Gema Intxaustiren lanen «ahozkotasuna» ikusgai

Artistak azken hogei urteetan egindako piezak ditu ardatz 'Jendetzaren erdian, atxiloketari begira' erakusketak. Irailaren 20ra arte da zabalik

Gema Intxausti atzo, Gasteizen, erakusketari izena ematen dion obraren aurrean. J. RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Gasteizko Artium museoan bigarren erakusketa bat ere aurkeztu zuten, atzo. Gema Intxaustiren (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1966) obren inguruan eraikitakoa da, eta artistak museo batean egiten duen formatu handiko aurreneko erakusketa da. Intxaustik hiru alditan jaso du ibilbide artistikoari aitortza egiten dion Gure Artea saria. 2018an jaso zuen azkenekoz, eta ordutik urte eta erdi igaro direnean zabaldu dute erakusketa. Argazkia, marrazkia, testua eta eskultura ardatz dituzten lanak dira bertan bildutako gehienak, eta azken hogei urteetan egindakoak dira. Jendetzaren erdian, atxiloketari begira du izena proposamenak, eta irailaren 20ra bitarte egongo da ikusgai.

Artistaren beraren, Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariaren eta Xabier Arakistain komisarioaren artean aukeratu dituzte erakusketarako obrak, eta lau aretotan daude banatuta. 1990eko hamarkadaz geroztik ondutakoak dira pieza gehienak, eta«ahozkotasuna» dute oinarri. «Oso argi genuen hasieratik erakusketa zein ardatzen inguruan egin nahi genuen», adierazi du artistak. Hori baita azken urteetan gehien landu duena. «Ahozkotasunak eraman nau eskulturatik gaur egungo testu, argazki eta marrazkietara».

1990eko hamarkadan eskultura ulertzeko Euskal Herrian eratu zen mugimenduarekin lotzen dira Intxaustiren ibilbideko aurreneko artelanak. Arte Ederrak ikasi zituen EHUn, baina Erresuma Batura joan zen gero Londresko University College for the Creative Arts ikastegian bideo eta zine ikasketak egitera. Eta garai hartan piztu zitzaion, hain zuzen, testuen, marrazkien eta argazkien erabileraren inguruko interesa.

Zinemaren eragina

Intxaustik Londresen abiatutako bide artistiko berria du oinarri erakusketak, eta horren erakusgarri dira, esaterako, aretora sartu eta berehala dauden piezak: Bilboko eta Londresko fotomatoiak erabiliz egindako argazki lanak dira. Irudi kopuru mugatu batekin eraikitako narrazioak dira gehienak, eta zinemari edo artearen historiari egindako keinu ugari aurki daitezke horietan. Hala ere, artistak hastapenetan etxeko materialekin egiten zituen eskultura batzuk ere ikus daitezke erakusketan.

Zinemaren eragin handia ere ageri dute Intxaustiren obrek. Izan ere, haren belaunaldiak harreman estua ezartzen zuen zinemaren eta arte garaikidearen artean; zinemari lotutako ikasketak ere egin zituen Intxaustik, Londresen bizi zenean. Eragin hori agerikoa da, halaber, erakusketaren izenburuan ere. Izan ere, Jendetzaren erdian, atxiloketari begira erakusketan ikusgai dauden marrazki sail batetik dator. Marrazki horiek Alfred Hitchcock zinemagileak bere filmetan egindako agerpenen testu zatiak dituzte oinarri, guztiak zerrendatu ondoren, marrazki bilakatuta. Gaztelaniazko eta ingelesezko testuak dira denak, gorriz eta beltzez idatziak.

Xehetasun horiek guztiak eta lan egiteko bere moduak azalduko ditu artistak berak, hilaren 20an, Artiumen eskainiko duen hitzaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.