«Nola ezagutzen dugu ezagutzen duguna, eta nola esan dezakegu existitzen dena existitzen dela?», galdetu du Beñat Sarasola idazle eta itzultzaileak (Donostia, 1984). Hitz joko bat dirudi, baina ez da; Ludwig Wittgenstein filosofoaren ideietako bat da. Horixe baita Noemi Schneiderrek idatzitako eta Golden Cosmos artistak ilustratutako Ludwig eta errinozeroa album ilustratuaren bizkarrezurra. Hain zuzen, Bertrand Russell filosofia irakaslearekin izandako elkarrizketa bat du oinarri kontakizunak, eta orain, euskaraz ere irakurri daiteke, Sarasolak itzuli baitu, eta 1545 argitaletxeak kaleratu.
Sarasolak unibertsitateko bulego batean kokatu du elkarrizketa, eta Wittgenstein ikasle «burugogor, setati eta izaera handikoa» zela esan du: «Sarritan jarraitzen zion Wittgensteinek Russelli bere bulegora, eta behin ikasleak, ausardia osoz, zera esan zion: ezin dela enpirikoki eta absolutuki ezer demostratu». Russellek, berriz, honela erantzun: «Aitortuko didazu, behintzat, gelan ez dagoela errinozerorik»; baina ikasleak «setati» jarraitu zuen, eta «ezetz» erantzun zion. «Anekdota horretatik abiatzen da album hau».
Liburua, funtsean, elkarrizketa bat dela azaldu du Sarasolak, «existitzen denaren eta ezagutzen dugunaren inguruan». Aita eta haurra dira istorioaren protagonistak: «Haurrak, izenak adierazten duen moduan, Ludwig [Wittgenstein] ikaslea ordezkatzen du; aitak, berriz, Russell irakaslea». Halaber, itzultzaileak umearen ahotsa nabarmendu du, hori izaten baita askotan «filosofikoena». Kontakizunaren amaieran testu gehigarriak txertatu dizkiotela gehitu du Sarasolak, modu didaktikoan, liburua irakurriko duen haurra filosofiara gerturatzeko. «Liburua osatu eta errazten du informazioak, baina hori bezain garrantzitsua da zubi lanak egingo dituen bitartekariaren rola».
Helduak bitartekari
Liburuaren aurkezpenean izan da Eva Domingo haur-filosofian aditua ere, eta Sarasolak aipatutako bitartekaritza horren garrantzia nabarmendu du hark ere. «Haurrak liburua irakur dezan eskatzea agian gehiegi eskatzea da, baina etapa horretan bitartekari lan bat egingo duen heldu bat behar dugu». Haren ustez, «abiapuntua» da liburua horregatik.
Liburua irakurtzeko proposamen batzuk ere egin ditu Domingok; horien artean da haurrarekin ahots goran irakurtzea. «Literatura gozatzeko da, eta, beste urrats bat egin nahi badugu, ausartu gaitezen filosofatzera». Horretarako liburu hau «ezin hobea» dela iritzi dio. Dena den, badaki ez dela kontu erraza haurrekin pentsamendua lantzen hastea, eta, gako «erraz» batzuk eman ditu horretarako: «Haurrari bere kabuz pentsatzen utzi beharko genioke. Sarritan, helduok haurraren galdera guztiak erantzuteko tentazioa edo beharra izaten dugu. Bada, zergatik ez diogu beste galdera batekin erantzuten?».
«Haurrari bere kabuz pentsatzen utzi beharko genioke. Sarritan, helduok haurraren galdera guztiak erantzuteko tentazioa edo beharra izaten dugu. Bada, zergatik ez diogu beste galdera batekin erantzuten?»
EVA DOMINGOHaur filosofian aditua
Era berean, «kontrola askatzeko» gomendatu du, hori baita filosofiak eskatzen duena: epairik gabe haurrak esaten duen horri jarraitzea, eta zer bidetatik eramaten duen behatzea. Bestalde, liburua «pizgarritzat» definitu du Domingok, «pentsamenduaren erreminta kaxa estimulatzeko» baliatu daitekeelako. «Gure hausnartzeko tresnak gero eta gehiago erabiliz gero, orduan eta garatuago izango dugu pentsamendua, eta hori estimulatzeko, arretaz entzutea eta behatzea behar-beharrezkoa da».
AEBak sorleku
1545 argitaletxeko Xabier Salaberriak eskerrak eman dizkio Sarasolari, haren proposamenik ezean ez baitzuten horrelako «altxorrik» jasoko. Itzultzailearen arabera, AEBetan egindako idazle erresidentzian hasi zen «dena». Munduko beste hamar idazlerekin egon zen han Sarasola, tartean liburuaren egile Schneider. Haren lana alemanetik ingelesera itzulia zegoen ordurako, eta, han ezagutu bezain laster, haren lana euskaratu behar zuela pentsatu zuen Sarasolak. «Gainera, abagune bikaina izan da euskaratzea, gazteleraz oraindik ez delako argitaratu, eta horrek, egungo testuinguruan, gure alde jokatzen du». Bestalde, Idoia Santamaria itzultzailearen laguntza azpimarratu du Sarasolak, hark egin baitizkio azken doikuntzak, liburuaren jatorrizko bertsiotik.
Haur eta gazte literaturan sailkatutako lana izan arren, liburua irakurri dezakeen irakurlearen adina «zabala eta askotarikoa» da. Salaberriaren hitzetan, ulerkera maila ezberdinak ditu liburuak. «Lau, sei edota zortzi urtetik aurrera irakurri daitekeen liburu bat da, baina helduren batek lagunduz gero, are aberasgarriagoa izan daiteke istorioa; beraz, sakontasuna aldatuz joango da». Dena den, ilustrazioei behatuz ere haurrak «izugarri gozatu» dezakeela esan du.