INDARKERIA MATXISTA

Gerard Depardieu sexu erasoengatik epaitzen hasi dira

Bi emakumek salatu zuten aktoreak eraso egin ziela 2021ean, film bat grabatzen ari zirela. Haren aurkako salaketa gehiago ere badira.

Gerard Depardieu aktorea, Berlinen, 2023an. CLEMENS BILAN / EFE
Gerard Depardieu aktorea, Berlinen, 2023an. CLEMENS BILAN / EFE
Ainhoa Sarasola.
2025eko martxoaren 24a
10:19
Entzun 00:00:0000:00:00

Hainbat emakumek salatu dute urteotan Gerard Depardieu sexu erasoengatik, eta hainbat auzi ditu zabalik aktore frantziarrak. Salaketa horietako bat bi emakumek aurkeztu zuten, iaz; biek ala biek salatu zuten film baten grabaketan eraso egin ziela, 2021ean. Eta auzibide horren harira, epailearen aurrean azaldu behar izan du gaur aktoreak, Parisen.

Zalantza zegoen Depardieu epaitegira joango ote zen, osasun arazoak tarteko eta bere abokatu Jeremie Assousek eskatuta, lehenago ere atzeratu egin baitzuten epaiketa —joan den urrian zen hastekoa—. Baina auzitegian agertu da aktorea oraingoan.

Haren aurka zabalik diren hainbat auzibideetako bat da gaur abiatu dutena. Salaketa aurkeztu zuten bi emakumeek aktorearekin egin zuten lan 2021ean, Jean Beckerren Les volets verts filmean —errealizazio laguntzaile aritu zen bata, eta dekorazio arloan bestea—.

Depardieuren abokatuak esan du aktoreak «bere egia» aurkeztu nahi duela epaitegian, eta «gezurrezko akusazioen biktima» dela. Izan ere, aktoreak bere aurkako salaketa guztiak ukatu izan ditu orain arte. Joan den urrian, bi emakume salatzaileei dirua irabazi nahia egotzi zien abokatuak, kalte ordainak eskatzeko asmoa agertu zutelako.

Hogei bat salaketa jarri dizkiote urteotan Depardieuri —batzuetan artxibatu egin dira auzibideak, gertakariek preskribatu zutelakoan—. Lehena Charlotte Arnould aktoreak aurkeztu zuen, 2018ko abuztuan; aktoreak bitan bortxatu zuela azaldu zuen emakumeak. Epaitegietan ez ezik, prentsan ere dozenatik gora andrek ere testigantzak eman dituzte aktorearekin lan egin zuten garaian jasandakoei buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.