Gene Hackman 95 urteko aktore estatubatuarra eta Betsy Arakawa piano jotzaile eta haren emaztea hilda aurkitu dituzte gaur goizaldean etxean, Santa Fen (Mexiko Berria, AEB). Hango poliziaburu Adam Mendozak eman du senar-emazteen eta haien zakurraren heriotzaren berri; alabaina ez du azaldu zergatik hil diren. Mendozaren arabera, baina, ez dago hilketa mingarria izan denik esateko zantzurik, baina azalpen zehatzagorik ez du eman.
Gene Hackman —sortzez Eugene Allen Hackman— 1930eko urtarrilaren 30ean sortu zen, Kaliforniako San Bernardinon (AEB). Hollywoodeko izar handietako bat izan da, bereziki XX. mendeko azken hiru hamarraldietan, eta bi Oscar sari ere eskuratuak zituen, The French Connection (1971) eta Unforgiven (1992) filmetan egindako lanagatik, hurrenez hurren. Lehenean, Jimmy Popeyeren rola jokatu zuen, eta aktore onenaren saria jaso. Bigarren aldian, berriz, taldeko aktorerik onenarena eman zioten, Clint Eastwooden zuzendaritzapean egindako lanagatik.
Beste hiru aldiz ere izendatu zuten Oscar sarietarako: 1967an, Bonnie and Clyde filmean Buck Barrow pertsonaiarena egiteagatik; 1970ean, I Never Sang for My Father pelikulan jokatutako rolagatik; eta 1988an, Mississippi Burning filmean poliziarena egiteagatik. Bestelako saririk ere eskuratu zuen Hackmanek, tartean bi Bafta, bi Urrezko Globo eta Aktoreen Sindikatuko Saria.
Bere belaunaldiko aktorerik ezagunenetako bat izan da Hackman, baita malguenetako bat ere: askotariko rolak jokatu zituen zineman, guztira ehun baino gehiago.
Gogoangarria izan da, besteak beste, 1970eko eta 1980ko Superman filmetan Lex Luthor pertsonaiaren rolean egindako antzezpena, baita Runaway Jury, The Conversaion eta The Royal Tenenbaums filmetan egindako lana ere. Haren azken film luzea Welcome to Mooseport izan zen. Monroe Cole pertsonaiarena egin zuen film horretan.
Aktore izateko bokazioa haurretan sentitu zuela aipatzen zuen Gene Hackmanek, eta James Cagney, Errol Flynn eta gisako aktore klasikoak izan omen ziren haren inspirazio iturria. Marlon Brando ere bereziki gogoan izaten zuen, A Streetcar Named Desire (1951) filmean egindako lanagatik.
Arte dramatikoa ikasteari ekin zionerako, 30 urte beteak zituen Hackmanek. 60ko hamarraldiko hastapenean izan zen hori, Los Angelesko Pasadena Playhouse eskolan. Ikasle zela, Dustin Hoffman aktorearen lagun egin zen.
2004. urtean Santa Fen finkatu, eta kameretatik urrundu zen. Harrezkeroztik, eleberriak idazten eta margotzen aritu da. «Aktore izateko eta rolak ondo jokatzeko entrenatu ninduten: ez ospea, agenteak, abokatuak eta prentsa kudeatzeko», esan zuen behinola.
Aktore izan aurretik soldadu izan zen AEBetako armadan.