Durangoko 47. Euskal Liburu eta Disko Azoka

Geografia eta denbora errealen literatura

Iturraldek Afrika iparrean kokatu du 'Ilargi horia', eta Urrutia Caupeauk Kuban 'Weylerren itzala'

Jose Enrike Urrutia Capeau eta Joxemari Iturralde atzo, Donostian, liburuak aurkeztu aurretik. GARI GARAIALDE / ARP.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Liburu guztiek dute beti abiapuntu bat. Horietako askok geografia jakin bat izaten dute literatur pindarraren sortzaile. Joxemari Iturraldek duela 40 urte bidaiatu zuen aurrenekoz Melillara. Artean, Pott banda sortzeke zegoen. Kaleratu berri duen liburuko protagonistari gertatu bezala, Afrikako iparraldean kokaturiko eta Espainiako estatuaren mendeko hiriburu horretako kanposantuak liluratu zuen. «Nire bizitzan ikusi dudan kanposantu politena da. Zoragarria. Harlauza zuri-zuriak, itsasoaren gainean. Gogoa ematen du han hiltzeko ere». Kanposantuan paseatzen ari zela deitura euskaldun mordoa ikusi zuen hildakoen artean, baita Iturralderen bat ere. Afrikako gerretan hildakoak ziren. «Gero, etxean irakurritako gauzekin konturatu nintzen asko joan zirela behartuta, gazte eta jakingabe, gerra arrotz batera. Hura guztia pilatuz joan nintzen, eta noizbait atera behar nuela pentsatu nuen».

Ezinegon moduko bat zuen geroztik: «Sentitzen nuen gaurko hori kanporatu behar nuela, lasaituko banintzen». Eta atera du barnean gorderiko istorio hori. Ilargi horia du izenburutzat eleberriak. Pamiela argitaletxearekin plazaratu du. Sei urte igaro dira Hyde Park-eko hizlaria aurreko nobela plazaratu zuenetik —Pamielarekin, hura ere— eta beste sei Euliak ez dira argazkietan azaltzen (Erein, 2000) nobela plazaratu zuenetik. Eugenio Areitioaurrena da liburuko protagonista. Enpresak bidalita, saltzaile lanetan ari da Melillan eta Marokoko iparraldean. Etxetik urrun, eta ustekabean, bizitzak inoiz espero gabeko alde ezkutua erakutsiko dio. «Zulo beltz batean sartuko da, eta gero beste batean...».Ezusteko horiek atzera egingo diote tira. «Tiradizo horiek eragina izango dute oraingo bizitzan. Oraina eta eta iragana uztartzen ditu, eta intriga eta misterio moduko zerbait badago. Historia dago, benetan gertatu ziren gertakizun historikoak kontatzen dira, leku errealak kontatzen dira, traizioa eta amodio ukituak daude pertsonaien artean. Denetik dago, lehen geruza batean».

Bigarren geruza, hausnarketara emanagoa baitago, irakurlearen beraren eskurago dago. «Irakurleak badauka zer hausnartu. Ez da saiakera bat, baina liburua irakurrita atera daitezke hainbat ondorio indarkeriari buruz, euskaldunen nortasunari buruz, deslekutzeaz, erroak edo sustraiak galtzeaz...».

Geografia eta denbora errealak ageri dira Ilargi horia nobelan. Deskribatzen diren lekuak oso ondo ezagutzen ditu egileak: «Sarri ibili naiz nobelan agertzen diren leku horietan. Azkena, duela pare bat urte». Baina istorioa fikziozkoa da erabat, egileak asmatua.

Kubako gerra, antzoki

Tradizio literario eta ezaugarri desberdineko idazleak dira Joxemari Iturralde eta Jose Enrike Urrutia Capeau. Biak dira «oso idazle kultuak», Jose Anjel Irigarai Pamiela argitaletxeko editorearen hitzetan, baina Urrutia Capeauk «beste bide batzuk jorratu ditu, periferikoagoak, marjinalagoak...». 1954an Iurretan jaiotako idazlea Zuberoan bizi da, eta euskalkien nahasketa horretatik ere badatorkio berezitasuna idazteko estiloan, editoreak dioenez.

Weylerren itzala ipuin liburuak ere geografia jakin bat izan zuenpizgarri, nahiz eta Iturralderenaz oso bestelakoa izan. Kubara duela dozena bat urte egindako bidaiak eman zion bide Pamielarekin plazaratu berri duen liburua ontzeko —Pamielarekin argitaratu zituen Ergelen nonbrea eta Assilah-ko eroa narrazio liburuak ere—. Eta Iturraldek bezala, Kubako egonaldian kale, herri eta monumentuetan atzemandako euskal abizenek bultzatu zuten ikerketara lehenik eta idazketara hurrena.

Kubako Independentziaren Gerran kokaturik daude liburuko narrazio guztiak; hura dute denbora eta geografia, nahiz eta hainbat moldetako kontakizunak dauden. «Badira gerrari berari buruzkoak, badira Weyler tiranoari buruzkoak, badira bi bandoen artean dagoen jendeari buruzkoak, baita erreboltarien kontraesanei buruzkoak ere», azaldu du egileak. Urrutia Capeauk ez du nahi izan triskantzen eta torturen deskribapen gordina egiterik —milioi erdi inguru lagun hil ziren Weylerrek asmatu bide zituen kontzentrazio esparruetan—, baizik eta «sakonagora jo, eta orduan gertatua gaitz metafisiko gisa jorratu nahi izan dut».

Kubako kapitain orokor izan zen Valeriano Weyler 1896 eta 1898 artean. Ez da bera narrazio guztietako protagonista, ipuin bakoitza da autonomoa, baina bera da haien arteko lotura. Gerra da liburuko kontakizunei batasuna ematen diena, liburuko antzokia, eta Weyler da kontakizun guztien hari komuna. Horregatik azaltzen da izenburuan haren itzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.