Zoriontsu izan ginen buhame, furgonetarekin hara-hona ibili ginen garaian. Gure umeek munduaz eta bizitzaz kilometroak egin ahalako ezagutza hartu zuten, orain Connemaran, orain Groningan, orain Alentejon. Behin, ordea, laurak kozkortu, gaztetu eta gizon-emakumetu izanak bakardade gozora ekarri gintuen, eta urrutiko asmoak utzita gertuan hartu genuen abaro. Lekutakoa lausotu zitzaigun eta berta-bertakoa dir-dir egiten hasi zen halako batean, lasaiaren adierazgarri. Etsiak hartuak baikinen. Auskalotegiko errepide txiki galdu haiek jada Instagrameko bazka ziren; hiriak parke tematiko bihurtuak ezinbestean; mendialdeko bazter eta bidezidor ederrak zientoka txirrindulari eta mendizale-ustek lardaskatuak...
Isilak bete zigun belarria, eta gertuko ederrak begia. Etxauri inguruko mendi-mazelak Piamonteraino luzatzen hasi ziren poliki-poliki. Erdibidean, Santo Stefano Belbo agertu zen altzifreen artean. Gibelean, gandu fin bati helduta, Turin ikusi uste genuen. Handik egun gutxira, azaroko goiz garbi batez, orduen dantza geldoak Cacilhas erakutsi zigun Otazuko badiaren bazter batean, eta haraino arraun egitea erabaki genuen. Montaignek Erieteko bere jauregiko balkoitik agur egiten zigun. Jauregiaren oinetan urriro ahoa eta irudimena gozatzen digun pikondo handi bat dago, baina hau ez jarri Instagramen, faborez.
Joan den udazken bukaeran, ordea, gure mundu txiki oparotua utzi eta mundu handi gutxitura irten behar izan genuen, Lisboa helburu: gure seme-alabetako batek graduazioa zuen Estádio da Luz izenekoan. Ziutate Zuria jada ezagun genuen. Aspaldi handian haraino eraman gintuen furgonetak, Portugal iparretik hegora zeharkatu genueneko hartan. Oraindik gure umeak gogoratzen ditut Atlantikoko ur izoztuetan sartu-irtenak egiten, hotzaren eta barreen ikara gozoan; edo San Jorgeko gazteluko bazterretan iji-aja harrapaketan, eguerdiko ogitartekoari hozkaka. Egun haietako zoriona urte askoan eraman genuen akorduan. Oraingo honetan, berriz, denboraren iragan gupidarik gabeak gogoa di-da lohituko zigun.
Praça do Comérciora agertu eta bat, Infante dom Henrique-n porturatutako bi kruzero erraldoik atentzioa ostu ziguten barrenak arintzen zituzten une bertsuan. Ezin konta ahala turista hiria gatibu hartzera zetorren, mugikorra kargatuta eta Visa txartela patrikan bero-bero. Bitartean, Cais das Colunas-en kaleko musikariek beren errepertorio ezin melengagoari —ingeles hutsean, noski— azken ukituak ematen zizkioten. Metro gutxira fado batekin saiatzen zen emakume gajo batek aldartea txarragotu baino ez zigun egin.
Jende samalda horrek Baixa, Chiado eta Alfamako kale-bazterrak traga egin zituen antsia batean, eta halatsu, antsia berean, hurrena terrazetan zerbitzatu zizkioten jan-edanak oro. Terrazetan gora, eraikuntza zaharreriak arrakalatuak garai bateko Lisboaren itzalaren itzala ere ez ziren, hiria gaixo baitzetzan dekoratu tristea bilakatua, eta mahaitik mahaira Amália Rodriguesena egin nahi eta ezinean zebilen emakume baten fado-usteak ere ez zuen biziberritzen. Lisboa, eta orobat Europako hiriburu gehienak, «sekulan bukatzen ez den after erraldoi zikin jendetsua da», Ultzaman —Apalatxeak— gordeta bizi den nire lagun Blitok dioen moduan.
Quando se sente demais, o Tejo é Atlântico e Cacilhas outro continente.
«Demasa sentitzen denean, Tajo ibaia Atlantikoa da eta Cacilhas beste kontinente bat». Fernando Pessoaren Livro do desassossego-tik hartutako hitzak dira. Hegoafrikan hezia, anglofiloa eta kultura handi zabalekoa, Pessoak munduko edozein tokitan har zezakeen aterpe, baina Lisboara itzuli eta bertan inoiz ez irteteraino errotu zen. Quando se sente demais... Sentsibilitateazmintzo zaigu. Edo akaso irudimenaz, gauza bera baita.
