«Gazako erregistro zibilaz arduratzen direnek egoerara egokitu behar izan dute. Jaiotza-agiria eta heriotza-agiria orri berean tramitatzen dira orain». Joe Sacco komikigilea Palestinara itzuli da. 1990eko hamarkadan argitaratu zutenetik hona, mundu mailako komikigintzaren erreferentzia bilakatu da haren Palestina izenburuko komiki mardula. Astiberri argitaletxeak iazko abenduan eman zuen argitara euskaraz, Julen Gabiriaren itzulpenean. Hamasen 2023ko urriaren 7ko erasoen eta oraindik indar betean jarraitzen duten Israelen operazio militarren ostean, ordea, berriz ere lurralde hari buruz idaztera behartuta ikusi du bere burua komikigileak. Atalka eta doan eman zituen argitara lan berri horiek The Comic Journal webgunean, udaberri aurretik, eta Gerra Gazan izeneko 32 orriko liburuxkan bildu ditu denak orain Astiberrik, berriz ere Gabiriak egindako itzulpenekin. Eta jaiotza eta heriotza agiriei buruzko datuen moduko aipamen garratzez beteta daude orriak.
Liburuaren ezaugarri formalenetan ere igar daiteke komikigileak gaiari buruz aritzeko duen urgentzia. Orri zuririk eta bestelako titulurik gabe, azalaren beste aldeko kartoian bertan hasten du kontakizuna Saccok, eta kontrazalaren aurreko orrialdeko kartoian amaitu. Hutsunerik gabe. Arnasarik gabe. Eta horrek adierazten duen larritasunez.
Hamasen urriaren 7ko erasoek paralizatu egin zutela onartzen du egileak komikiko lehen orrian bertan, baina Israelen erantzun «desproportzionatua» ikusirik erreakzionatzeko beharra ere sentitu zuela aipatzen du berehala. «Palestinako gaiaz asko idatzi eta marraztu izan dudanez, zerbait esan beharko nuen. Gazako adiskide batek honela idatzi zidan: ‘Msdz altxa ahotsa krimen hauen aurka’. Erregu hura kolpeka izan nuen buruan zenbait astez, astiro —agian astiroegi— itxaroten nuen bitartean nire pentsamenduek forma har zezaten».
Aurrez Palestina komikian egin bezala, busti egiten da Sacco orain ere Gerra Gazan liburuan. Sarkasmoaren mugara heltzen da haren luma azidoa gertatzen ari denaren terminologiari buruzko oharretan, adibidez. «Genozidioa, ala autodefentsa?», galdetzen dio egileak bere buruari lehen orrietan. «Utz ditzagun denak pozik, biak direla esanez. Hala bada, terminologia berria beharko dugu. Nire proposamena: autodefentsa genozida. Horrek alde biei eman beharko lieke zer pentsatua». Baina argia da haren kokapena gero.
'Zibil' kategoria
Behin baino gehiagotan darabil gero genozidio hitza liburuan. Areago. Komikiko orrietako batean, adibidez, argi eta garbi ikus daiteke genozidio hitzaren lehen g hizkia, letra larriz eta eskarlata kolorez idatzita, non eta Joe Biden AEBetako presidente ohiaren kopetaren erdian.
Komikigileak amesgaizto gisa irudikatzen du gero bere zergek Gazako haurrak hiltzen amaitzen duen misil bat bukatzen laguntzen dutela. Eta, horrez gainera, etengabeak eta argiak dira AEBetako azaroko hauteskundeei buruzko erreferentziak. «Hurrengo hauteskundeetan, estatubatuarrek biren artean aukeratu beharko dute: edo genozidioa ahalbidetu zuen presidentea edo ‘gure demokraziari amaiera’ emango dion presidente ohia. Agian, usteltzen ari den errepublika batek horixe merezi du; Bi Gaitzetatik Txikienaren argumentua».
Garratza da tonu orokorra, eta bereziki garratza nazioarteko politikari buruz egindako aipamenetan. AEBek bere babes osoa adierazita, Israeli «gerra-krimenak egiteko aurrebaimena» eman ziola gogoratzen du egileak une batean, baina hauteskundeetarako inkestetan Joe Biden oraindik presidenteak estrategia aldatzea erabaki zuela aipatzen du gero. Laguntza kamioi gutxi batzuei Gazara sartzen utzi ziela gogora ekarri, eta hor dator Saccoren testua: «Estatu Batuek genozidio atsegin eta gozoagoa asmatu zuten». Hutsune bat. «Patentea zain dago oraindik».
Hildakoak, txikizioak eta sua irudietan, eta beste ohar garratz bat. «Argi dago: zibilen kategoria —urriaren 7an ere hausturaren mugan zegoena— erabat baliogabea eta hutsa da orain. Onenean ere, armatu gabeko palestinarrak edo errifle bat hartzeko gazteegiak zirenak giza ezkutuak ziren; funtsean, harea-zaku arnasdunak, zeintzuen atzean terroristak babesten ziren... edo zeintzuen atzean noizbait babestuko ziren. Borrokan ari ez zirenak hezur eta haragizko gotorleku gisa birdefinituta, Munduko Armadarik Moralenak birrindu egin zitzakeen, Instagramen agertzeko moduko dotoreziaz».
Trilogia, euskaraz
Saccok urgentziaz egindako lanak urgentziaz egindako itzulpena izan duela onartu du Gabiriak. Azaroan jaso zuen enkargua, eta kalean zen lana Durangoko Azokarako. Liburuxkaren gordintasuna nabarmendu du itzultzaileak. «Itzuli eta pare bat astera hartu nuen liburua, apur bat hotzean irakurtzeko, eta iruditu zitzaidan 32 orrialde horietako bakoitza sekulako zaplaztekoa zela. Zipli-zapla dabil 32 orrialde horietan».
«32 orrialdeetako bakoitza sekulako zaplaztekoa da. Zipli-zapla dabil»JULEN GABIRIAItzultzailea
Trilogia baten hirugarren atala izan daiteke Gerra Gazan liburuxka, Gabiriak gogorarazi duenez. 1990eko hamarkadan argitaratutako Palestina lanaren ondoren, Saccok gaiari buruzko beste liburu bat ere eman zuen argitara 2009an: Foot-notes in Gaza. Hain justu, lan hori euskaratzen dabil orain Gabiria, eta, iragarri duenez, hurrengo urteko Durangoko Azokarako eman asmo du argitara Astiberrik.