Errobiko jaialdiak Gerezien denbora pastorala bigarrenez ikusteko aukera emanen du heldu den igandean, Itsasun (Lapurdi). Baionako emanaldia portuan ematekoa zuten, baina aro txarragatik, Lauga kiroldegian eman zuten azkenean. Errobiko jaialdiaren karietara abian jarritako pastorala da Gerezien denbora; hain zuzen, pastoralaren errejent Beñat Axiari Itsasuko jaialdiaren antolatzaile ere bada. Eta, funtsean, beste arduradun zenbait ere, bi emanaldietan ari dira lanean.
Gerezien denbora Itxaro Bordaren eleberrian dago oinarritua, eta sei hilabeteko lanaren emaitza da. Beren artean sortutako loturak nabarmendu dituzte parte hartzaileek. «Hiri batean gure herrixka sortu» izanaz kontent agertu da, adibidez, sujetetako bat, Julen Axiari. Zer den euskaldun izatea? galdera horri nonbait erantzun bat aurkitzeraino.
Baina gaur abiatuko den Errobiko jaialdiak ukanen du beste artistarik ere. Egun eta gauez, hainbat saio aldizkatuko dira, Beñat Axiarik bere sareak aktibatu dituela beste behin, jaialdiak 19 urte beteko dituela aurten. Espainia, Grezia, India eta trobadoreen kantuetatik gaindi, baita, tartean, hemengo zenbait ahots ere, direla Alienor pastoraleko kantariak Maddi Oihenart eta Julen Axiari lagun, direla Joseba B. Lenoir gitarrista eta kantariak Felix Buff bateria jotzailearekin osatu bikotearen zuzenekoa.
Egitarauari hurbilagotik begiratuz, hor daude Beñat Axiarik aspaldiko lagun dituen jazz mundutik ezagunak diren Bernard Lubat eta Michel Portal. Lubat bateriarekin, eskusoinuarekin eta kantari ariko da, eta Portal bera saxofoi jotzaile gisa da bereziki ezagun. Greziako ahots, Angelique Ionatos izanen du jaialdiak. Aspalditik Belgikan bizi den artistaren ahots bereziak hainbat poeta kantatzen ditu, besteak beste, Odysseas Elytisenak. Andaluziatik El Niño de Elche eta Raul Cantizano etorriko dira, Errobiko jaialdian usu bere lekua duen flamenkoaren lekuko. Trobadoreen ahots Guylaine Renaud ariko da. Okzitaniarrez ere kantatzen duen artista da, eta Beñat Axiarirekin ariko da, Beatiho taldearekin.
'Gerezien denbora' berriro ere
Errobiko jaialdia gaur hasiko da Itsasun, eta igandean hiri pastorala taularatuko du bigarrenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu