Geometriaren mugaz harago

Iruñera itzuli da Iñaki Ruiz de Egino artistaren lana, hirian egindako lehen erakusketatik 40 urtera

Iñaki Ruiz de Eginoren San Anton galeriako erakusketako ikuspegi bat. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Iruñea
2015eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Ospakizunetik asko du Iruñeko San Anton galerian ikusgai den erakusketak. Iñaki Ruiz de Eginoren (Donostia, 1953) lanak jaso ditu aretoak, artistak Iruñeko Nafarroako Museoan lehen erakusketa egin zuenetik 40 urtera. Aldea badago 1975eko erakusketa haren eta oraingoaren artean, obretatik hasita: egungo lanak erakutsi ditu Ruiz de Eginok oraingoan, duela lau hamarkadakoetatik urrun, estilo zein itxuran. «40 urteren ondoren Iruñera itzultzeko modua izan da, eta, urteurrena ospatzeko, lanak ekarri ditut», dio artistak. Abuztuaren 31ra arte izango da zabalik erakusketa, San Anton kaleko aretoan.

Ospakizuna borobiltzeko, gainera, beste erakusketa bat du artistak Urdazubiko (Nafarroa) monasterioan. Hastapenetako lanak erakutsi ditu han. Beraz, denboran zehar egindako bidaia da, bide batez, Urdazubi eta Iruñea artekoa. 40 urteko aldea dago bien artean. Eta, artistak dioenez, bi erakusketek «elkar elikatzen dute».

Geometria da nagusi Iruñeko galeriako paretetan, koadro zein eskulturetan, artistaren ibilbidearen zati zabalenean nagusi izan den bezala. Hortik datorkio izena erakusketari: Miradas lineales(Begirada linealak). Espazioari begira sortu du artea, eta geometriaz erantzun dio espazioak eragindako oztopoei.

Bestelakoa izan zen, ordea, artistaren ibilbidearen hasiera. Zaragozako (Espainia) unibertsitatean egin zituen arte ikasketak, eta hango irizpideei aurre egin nahian —«arte figuratibo gehiegi eginarazten ziguten»— abiatu zen espresionismoaren bidetik: «Ganbara batalokatu genuen hainbat ikaskideren artean, eta, han, modu bohemio samarrean hasi ginen lanean, espresionismo abstraktuaren esparruan. Gauza berritzaile samarra zen orduan». Margolanak dira garai hartan egindako lan gehientsuenak; Urdazubin ikusgai daude horietako batzuk.

Gerora, ordea, Eduardo Txillida, Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea ezagutu zituen, Rafael Ruiz Balerdi lagunaren bitartez. «Haiek, batez ere Basterretxeak eta Oteizak, esan zidaten:'Zu eskultorea zara, margolaria baino gehiago'. Eta hala hasi nintzen eskultura egiten, 70eko hamarkadaren amaieran».

Garai hartatik datorkio Ruiz de Eginori espazioarekiko kezka ere. Eta, kezkaren erantzun gisara, geometriarekiko apustua. Eragin kontua, beste behin ere: «Bat-batean, espazioarekiko interes handia piztu zitzaidan. Nire maisuen eraginez, geometria interesatzen hasi zitzaidan, eta mundu horretan sartu nintzen. Haiek egiten zutena bestelako formulazio batzuen arabera egiten hasi nintzen, haiek egiten zuten gauza bera ez egiteko. Asko interesatzen zitzaigun denoi espazioa, eta, Oteizarekin batez ere, asko eztabaidatzen genuen gaiaren inguruan. Niri oso ongi etorri zitzaidan hura».

Ordutik aurrera, geometriaren arauak landuz eta mugaraino eramanez egindako lanek eman diote sona Ruiz de Eginori, baita nazioartean ere. Munduko geometria museo nagusiek badute haren obrarik; eskulturak, batik bat.

Bi aldeetako geometria

Geometriaren arau zurrunak malgutzea izan da Ruiz de Eginoren kezka etengabekoa. Sarri, berak dioenez, «lerro zuzenaren, lerro kurbatuaren eta lerro hautsiaren ideien arabera ulertzen baita geometria, eta ez dago hortik ateratzerik». Hortik irtetea izan da, ordea, artistaren lanaren kezka, eta horretara bideratu du bere esplorazioa. Bidean, kaligkromia deiturikoak sortu ditu Ruiz de Eginok. Kaligrafiaren eta kromatismoaren arteko nahasketatik dator izena. «Kaligrafia erabiliz, eskua solte utziz, bestelako geometria mota bat egin daitekeela erakutsi nahi nuen, organikoagoa, espontaneoagoa, baina geometria, azken batean». Hain zuzen ere, «txanponaren bi aldeak» landu nahi izan ditu artistak, eta erakusketa berean batu ditu «izaera zurrun eta arrazionaleko geometria» eta «geometria askea».

Horiekin batera, arbelak eta flotazioak ikus daitezke San Anton galeriako erakusketan. Aretoko arduradunen hitzetan, artistaren «lengoaia propioaren» adierazpenak dira horiek guztiak. Diskurtsoa garatzeko bidean aurkitutako erremintak, nolabait.

Eskulturak ere ikus daitezke, noski, formatu txikikoak guzti guztiak. Forma geometrikoetan bai, baina tamainan ez dute zerikusi handirik artistak kale eta parkeetan jarri dituen eskulturekin. Han, tamaina handiko pieza horietan aurkitzen du artistak eskulturaren zentzua: «Oteiza hutsaren bila zebilen moduan, eta Txillida masaren bila, ni bakartasun espazialaren bila nabil. Nire eskultura publiko guztiak bertatik ibiltzeko modukoak dira; alegia, jendea barrutik pasa daiteke. Hala, obra altzari bihurtzen da, eskultura bainoago. Era horretan, bere handikeriazko izaera kentzen diot eskulturari, eta izaera sozialagoa, parte hartzaileagoa eman. Ondorioz, jendeak ez dio uko egiten; kontrara, eskultura berenganatu eta gozatzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.