Ekar dezagun beste ahots bat. Cesare Pavese, Turinetik:
Ogni nuovo mattino, uscirò per le strade cercando i colori.
«Goizero kalera irtengo naiz koloreen bila». Lavorare stanca poema-liburutik hartu dut ezpala. Turin hiriak taupaka nola, hala egiten zuen idazle honen bihotzak. Dickens, Melville, Faulkner eta beste askoren itzultzaile, munduko edozein bazterretan bila zezakeen magala, baina ezin. Bere arimak, haurtzaroa amets, sekulan ez zuen sosegurik hartu Piamonteko Santo Stefano Belbo herrixkatik kanpo.
Beste idazle batek kuku egiten digu: Michel de Montaigne. Tibulo poeta latinoaren aholku bat dakarkigu, bere Essais-etatik erauzia.
In solis sis tibi turba locis.
«Izan zaitez jendetza inor ez dagoen tokian». Harentzat toki hura bere gazteluko dorrea zen, Saint-Michel-de-Montaigne herrian. Bertan aterpetu zen bere barne ahots guztiak entzutera, liburuen konpainia noblean. Kanon unibertsaleko idazle ororekin gertatu ohi den bezala, bere gogoeta horrek bostehun urteko bidaia egin eta guganaino iritsi da, itxuraldatua eta jostakor: Effugere a solitude in turba. Alegia, «bakardadeari iskin egiozu jendetzaren erdian».
Jar dezagun edozein telebista-kate oporren atarian. Irudiak ezin adierazgarriagoak dira. Batean plaza bat ikusten dugu jendez mukuru. Pinutzar bati begira-begira daude denak. Gautu du eta plazako argiak momenturako propio itzali dituzte. Momentu hori heldu da: pinutzarra apaintzen duten milaka bonbilla piztu dira inpentsan, eta haiekin batera milaka mugikorren flashak. Beste batean aireportuko terminal bat ageri da. Bidaiari samalda bat hegaldiak iragartzen dituen panelari so dago. Gehienek lekutan dute gogoa. Egunak pasa ahala berriro ohartuko dira urruna eta zoriona ez direla beti ezkontzen. Pirinioetako bailara bat ere ikusten da beste batean. Mendizaleek txindurritzen dituzte bidezidor lokatzak hartuak. Maparik santa-sekulan erabili gabeak dira gehienak, nahikoa baitute aurrekoari orpotik segitzea, eta horrek aurrekoari, eta horrek aurrekoari... Hotelak lepo daudela ere esango digute, eszena horiek guztiak gure mundu txiki oparotik harrituta ikusi ditugunoi kargu hartuz-edo: «Zeren zain hago? Kontratatu hire bidaia! Mugitu, arraioa! Izan hadi gazte, bizi, alai! Nolatan etxean? Gaixo hago? Zer ostia da hori? Liburu bat!?».
Egunerokoan emozioak eta espektakuluak bizi gaitu, eta halaxe ibiltzen gara, evento-ari evento. Jendetza eta hara-hona etengabea gure gogo aseezinaren lemazain dira, eta barrutik barik, kanpotik datorkigu zoriona eragiten digun estimulua. Geldiari mespretxu diogu, eta bakardadeari beldur. Zer gertatu da honaino iristeko? Publizitateak —tendentziak deritzaten horiek— bere eragina izan du, noski; baina akaso Humanitateak ikasketa planetatik desagertu izanak egin du lan gehien. Sentsibilitatea —irudimena— da galera nagusia, hain zuzen Pessoak, Pavesek eta Montaignek, nork bere hitzekin, gogorarazi digutena. Litekeena ere bada sistemak berak asmo ezkutu gaiztoz gu artaldetu eta barrengabetu izana, mendi-buelta bat, poema bat, melodia bat dohaineko plazer arriskutsuak baitira. Denok horiei helduko bagenie, sistemak porrot egingo luke luze gabe. Harako hark zioen bezala: «Ekonomia da, ergela!».
Seme batek deitu berri digu. Egeoko kostaldean bizi da, Donostian. Gurera bolada luzea pasatzera dator, ezindua baitago. Seneka dakar makulu. Chiadotik Otazuko itsaso gorri-horia dakusagu. Haratago, Santo Stefano Belbo ageri da ganduaren ferekan. Txalupa hartu eta Cacilhas-era joatekotan ginen, baina euri bezpera dugu. Montaigneri deituko diot. Seneka datorrela jakinda, dorretik irtetera animatuko da, lagun minak baitira. Tokia egingo diegu denei supazterrean.
Etxean irakurtzen geratuko gara.