1979) egindako grafitoak bai. Horiek eraman dituzte erakusketara. Benetako gertakari bat dute oinarrian horiek ere: Gernika New Yorkeko MOMA museoan zegoenean jasandako erasoak, zehazki. Eta eraso hura azaltzen duen fanzine bat ere jarri dute bisitariaren eskura Arceren lanen ondoan.
Baina fikzioak ere badu bere partea. Hori da Kepa Garraza artistaren lanaren kasua (Berango, Bizkaia, 1979). Erabat errealista da haren koadroa, baina fantasia du oinarri. BIDA izeneko asmatutako ekintzaile talde batek Picassoren lanaren aurka egindako atentatua erakusten du koadroak, baina erasoa ez da koadroan baino existitzen. «Olio lan horren argazkia da erakusketara ekarri duguna», dio Saenz de Gorbeak.
Zuhaitz arteko 'Gernika'
Zilbetin (Nafarroa) bukatzen da ibilbidea. Antzeri pagadian. Magna enpresak han eraiki nahi duen harrobiaren proiektua bertan behera gera dadin eskatzeko herritarrek zuhaitzen azaletan margotutako Gernika-rekin. Zuhaitzak hazi ahala hazieta mugitzen den Gernika horrekin.
Bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratu zuten iaz Gernikan. Eta efemerideak gaia berriz ere lantzeko aukera eman zien artista askori, eta egindako lan horren guztiaren kontaketaren falta sumatzen du Saenz de Gorbeak. Eta egindako lan eskerga hori antolatu eta garrantziaren arabera antolatzen saiatu da emanaldietan. 1937tik abiatzen da kontakizuna, eta euskal artistak eta kanpoko artistak hartzen ditu kontuan.
Saenz de Gorbeak hitzaldiak ere eskainiko ditu museoan emanaldi horiei buruz.
'Gernika' eta haren adarrak
Egungo zenbait artistak Picassoren murala abiapuntu hartuta sortutako lanak bildu dituzte Gernikan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu