Euskaltzaindiak eskuragarri jarri du webgunean Georges Lacombe euskaltzain osoaren artxibo digitalizatua. Euskaltzaindiak berak zehaztu duenez, Euskal Herriaren eta euskararen historia ezagutzeko ezinbestekoak diren hemezortzi funts eta 2.000 artxibo inguru ageri dira; tartean, euskalari hauen dokumentazioa: Joanes Artxu, Louis Lucien Bonaparte, Pierre Broussain, Jean-Baptiste Darricarrere, Wilhem Jan van Eys, Hugo Schuchardt, Edward Spencer Dogston, Jean-Dominique-Jules Salaberri, Joseph-Augustin Xaho, Julien Vinson eta Silvain Pouvreau.
Euskararekin lotura zuen dokumentu oro biltzen saiatu zen Lacombe bere bizitza osoan. Hainbat artxibo funts erosi zituen horien egileak hil ondotik, eta XIX. mendeko euskalaritzari buruzko funts nagusietako bat bildu zuen horiekin.
Maite Aristegi Olaso Dorrea fundazioko kidearen hitzetan, Euskaltzaindiak artxibo hori digitalizatu izanakosoki betetzen du fundazioaren sortzaile Telesforo Monzonen eta Josefa Ganuzaren asmoa. Kontatu du, halaber, nola heldu ziren dokumentuok Olaso Dorrera. Zehazki, 1950eko hamarkadan izan zen, Lacomberen heriotzaz jabetuta eta haren arreba artxiboa eta liburutegia saltzeko prest zegoela jakitean, Monzonek eta Ganuzak ahaleginak eta bi egin zituzten ondare hori Euskal Herrian gera zedin. «Eskatutakoa ordaindu zioten arrebari: kilo bat urre», zehaztu du Aristegik. «Ez ziren garai errazak monzon-ganuzatarrentzat, eta esfortzu handia egin zuten hura lortzeko».
Webgunean, era praktikoan
Olaso Dorrea da orain Lacomberen ondarearen jabea, eta bitan banatu ohi da: biblioteka eta artxiboa. Biak ala biak digitalizatuta daude, eta Euskaltzaindiak zaintzen ditu kopia digitalak. Paperezko originalak, berriz, bi lekutan daude: artxiboarenak Olaso Dorrean, eta bibliotekarenak, berriz, Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekan, Akademiaren Bilboko egoitzan.
Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkariak azaldu du garrantzitsua dela artxiboaren funts digitalak euskal herritarren eskura jartzea. Are, «modu praktiko eta atseginean» jarri dituztela jakinarazi du.
Georges Lacomberen artxiboa eskuragarri jarri du Euskaltzaindiak bere webgunean
Euskararen akademiaren webgunean digitalki kontsultatu daitezke euskaltzain oso izandakoaren hemezortzi funts. Olaso Dorrea da gaur egun ondare horren jabea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu