Literaturako Nobel saridun gazteena izan zen Han Kang, iaz, eta 121 irabazleetatik hemezortzigarren emakumea. The Vegetarian liburua izan da Hanen lanik arrakastatsuena, eta dozenaka hizkuntzatara itzuli dute 2007an Hego Korean argitaratu zuenetik. Orain, hizkuntza horien zerrendan euskara gehituko da, urtero moduan, Zaitegi sariari esker. Gema Lopez Las Heras izan da aurtengo Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketaren irabazlea, eta Nobel saridunaren The Vegetarian eleberria itzuliko du. Elkar argitaletxeak kaleratuko du itzulpena, urte amaieran. Epaimahaia Xabier Etxeberriak, Joannes Jauregik eta Leire Vargasek osatu dute aurten.
Ez da lehenengo aldia Lopez Las Herasek Zaitegi saria bereganatzen duela, 2022an Annie Ernaux Nobel saridunaren Emakume izoztua liburua itzultzeko aukera izan zuen eta. Lehenagotik Edna O'Brienen Landa aldeko neskak eleberria euskaratu zuen.
AED Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, eta Literaturako Nobel saridunen lanak euskaratzen dituzte harekin. Azken urteetan, besteak beste, hauek irabazi dute lehiaketa: Joannes Jauregik (Trilogia, Jon Fosse), Lopez Las Herasek berak (Emakume izoztua, Annie Ernaux), Maialen Berasategik eta Joxe Mari Berasategik (Paradisua, Abdulrazak Gurnah), eta Garazi Ugaldek (Basairisa, Louise Gluck).