Gema Lopez Las Herasek irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkarrek Arrasateko Udalaren laguntzarekin antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa; halaxe erabaki du Nora Arbelbidek, Aiora Jakak eta Joseba Urteagak osaturiko epaimahaiak. Beraz, iazko urtearen amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautaturiko Annie Ernaux idazle frantziarraren La femme gelée eleberria euskaratuko du Lopez Las Herasek, eta urte amaieran emango du argitara Elkar argitaletxeak.
2002an abiarazi zuten Elkarrek eta AEDk Nobel sariduna euskaratzeko Jokin Zaitegi beka, eta gaur arte, hauexek izan dira sari horri esker itzulitako liburuak:: Imre Kertesz (Zoririk ez), J.M. Coetzee (Lotsaizuna), Harold Pinter (Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk), Orhan Pamuk (Elurra), Doris Lessing (Belarra kantari), J.M.G. Le Clezio (Basamortua), Herta Muller (Hatsaren kulunka), Mario Vargas Llosa (Pantaleon eta bisitariak), Tomas Transtromer (Bizientzat eta hilentzat), Mo Yan (Hori da umorea, maisu!), Svetlana Aleksievitx (Gerrak ez du emakume aurpegirik), Bob Dylan (Ehun kantu), Kazuo Ishiguro (Egunaren hondarrak), Olga Tokarczuk (Erabili goldea hilen hezurren gainetik), Peter Handke (Atezainaren larria penalti-jaurtiketan), Louise Gluck (Basairisa) eta Abdulrazak Gurnah (Paradisua).